Saridunak honako hauek izan dira:
a.- Gazteak:
- Jone Uria (Algortako bertso eskola)
- Amaia Iturriotz (Zumarraga-Urretxuko bertso eskola)
- Mattin Luku (Donibane Garaziko bertso eskola)
b.- Helduak:
- Alaia Martin (Oiartzun)
- Amaia Agirre (Villabona)
- Aitor Albistur (Orereta)
Hona hemen Amaiak aurkeztu zuen bertso sorta.
Gaia (librea): BURKAPETIK
DOINUA: Txikitatikan edukia dut
Zorionak, Amaia!1)"Kalif handia bere zetazko
tapizetan eseria."
Amets gozoa dirudi baina
gehiena ez da egia
aberatsenen azpian erruz
baitago jende eria
dirua ta miseria
erdia eta erdia.
Baina arrainak uraren pare
maite dut nik Arabia;
Erlijioak jaten ematen
dion mezkita handia.
2)Hemen entzuten dugu senarren
aginte tonu traketsa
ez da berria emakumeen
hitz eta iritzi eza
inoren bihotz tristea ere
ez da izaten sorpresa
dena hain da aldrebesa
baina hobe dut ez kexa
gizarte latz hau egin zenetik
nire burka bezain beltza
emakumeon bizimodua
ez da batere erreza.
3)Gisa berean dabiltz Israel,
Irak, Afganistan, Iran…
Denok dakigu emakumea
zeinen lotuta bizi dan.
Malkoak erruz isurtzen dira
bat bestearen segidan
nola nagusitzen diran
burkak kalearen jiran!
Niri jainkoak begi ederrak
zergatik eman zizkidan
ezin badira dizdizka ari
haizearekin dilindan?
4)14 urte nituen baina
ezkondu nintzen sikira
eraztunari burka ilunak
ekarri zion segida
senarrarentzat bizi naiz orain
nire xedea hori da
senarrak duen diztira
bihotzean jira-bira
estali eta kalera noa
zulo estutik begira
nire sudurra, nire begiak
denak bereak baitira.
5)Barroterik ez daukan kaiolan
luze dijoa urtea
malko urtuek nire mazelan
lortu baitute ospea.
Emakumeen bizitza hitsa
nolatan da hain merkea?
Bata ubelduz betea,
harrika hilda bestea…
Martxa honetan aurrera joaten
baldin bada gizartea
aurki delitu bihurtuko da
emakume izatea.
6)Nire senarra hain da altua,
galaia ta dotorea
berea naiz ni; beraz, ederki
edukitzen nau gordea
bereak nire ezpain gorriak,
nire begien berdea,
beretzat nire fedea,
kemena nahiz adorea
nahiago nuke nik ere bera
izango balitz nirea
nitaz aparte beste pare bat
emazte dauka, ordea.
7)13 urte bere menpean
ardi galduen gisara
hezi ditzadan lau seme dauzkat
ta beste hiru alaba
andreok gizon bera lortzeko
guda latza bezala da
malkoak eta ikara
ezin bazterrean laga
poligamiak dakartzan zelo
itsuetan ito gara.
Neska bakarra aukeratzea
asko kostatzen al da ba?
8)Senarrak usu oihukatzen dit
nagoela nahiko lodi,
gure etxea bilakatzen du
tratu txarrenen hilobi
eta umeek gorroto biziz
so diote aitatxori
more ilun edo hori
ubelduetan erori
haurrek ikusi naute isurtzen
malko ahul bat edo bi
burka beltzenak ere estali
ezingo lukeen hori.
9)Seme-alabei eskaini diet
bihotza eta magala
halere aurki jasango dute
sexismoaren itzala
jada badakit errezatzea
alferreko lana dala
dena bada hau bezala
zein etorkizun hutsala!
Musulman orok dioen bezain
ahaltsua bada Ala
ubeldu eta malko putzuak
betiko garbi ditzala.
10)Emakumeen alde borrokan
hastekotan izan nintzan
askatasuna emango zuten
eskubideen peskisan
halere, hori ez da erraza
erlijioen gerizan
gudari erien gisan
gogorik ez dut bizitzan
labanarekin marra egin dut
zainak aise eten ditzan
bizitzan inor ez izan baino
nahiago ezer ez izan.