Ez. Nire gurasoak galiziarrak dira. Nire aita Zumarragara lanera etorri zen eta gero Galiziara itzuli zen ezkontzera. Anaia eta biok Zumarragan jaio ginen. Anaia Pedro ni baino sei urte gazteagoa zen eta duela lau urte hil zen. Azkenaldian nire inguruko asko hil dira eta honakoa ez da nire bizitzako unerik gozoena. Anaia hil eta gutxira aita hil zen eta ondoren izeba bat.
Ba al dakizu aitak zergatik aukeratu zuen Zumarraga?
Elgoibar inguruan bizi diren galiziarrak zonalde batekoak direla eta Zumarraga ingurukoak beste batekoak direla konturatu naiz. Zumarraga aldekoak Ribeiro ingurukoak dira. Handik atera zen batek Zumarraga ondo zegoela esango zuen eta ondorengoak bertara joango ziren…
Nola gogoratzen dituzu gurasoak?
Aitak Orbegozon lan egin zuen eta akordeoia jotzen zuen. Berak irakatsi zidan lehen abestia, batzuetan elkarrekin jotzen genuen… Ama, berriz, etxekoandrea da. Biak herri berekoak ziren. Aitak 40 urte zituen ezkondu zenean eta amak 18. Ama gaztea da oraindik: 68 urte ditu. Oso gaztetan eduki ninduen. 49 urte ditut. Gurasoek oso gogor lan egin behar izan zuten seme-alabak aurrera ateratzeko. Anaia oso txiki jaio zen, aitak lan istripua izan zuen eta bederatzi hilabete eman zituen ospitalean… Orbegozoko greba ere gogoratzen dut, nahiz eta haurra nintzen.
Zure ama Zumarragan bizi al da oraindik?
Ez. Aita 58 urterekin jubilatu zen eta Galiziara itzuli ziren. Aita hil egin zen eta amak bertan jarraitzen du. Nik beraien Zumarragako etxean eman nituen ezkondu ondorengo lehen urteak.
Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?
Legazpi auzunean bizi ginen eta bizilagunen arteko harremana oso ona zen. Etxerik etxe ibiltzen ginen. Orain askoz ere indibidualistagoak gara. Dagoeneko ez dugu harreman sakonik bizilagunekin. Balore asko galdu dira.
Non egin zenituen ikasketak?
Zumarragan hasi nintzen, baina oraindik haurra nintzela Donostiako barnetegi batera joan nintzen. Akordeoia oso gustuko nuen eta bandako zuzendaria zen Gonzalez Bastidak eman zizkidan lehen eskolak. Zakar samarra zen, baina musikari ona zen eta ondo hartu ninduen. Akordeoia etzanda jotzen ikusi dut! Oinarrizko lezioak eman zizkidan, baina dohainak nituela ikusi zuen eta aitari probetxu atera behar zitzaiola esan zion. Bikondoarengana bidali ninduten, Donostiara. Aitak egokiena gainontzeko ikasketak ere bertan egitea zela pentsatu zuen eta barnetegi batean egon nintzen. Bi urte eman nituen barnetegi batean eta beste bi beste batean. Hamabost egunean behin itzultzen nintzen etxera. Gurasoek sekulako ahalegina egin zuten.
Bera akordeoilaria izanik, ilusio handia egingo zion zuk bere pausoak jarraitzeak…
Noski! Gainera, bere aitak ere eskusoinua jotzen zuen, nire osaba batzuek ere bai… Familian tradizio handia dago. Odolean daramagu. Akordeoia nire bizitza da.
Donostian lau urte eman ondoren, ez al zitzaizun gogorra egin Zumarragara itzultzea?
Ez. Izan ere, sekula ez dut arazorik izan harremanetarako. Oso irekia izan naiz beti. Goi mailako Batxilergoa egiteko itzuli nintzen. Institutuan egin nuen. Akordeoi karrera, berriz, 16 urterekin bukatu nuen. Orduan ez zen instrumentu ofiziala. Profesional agiria ematen ziguten, baina ez ginen titulatuak. Titulua beranduago atera nuen.
Batxilergoa bukatu ondoren, ikasten jarraitu al zenuen?
