Konturatu naiz norbait ari dela eragiten eta bat-batean esku busti batzuek estutzen naute, hau da estutasuna, zertan ari zarete, ezin dut arnasarik hartu, ito egingo nauzue! Buztin pila bat naizela badakit baina horrek ez dio inori baimenik ematen tratu hau emateko. Zergatik ekarri naute menditik, hain gustura nengoen tokitik?.
Badirudi nire kexak entzun dituela, eta orain suabeago hasi da igurtziak ematen, hau beste gauza bat da, zer gustua , horrela segitzen badu lo hartuko dut, puf!, eskuak berriro busti ditu, hau freskura, ez dago lo hartzerik inola, eta gainera hau da itxura hartzen ari naizena, mundiala, borobila, sudurra ere ipini didate, atzean mototsa ere badut eta orain, zer da hau? diadema dotorea gainean. Hau itxura!. Eskuan duen soka horrekin zer egin behar ote du honek? Ras! Ipurditik ebaki nau eta orain nora narama?. Ah, eguzkitara, oso ondo, nahiko ondo nabil, egoera hobetzen ari zait, lehenago goxo-goxo igurtzi eta orain epel-epel eguzkia hartzen.
-Kaixo zer moduz hago?
-Zer, nirekin ari haiz? -erantzuten dut aldamenetik norbait ari zaidala konturatzen naizenean.
-Bai, berria haiz, ezta? Begira egon gaituk nola nagusiak forma ematen zian. Guztiak antzeko formarekin ateratzen gaituk, ez diat uste elkarren inbidiarik izango dugunik.
-Esadak, non gaudek?
-Ezta ideiarik ere, ni hire aurretik etorri nauk eta ez diat galdetu. Itxaron pixka bat, hauei galdetuko zieat…….. Sorian gaudela ziotek .
-Sorian, eta zer duk Soria?
-Ba egia esan behar badiat ez zeukaat arrastorik ere, bakarrik zekiat mendian ederki nengoela eta handik ekarri nautenez gero, errukirik gabe astindu, nahastu eta busti ondoren, potolo itxura hau eman didatela eta azkenik hi bezala eguzkia hartzen ipini nautela.
-Eta hor dauden kutxa horiek zertarako dituk?
-Nik ere galdera bera egin diat ekarri nautenean eta esan didatenez gu azokara eramateko erabiltzen ditiztek.
-Azoka, azoka, zer duk azoka?
-Ez zekiat, baina diotenez harantz joandakoak ez omen dituk gehiago etortzen. Hi, aizak, berria izateko gehiegi galdetzen duk, erantzunak bukatzen ari zaizkidak!
Ondoan zegoen gure antzeko batek, antzeko esan dut zeren eta zeharo bihurria eta pitzatua baitzegoen, honela zioen:
-Aspaldian hemen nagok eta zuek bezalako botijo asko ikusi dizkiat, harroak eta lerdenak, baina labean sartu eta margotu ondoren hemendik desagertzen dituk betirako, ni nauk beti gelditzen naizena labe barruan istripu bat izan eta elbarria gelditu nintzelako, bazirudik nagusiari grazia egiten diola nire formak.
-Nola deitu gaituk, bo-ti-jo-ak?
-Bai, botijoak eta labean egosiak izango zarete eta ondoren margotuak, loreak , marrak edo “Recuerdo de Soria” idatziz. Suertea baduzue bizitza luzea eta alaia izango duzue, auskalo nora joango zareten.
-Baina gu ez gaituk hi bezalakoak, kolorea argiago diagu eta ahotsa ere hirea baino sendoagoa, zeharo desberdinak gaituk.
-Ni ere zuek biok bezalakoa ninduan, labeko zuloan sartu eta ataka itxi zutenean hasi zituan kontuak aldatzen, kristoren beroa pasatu nian eta nuen ahots sendoa eta kolore argia betirako galdu nizkian. Ikusiko duk zuei ere nola aldatuko zaizuen.
