Urretxuk eta Zumarragak buruz buru jokatu zuten probaren itzulerako traza guztiak ditu oraingoan jokoak, baina Ezkio-Itsaso auzo herriko taldearen presentzia erakargarriarekin. Hiru talde elkartu, prestatu, gogor entrenatu eta plazaratzea lortu dute, egin beharreko lana xamurra ez beste edozer izanda ere.
Zumarragako harri handiaren 1.700 kiloak nork luzeago mugitu. Horixe izango du biharko gizon-probak oinarria; baina inguruan sortu den ikusmina, jakin-nahia eta esfortzu ikaragarriaren esker ona azaltzeko jendearen berotasuna ere izango dute. Abenduaren 2an 750 lagun bildu ziren plazan, bihar berdindu edo gainditu daitekeen kopurua.
Errebantxa eta ezusteko bila
Hamazazpi plaza egin izanaren esperientziarekin irtengo dira Zumarragakoak, untze erdia gehiago egin izanaren eta aurreko apustua irabaziaren ohorearekin Urretxukoak. Ezkio-Itsasoko hamabikoa, berriz, ezustekoa ematera.
Bihar, igandea, eguerdiko hamabietan dute jarrita hitzordua Zumarragako plazan. Aurretik, 10:30ean egingo dute zein taldek zer ordenatan tiratuko duen jakiteko zozketa. Gaur, 12:30ean, berriz, Zabaletako idien baskulan elkartuko dira tiralari guztiak, pisatzeko. Talde bakoitza 12 lagunek osatuko dute, baina 1.000 kiloko muga daukatenez, pisu horretan errenditu beharko dute. Kilotan pasatuz gero 11 lagunera gutxitu beharko dute taldea.
Biharko protagonistak sortutako giroaren pareko aldartean daude. «Oso animatuta gaude», zioen atzo Toribio Kerejetak, Zumarragakoen botilleroak. Urretxu dute haiek arerio zuzena, eta irabazteko «serio» aritu beharko dutela gaineratu du prestatzaileak.
Entrenamenduen garrantzia
Hogei minutuko tiraldia egin beharko du talde bakoitzak lehiaketan, eta guztiek nabarmendu dute aurretik ondo entrenatuta egoteak daukan berebiziko garrantzia.
«Lehenengo gizon-proba haren ondoren astebetean geldi egon ginen, eta hurrengo astean hasi ginen korrika eta gimnasioan. Zumarragako geltokian pisuarekin ere aritu gara, baina asko ez», laburtu du Kerejetak zumarragarren prestakuntza prozesua.
Urretxuarrek ere azkeneko astean harriari heldu gabeko lan fisikoa egin dute, «gorputza gehiegi ez zigortzeko», Mikel Elgarresta tiralariak aipatu duenez. «Gaur egun erabiltzen dugun burdinezko egiturak erosoago egiten du gizon-proba. Garai batean esfortzu askoz handiagoa eskatzen zuen, eta bizkarretik gehiago sufritzen zuten», azaldu du Elgarrestak. Hori bai, gizon-probak gogorra izaten jarraitzen duela argitu du, «baina gorputzari halako behartua eman gabe». Tiralariak harriaren aurretik jarri, eta burdinezko sare moduko batean sartuta garraiatuko dute harri tzarra.
Ezkio-Itsason ere gogor aritu dira entrenatzen. Berria da eurentzat proba, eta horrek damarren ezinegonarekin aterako dira plazara bihar, «lan txukuna egiteko asmoz», adierazi du Iñaki Alberdi botilleroetako batek.
1.000 kiloko burdinezko kajafuerte batekin hara eta hona ibili dira pisu-saioetan denak Zumarragako geltokian; bakoitza bere aldetik, «lurralde neutroan».
Ezkio-Itsaso, berrien indarra
Zumarragoak eta Urretxukoak ezertan bat baldin badatoz, hirugarren aurkariari agertu dioten «errepestua» aipatu behar. Ezkio-Itsasokoekin dute urretxuarrek, aurrekoan txapeldun atera zirenek, begi ertza zorroztuta: «Errespetua haiek ematen digute. Euren alde apustu handiak egiten ari direla entzun dugu, eta lan ona egingo dutela badakigu, nahiz ez jakin nola edo zenbat entrenatu duten». Kerejeta zumarragarrak ere talde indartsua ikusten du ezkiotar-itsasoarrena. «Gutxi ezagutzen ditugu, baina jende ona daukate, izen handiak. Hiru taldeak berdintsu ibiliko garela iruditzen zait».
