Gizon proba idiek arrastaka eramaten duten harria gizonek tiratzean datza. Pisu desberdinak izan ohi dira; 500kg-tik hasita (pisu arina) 4 tona pasatxoko harrietaraino. Banaka zein taldeka jokatu daitezke. Zumarragan egingo den proban, 1.700kg-ko harria eramango dute plazaren alde batetik bestera 12 pertsonaz osatutako talde bakoitzak. 20 minutu izango ditu bakoitzak ahalik eta plaza gehien egiteko.
"Orain dela 30 urte izan zen halako proba bat. Garai hartako Golden soka-tira taldea, Zumarragako talde baten aurka aritu zen" dio Toribio Kerejetak.
Bi talde arituko dira, bata Urretxukoa eta bestea Zumarragakoa. Zumarragakoak 14 taldekide izango ditu, Urretxukoak, aldiz, 18. Harriari tiraka arituko direnak ezingo dute denen artean 1.000 kilo baino gehiago izan. Halere azken momenturaino ez da erabakiko nork parte hartuko duen talde bakoitzean "Pisuekin kontuz ibili behar baikara" dio Mikel Elgarresta Urretxuko taldeko partaideak.
"Proba gogorra da, indarrak ondo neurtu behar dira. Hasieran ondo bazabiltza ere, denbora pasa ahala ahuldu egiten zara. Gogoratzen naiz orain dela 30 urte egin genuenean, lehertuta amaitu genuela" dio Toribio Kerejetak Zumarragako taldeko botileroak" "Bukaerarako indarrak gortzea komeni da".
Taldeen artean "pike" sano bat dagoela esan liteke, baina 1.300 euro jarri ditu talde bakoitzak. Garaileak beste taldearen 1.300 euroak eskuratuko ditu.
Zumarragako taldea: Xabier Zaldua, Iñigo Zaldua, Pello Alberdi, Aimar Alberdi, Mikel Arostegi, Iñaki Soraluze, Josu Zabaleta, Pedro Lizarazu, Juan Mª Legorburu, Javier Aramendi, Egoitz Armaolea, Javier Gago, Mikel Zabaleta eta Toribio Kerejeta (botileroa)
Urretxuko taldea: Eugenio Gisasola, Josu Plazaola, Egoitz Iturbe, Julen Zabalo, Jesús Lizarazu, Aitor Lizarazu, Asier Izagirre, Xabier Izagirre, Kepa Mendikute, Aitor Prieto, Mikel Elgarresta, Xabier Elgarresta, Julián 'Beibakar', Joanes Urrate, Iker Telleria, Rober Sinobas, Xuban Jaka eta Joxe Miel Elgarresta (botileroa)