Errebalida egin nuen. Matematika oso gustuko nuen, baina dagoeneko etxean eskolak ematen ari nintzen eta uzteak pena ematen zidan. Izan ere, 60 bat ikasle nituen ordurako. Solfeoa eta akordeoia irakasten nituen. Hori dela eta, zer edo zer gehiago ikasteko, Maritxu Peñagarikanoren akademiara joan nintzen administratibo ikastera. Hiru urte ondoren, Merkataritza Unibertsitatera joan nintzen azterketa egitera eta, egia esan, ez dakit zer titulu dudan.
Zenbat urtetan eman zenituen eskolak etxean?
16 urterekin hasi nintzen eta musika eskola abian jarri genuenean utzi nuen. Zazpi edo zortzi urtetan eman nituen eskolak etxean. Mila Osinalde etorri zitzaidan musika eskola ireki nahi zutela esatera. Eusko Jaurlaritzak ikasle kopuru jakin bat eskatzen zien eta eskola partikularrak ematen genituen guztion ikasleak behar zituzten. Mila Osinaldek, Carmina Colinasek eta hirurok jarri genuen abian musika eskola: hiruron ikasleak elkartuz sortu zen.
16 urterekin hasi zinela esan duzu. Nola moldatzen zinen?
Ikasleren bat ni baino zaharragoa zen… Ikasle asko nituen eta bizilagunen batek nazka-nazka eginda bukatuko zuen… Etxea ikaslez beteta izaten zen. Gela guztietan egoten zen ikasleren bat entseatzen.
Zu zeu irakaslea zara, baina musika ikasketak ez dira sekula bukatzen. Gonzalez Bastida eta Bikondoaz gain, irakasle gehiago izan al dituzu?
Karrera Bikondoarekin egin nuen. Tekladun akordeoiarekin ikasi nuen, baina gero botoidunarekin jotzen ikasi beharra izan nuen. Baita Basettidun akordeoia jotzen ere. Carlos Iturraldek Irunen duen akademiara joan nintzen hori ikastera. Iturralde nirekin ikasitakoa da. Izan ere, nire garaiko gehienok Bikondoaren ikasleak gara. Bestalde, urtero ikastaroren bat egiten dut. Musika ikasketak ez dira sekula bukatzen. Ez dut lehengo arintasuna eta eskolak emateak denbora asko kentzen dit, baina esperientziak laguntzen dit jotzeko orduan. Gainera, egungo musika maila oso baxua da.
Nolatan etorri zinen Elgoibarrera bizitzera?
1981ean ezkondu nintzen eta jaio nintzen etxean jarri ginen bizitzen. Izan ere, ordurako gurasoak Galizian zeuden. Seme nagusiak bi urte zituenean etorri ginen Elgoibarrera bizitzera. Elgoibarko musika eskola ireki zen eta, senarrak bertan lan egiten duenez, curriculuma bidali nuen. Elgoibarren oso gustura nago, baina Zumarragakoa naizela esaten dut beti.
Orain Lasarteko Zero Sette akordeoi orkestran jotzen duzu. Zein taldetan aritu zara lehenago?
16 urterekin Doble Unión izeneko taldean jotzen hasi nintzen. Azkoitiko, Legazpiko eta Zumarragako lagunak geunden. Eibarren egiten zen musikari gazteen lehiaketa batean parte hartu genuen eta bigarrenak gelditu ginen. Azpeitiko Sanjuandegi auzoan entseatu eta berbenetan jotzen genuen. Francoren azken urteetan hasi ginen, jaialdietan euskaraz abesten hasi zen garaian, eta guk ere euskaraz abesten genuen. Jendeak euskaraz abestea nahi zuen: Carrerorena; Guk euskaraz, zuk zergatik ez… jotzen genituen; nahiz eta guztiok erdaldunak ginen. Abeslaria andaluziar petoa zen! Batzuetan abesti ezagunak instrumental eran jotzen genituen eta ikusleek abesten zituzten. Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako festetan jotzen genuen.
Nolatan hasi zinen beraiekin?
Beraiek etorri ziren niregana. Teklatua jotzen nuen. Ez nuen arazorik izan, tekladun akordeoia izan baitzen jo nuen lehenengoa. Sintetizadoreen kontua jardunez ikasi nuen. Bizitza osoa musika jotzen pasatu dut, baina halako taldeetan emakumezkoak ez ziren ohikoak. Taldekideek abesteko esaten zidaten, baina sekula ez zait gustatu.
Ez al zenuten sekula poliziarekin istilurik izan?