Zaharraren esanak benetan kezkatua utzi ninduen, baita ilusioz betea ere, hurrengo egunetan gertatuko zenaren zain.
Labean sartu gintuztenean izerdi ederrak bota genituen, sauna batetik irtetean bezala atera ginen, pisua ondo galduta eta tenple ederrean, irteeran nagusiak ematen zigun kaskarrekoa, klok-klok, agoantatzeko moduan, eta ondoren margotzera eraman gintuzten. Esku onetan geunden, maitasunez tratatzen gintuzten, eta ontzi txiki baten bustitako makilatxo batekin margotuak izan ginen.
Ni harro nengoen “Recuerdo de Soria” idatzi zidalako, besteek berriz, ez zuten suerte hori izan, berezia sentitzen nintzen. Izan ere, besteak baino zertxobait garaiagoa nintzen eta beharbada horregatik izango zen.
Nagusiaren etxean, apal batean egin nituen hainbat egun, eta beti bezala ez nekien zertan nengoen, duda egiten nuen botijo zaharrak esandakoa egia ote zen, baina arratsalde batean mugimendua sumatu nuen geunden gelaren inguruan, eta nagusia, aurreko egunetan kezkatzen ninduten kutxak eskuetan zituela, sartu zenean poztu nintzen. Poztu eta egia esateko urduritu ere bai. Zer gertatu behar zait?, pentsatu nuen.
Hurrengo egunean, egunsentian, artean ilun zegoela nagusia nire ingurura etorri zen, lastoz betetako kutxa bat eskuan zuela eta nire lagunei agur esateko astirik eman gabe bertan sartu ninduen. Ez naiz gogoratzen zer pasatu zen ondoren, ilun zegoen eta ez nuen ezer ikusten eta egoera hartan lo egitea zela onena erabaki nuen, nire inguruan nuen lastoaren goxotasunean, pentsatu eta egin, lo gelditu nintzen, toki zaratatsu eta argi batera ailegatu arte.
Nagiak atera eta prestatu nintzen ondoren izango nuen egoerari frente egiteko, nahiz eta ezjakintasun guztia nirekin izan.
Derrepente, konturatu orduko han nengoen mahai baten gainean, beste botijo ezezagun batzuen ondoan. Hainbeste jende nire ingurutik igarotzen ikusteak urduri jartzen ninduen. Begiratu eta alde egiten zuten ezer esan gabe. Zer gertatu behar zitzaidan?. Halako batean jende zurrunbilo bat izan zen gure ondoan eta gure mahaia astindu zuen, denok mugitu gintuena, eta zoritxarrez nire lehen laguna, ordura arte ikusi gabe neukana mahaitik erori eta, katakrok!. Bertan txikituta gelditu zen.Akabo!. Bakarrik gelditu nintzen, beste batzuek baziren nire aldamenean, baina ez zuten nire mailarik, ez ziren botijoak.
Poliki-poliki lasaitu nintzen, inguruan ziren besteak egoera berberean zeuden eta bat-batean gora begiratu eta kartel handi batean idatzia zegoena ikustea lortu nuen, “Recuerdos de Soria-Souvenirs” eta poztu egin nintzen niregatik zela pentsatuz. Baina, zein ote da Souvenirs?, ziur hauetako lepo handiren bat dela, pentsatu nuen.
Gure aurrean, zintzilik, “ I Soria” idatzia zeukaten kamisetak salgai zeuden eta inguruan beste saltzaile batzuk, baina botijo gehiago ez ziren inon agertzen. Jendea hara eta hona zebilen eta zarata ikaragarria zen.