Ezkio-Itsaso aldean ez dute, hala ere, faborito izenik euren bizkar hartu nahi. «Ez dakit nondik atera den guk talde ona dugun kontua, oraindik inon ez dugu demostratu eta. Nola eta gure entrenamenduak ikusten ezkututik aritu ez diren!», dio umorez Alberdik.
Indarrez gai ikusten du botilleroak Ezkio-Itsasoko taldea. «Fondoak ematen digu beldurra, 5-6 plaza ondo egiten dira, baina hankak hiltzen hasten direnean…». Eguraldiak ere zeresana eman dezake, euria eginez gero harriak lurrari gehiago helduko diolako.
17 plaza eta erdiko marka zail ikusten du ezkiotarrak: «Denei ere kostako zaigu hortik gora pasatzen». Zumarragarrek eta urretxuarrek, ordea, lehendik proba egin izanaren abantaila dutela azpimarratu du Alberdik, «bentaja handia gainera».
Gizon-probako hiru taldeak
Ezkio-Itsaso- Taldea. Gorka Sasieta (Urkulegi), Asier Sasieta (Urkulegi), Iker Zubillaga (Agerreaundi), Asier Zubillaga (Agerreaundi), Joseba Telleria (Arane), Eneko Zabaleta (Zelaa), Josemari Narraspe (Ojarbide), Juanjo Narraspe (Ojarbide), Santi Urkiola (Berroeta), Jokin Gabilondo (Etxeberrialde), Igor Juantorena (Ezkion jaioa), Imanol Berasategi (Goene).
- Ordezkoak. Juanjo Aranburu (Salete), Jon Zubillaga (Agerreaundi), Eñaut Igartzabal (Gabiria).
- Botilleroak. Iñaki Alberdi (Garaionazpi), Felix Etxeberria (Osinalde).
- Taldea. Aimar Alberdi, Pello Alberdi, Egoitz Armaolea, Mikel Zabaleta, Francisco Javier Gago, Mikel Arostegi, Xabier Zaldua, Pedro Lizarazu, Asier Juanena, Iosu Zabaleta, Juan Mari Legorburu, Jesus Nin.
- Ordezkoak. Ander Rodriguez, Jokin Rodriguez, Iñigo Zaldua, Iñaki Soraluze.
- Botilleroa. Toribio Kerejeta.
- Taldea. , Mikel Elgarresta, Joseba Garitano, Axier Izagirre, Egoitz Iturbe, Xuban Jaka, Aitor Lizarazu, Jexux Lizarazu, Jexux Lopez, Kepa Mendikute, Iosu Plazaola, Aitor Prieto, Julen Zabalo.
- Ordezkoak. Aitor Txiko, Joxe Mari Gisasola.
- Botilleroa. Joxe Luis Elgarresta.
Zenbakiak
- 36 tiralari. Talde bakoitza 12 gizonek osatuko dute, baldin 1.000 kiloko pisuan sartzen badira. Bestela tiralari bat kendu beharko dute.
- Laguntzaileak. 9 ordezko, 4 botillero, prestatzaileak…
- Ikusleak. 750 lagun bildu ziren lehenengo gizon-proba ikusteko, abenduaren 2an, Zumarragan.
Ordutegia
- Gaur, 12:30ean. Pisaketa. Hiru taldeetako tiralariak pisatu egingo dituzte, Zumarragako Zabaletako idien baskulan. Hamabikoak 1.000 kiloan sartu beharko du.
- Bihar, 10:30ean. Tiratzeko txanden zozketa, Zumarragako plazan.
- Bihar, 11:30ean. Gizon-proba hasiko da Zumarragako plazan, zozketak zehaztutako ordenan. Ezkio-Itsaso, Urretxu eta Zumarraga nor baino nor. Ordutegian azken orduko aldaketa izan da, Zumarragako tiratzaile batzuen senide baten ezbeharrak eraginda izan da ordu aldaketa.
Informazio gehiago:
- Igandean jokatuko den gizon probak ikusmira handia sortu du
- Urretxu garaile gizon proban
- Gizon probako bideoak