Batzuetan polizia bertan zegoela jabetzen ginen. Haiek ez zuten euskaraz abesten uzten, baina ikusleek euskaraz abestea nahi zuten. Halakoetan instrumentalak jotzen genituen. Behin, jotzera heldu eta antolatzaileek ea abesti guztiak euskaraz abesten genituen galdetu eta bezperako taldea erdaraz abesteagatik harrika bota zutela esan ziguten. Buruz genekizkien bospasei kantak behin baino gehiagotan jo genituen, instrumental batzuk ere eskaini genituen… eta ikusleak oso pozik gelditu ziren.
Noiz eta zergatik utzi zenuen taldea?
22 urterekin ezkondu nintzen eta urteren bat lehenago utzi nuen. Instrumentuak kontzertuetan ateratako diruarekin ordaindu genituen, epeka. Zumarragako beste kidea sartzea eta dena izorratzea dena bat izan zen. Egun batean entseatzera joan eta beste neska bat aurkitu nuen. Nire ordez eraman zuen. Ez nuen nire eskubideen alde egiteko modurik ikusi eta istilurik sortu gabe taldea utzi nuen. Hala, urtetan taldearentzat instrumentuak lortzeko jo nuen eta dirua ikusteko garaia heldu zenean alde egin behar izan nuen.
Talde gehiagotan jo al duzu?
Atsekabe handia izan nuen eta irakaskuntzan eta ikaskuntzan murgildu nintzen. Beste talde batzuetan aritutako jendeak Askotan izenekoa sortu zuen ezkontzetan jotzeko eta nire bila etorri ziren. Aurreko saioa gaizki bukatu zen, baina talde batean jotzeko gogoa nuen. Izan ere, ordura arte asteburuetan musika jotzeko ohitura nuen eta kontzerturik gabe aspertu egiten nintzen. Hori dela eta, baiezkoa eman nien. Antonio Valverdek, Anjel Guinoak, Luis San Josek, Patxi Urrestarazuk eta nik osatzen genuen taldea. Ezkondu baino apur bat lehenago hasi nintzen beraiekin. Neure instrumentua eraman nuen, aurreko taldekoa errepika ez zedin.
Zenbat denbora eman zenuen beraiekin?
Asko. Duela zortzi bat urte utzi genuen. Betiko musika jotzen genuen (pasodobleak, valsak, boleroak…), baina modako abestiak ere ikasi genituen: El tractor amarillo, Macarena… Ezkontzetan ez ezik, inguruko jatetxe gehienak ezagutu genituen, Zumarragako eta Urretxuko auzoetako jaietan eta afari herrikoietan ere jo genuen.
Oraingo ezkontzetan disc-jockeyak nagusi dira. Zer iruditzen zaizu?
Zuzeneko musika nahiago dut, baina… Gainera nire semea disc-jockeya da! Akordeoia eta perkusioa jo zituen, baina utzita ditu. Alabak ere akordeoia jotzen du, baina perkusioak etorkizun handiagoa duela dio. Bera ere Zero Sette orkestrako kidea da, baina perkusioa jotzen du. Asko pozten nau berarekin jotzeak.
Zer dio senarrak? Ez al da buruko minaz kexatzen?
Ez da musika zalea, baina gure emanaldietara etortzen da. Musika entzuten ari nintzela ezagutu nuen. Kontzerturik ez nuen asteburu batean lagunekin Goldenera joan nintzen (Maria Jesus Bikuña eta Maite Zaldua koadrilakoak ziren, adibidez) eta musika entzuten ari nintzela, orain senarra zena hurbildu zitzaidan. Hurrengo astean Arrasaten jo behar genuela esan nion, baina ez zuen joaterik izan. Handik hilabete batzuetara Azkoitiko neska batzuekin elkartu nintzen, Tiffany’s dantzalekura joan ginen eta Elgoibarko lagun batzuekin elkartu ziren. Mutil haien artean Goldenen ezagutu nuen mutila zegoen, orain nire senarra dena.
Lehengora itzuliz, talde gehiagotan jo al duzu?
Lurra dantza taldeko kidea izan nintzela esatea ahaztu zait! Taldeko lehen akordeoilaria izango nintzen, beharbada. Nire ondoren Joseba Salaberria hasi zen, nire ikaslea izandakoa. Irrintzi taldearekin eta Gabiriako dantzariekin ere jo izan dut. Bestalde, Bikondoaren akordeoi orkestran ere aritu naiz.
Saririk irabazi al duzu?