Noizbehinka gure nagusiak sekulako deiadarrak egiten zituen,
-Soriako botijoak!, eros ezazue zuen lagunentzako opari ederra!-, aspertu zen arte. Orduan egunkaria hartu eta irakurtzen hasi zen:
“Erretzaileak gehitzen ari dira munduan”
Hau irakurri zuenean errauts ontziak egiten hasi behar zuela esan zion aldameneko puestoan zegoenari, botijo bat bera ere ezin zuelako saldu. Berriketan ari zela, jende multzo zaratatsu bat inguratu zen, nagusiak bere lagunari jubilatuen txangoa zela esan zion eta aprobetxatu beharrean zegoela zerbait saldu nahi bazuten eta taldetik emakume bat begira nuela ikusi nuen eta ondo aztertu ondoren eskuetan hartu ninduen.
-Botijo ederra daramazu, etxeko-andre,-zioen nagusiak- ur freskoa edateko moduan izango zara aurrerantzean.
-Ez dut uretan erabiltzeko nahi, nire semeak botijo bilduma dauka eta berari oparitzeko da. Zenbat balio du?.
-Oso merkea da duen kalitaterako, gainera zure semearen bilduman ederki emango du, berri-berria dago eta ez dauka inongo urraturik, labetik irten berria dago.
Nahiz eta asko ulertu ez, konturatu nintzen nitaz gauza politak esaten zituztela eta horrek harro sentiarazten ninduen, eta berriro sartu ninduten kutxa beltzeko lasto artean.
Egunak pasatu ziren eta halako batean iritsi zitzaidan kutxatik irteteko garaia, baina barruan nengoen artean entzun nuenak ez zidan grazia gehiegirik egin.
-Egun on, seme.
-Egun on, zer ekarri didazu oraingoan?
-Baaaa, oraingoan uste dut asmatu dudala, zure bildumarako botijoa.
-Zer ederki, non erosi duzu, zaharkin-denda batean?
-Eeeez, Sorian, ni bezalako jubilatuekin egindako bidai batean.
-Historikoa al da?
-Jontxo!, historiko-historikoa ez da izango baina gustatu egin zitzaidan eta ekarri egin dizut. Orain ere ez al dut asmatu?
– Baina ama, nik botijo bereziak biltzen ditut eta hau berriz turistentzat egindakoa da, besteen ondoan ez du ondo emango, jubilatuek edozer gauzarekin itsutzen zarete, baina ekarri duzunez gero egingo diot lekua bestela haserretu egingo zara, eta gainera karteltxoa ere ipiniko diot:
“Soriako botijoa, amaren oparia”
Eta konturatu gabe han jarri ninduten beste hiru botijo zaharren erdian. Hauek ez zeukaten nirekin zer eginik, bat zegoen atzeko mototsa erdi puskatuta zuela eta gainera pitzatua zegoen, bestea, berriz, azal gehienak harrotuta eta gaineko diadema eta sudurra zartatuak zituen, hirugarrenak, berriz, nahiko kalamidade pasatako itxura zeukan, baina tente eta harrokeria guztiarekin. Ni haien ondoan dotorea nintzen.
Laster konturatu nintzen ondoan zuten karteltxoez, batek zioen: “Manoleteren botijoa”, besteak, “Casa da Campo-ko botijoa” eta itxura kaskarrena zuenak, “ Ventosa-ko botijoa”; nik ez nuen izango historiarik baina edukitzeko, hauen itxura eduki behar bazen, nahiago nuen ez izan.
-Kaixo, gazte.
-Zer, nirekin ari al zara? -erantzun nion harrotasun puntu batekin.
-Bai hirekin ari nauk, zer berri dago munduan?
-Nik dakidala ez da berririk.
-Nola ez dela berririk, gu hemendik kanpo ginenean egunik ez zuan pasatzen zerbait gertatu gabe eta orain diok ez dela berririk?. Hi nondik ekarri haute?
-Ni azokan erosi eta hemen nago, ez dakit besterik. Lokatza nintzen, moldatu, labean berotu ninduten eta besterik ez dut ikusi.Badago zerbait gehiago?.