Dirudienez nire garaian akordeoilari hobeak zeuden, beti bigarren saria eskuratzen bainuen! Lehiaketetan oso urduri jartzen nintzen. Kontzertuak gehiago gustatzen zaizkit, nahiz eta horietan ere urduri jartzen naizen. Berotzea kostatzen zait, baina gero ez dago geldituko nauenik… Dena den, gutxitan jo dut bakarka.
Irakaskuntzan 30 urte baino gehiago daramatzazu eta Urretxu eta Zumarragan akordeoilari bikainak atera dira. Batzuk zure eskuetatik pasatuko ziren…
Gorka Hermosa ez zen nire ikaslea izan, baina Javier Ramos bai. Ramos anaiak nire etxera etortzen zirela oroitzen dut. Bata txikia zen eta bestea oso altua. Dagoeneko ikusten zen bata akordeoilaria izango zela eta besteak beste bide bat hartuko zuela. Ikasle ohi batzuekin oso harreman ona dut. Horietako birekin sarri samar elkartzen naiz Zumardin bazkaltzeko.
Sarritan joaten al zara Zumarragara?
Ez zait ia familiarik geratzen bertan. Eitzagan bizi den lehengusu bat besterik ez dut. Dena den, sarritan joaten naiz. Azkenaldi honetan kontzertu asko izan ditut (Frantzian, Caceresen…) eta udaz geroztik ez naiz joan. Pena ematen dit, lagunekin egoteko gogoa baitut. Zumarraga bihotzean daramat. Elgoibarren oso ondo hartu naute, baina Zumarragakoa naiz. Hango bizilagun ohiak oso lagunak dira, baina asko kostatzen zait bertara joatea. Izan ere, oroitzapen asko etortzen zaizkit burura.
Nola ikusten duzu herria?
Oso aldatuta dago. Niretzat Elgoibar baino politagoa da. Zumarragaz hitz egiten dudanean, Urretxuz ere ari naiz. Niretzat bat dira. Askotan taldekook Lizeo azpian entseatzen genuen eta raskazielos azpiko elkarte batean bazkariak eta afariak egiten genituen. Senarrari hiltzen naizenean Zumarragan hilobiratzeko esaten diot, txantxetan. Aukera suertatuko balitz, itzuli egingo nintzateke.
Musika eskolara joaten al zara?
25. urteurrenean deituko zidatela esan zidaten, baina ahaztu egin zitzaien. Egia esan, ilusioa egiten zidan. Milarekin eta Carminarekin ez dut harremanik jada. Bolada batean Milaren eskolara ere joan nintzela oroitzen dut.
Musikaz gain, zaletasun gehiago ba al dituzu?
Ez. Asebete egin nau eta ez dit beste ezertarako denborarik utzi. Lanbidea eta zaletasuna da.
Galiziara joaten al zarete?
Urtero joaten gara, baina orain oso gogorra egiten zait. Izan ere, nire anaia Vigon bizi zen. Nire koinata hiru haur txikirekin gelditu zen. Anaiaren heriotza oso gogorra izan zen eta oraindik ez dut gainditu. 39 urterekin hil zen. Autoan ziztu bizian zihoan batek aurretik eraman zuen. Berarekin oso harreman estua nuen. Anaiarekin nire zati bat joan zen. Ez nuen uste sekula halakorik tokatuko zitzaidanik. Amak zortzi hilabetetan senarra, semea eta ahizpa galdu zituen eta bakarrik dago. Hori guztia niretzat ere karga handia izan da. Amak asko arduratzen nau eta, egia esan, 2004an akordeoi orkestran hasi izanak mesede egin dit. Gainera, Askotan taldea desegin zenetik, asteburuetan aspertu egiten nintzen.
Nolatan hasi zinen Zero Sette akordeoi orkestran?
Elias Goikuria zuzendaria nire ezaguna da eta jendea behar zuen. Nire anaia hil eta gutxira deitu zidan. Mesedegarri izan zitekeela esan zidan eta hala izan da. Terapia modukoa izan da niretzat. Jotzen hasten naizenean, gainontzeko guztia ahazten dut. Oso lanpetuta bizi naiz eta astean bitan Lasartera entseatzera joatea gogorra da, baina okupatuta egotea beharrezkoa dut. Autoari beldur handia hartu diot eta zorionez beste bi neskarekin joaten naiz. Bukatzeko, Zero Sette orkestrarekin Urretxun edo Zumarragan jotzeko gogo handia dudala esan nahi dut.