-Ene gizajoa, hik ez duk ezer ikusi oraindik, inoiz ez haute urez bete eta ez dakik zertarako egina izan haizen, horregatik hago hain berria, gu hirurok bizitza luze baten jabe gaituk. Ni ospe handiko toreatzaile baten botijoa ninduan eta berarekin munduan zehar ibili ninduan egun batean zezen batek hil zuen arte. Autoaren gainean eramaten nindian, haizea hartuz eta bazterrak ikusiz. Itsasoa ere ezagutu nian, ura bai ur pila!. Munduko botijoa sentitzen ninduan. Geroztik esku askoren tartean ibili nauk hona etorri arte. Oraingo bizitzaz nazkatuta nagok, eta nahiago nian nire nagusia zen toreatzailearekin batera gelditu izan banintz hauts bihurtuta, hainbat alditan elkarrekin izan ginen bezala. Berak ni zaintzen ninduan eta nik berarentzako ur freskoa gordetzen nian. Hura bai zela bizitza!
-Eta zuk, ez daukazu ezer kontatzeko?- galdetu nion ondoan apal-apal eta isilik zegoen botijo zahar eta potoloari.
-Ba, ni, berriz, ez naiz munduan zehar ibili, beti herri txiki batean egon izan naiz -erantzun zidan Ventosako botijoak- baina ez nuke aldatuko nire bizitza. Beti urez beteta, lanean ari zirenen egarria asetzeko prest, ia beti umeen eskuetan eta noiz eroriko ote nintzen beldurrez. Lagun asko galdu nituen iturri ondoko askaren ertza jota edo sorora bidean gindoazela, umeen eskuetatik erorita. Hala ere, kaskarreko batzuk hartuak izanagatik, hemen nago. Ezin ditut ahaztu beraien barreak eta garrasiak edo nigandik ura edatean, nola heltzen zidaten ezpainekin sudurra, eta amaren titia banintz bezala nigandik asetzen ziren. Nik ere ez nuen hemen bukatzea espero, baina nire nagusiak hil egin ziren eta beraien semea zu bezalako botijo berri batekin azaldu zen etxean, eta ni han gelditu nintzen bazter batean, oraingo nagusiak aurkitu eta hona ekarri ninduen arte.
-Ba nik, hauen aldean jende ugari ikusi dut,-esan zuen “Casa de Campo-ko botijoak”, inork galdetu gabe, harrokeriaz betea-, desberdina, batzuek handiak, besteak txikiak, beltzak, horiak, hitz egiten zutenean tutik ere ulertzen ez nienak eta abar. Ni hiriburuko botijoa naiz, esku askotan erabilia, gizakiaz ilustratua, ni nengoen tokitik pasatzen ziren eta nire nagusiari dirua ordaindu ondoren, barruan neraman ura edaten uzten zien, baina ura edateko modua berezia zen, dena segidan, ni jaitsi gabe, bestela berriro ordaindu behar zuten edan nahi izanez gero. Karteltxo bat nuen ondoan: “Un trago, una peseta” jartzen zuena eta husten nintzen bakoitzean, iturrira eraman eta bertan betetzen ninduen. Gero nagusia galdu nuenean, “Rastro” deitzen den azoka handi batean erosi ninduten eta hemen nago, apaletik noiz erori zain betiko bukatzeko. Hau ez da ni bezalako botijo batentzako lekua! Zer suertea, ura daramatenean erorita puskatzen diren botijoak!.
Zorabiatzen hasia nago, uste nuen zerbait nintzela, ederra eta berria nintzelako, baina hutsik nago, hutsik barrutik eta hutsik bizitzaz, inoiz ez naute urez bete eta ez naiz egin nindutenerako erabilia izan. Nahiago nuke hauek bezala pitzatua egongo banintz eta bizitza betea izan banu. Ez ahal nau nagusi honek, ez nauenez bere gustuko, lagunen bati oparituko, hemendik irten eta bizitzen hasteko. Zer sentitzen ote da ume baten ezpainak ukitzean?. Amets egin behar dut.
Lan hau 2004ko Sagastiberri Urruzunoliteratura-lehiaketatik hartua da