Liburua osatu duten profesionalen lana eta bere orrietan agertzen diren talde askoren eguneroko esfortzua gutxietsi gabe, aitortu beharra dugu argazki batzuk ikusteak harritu egin gaituela. Eta beste batzuk txantxarako bide eman digutela. Gipuzkoako bertsolari maitatuenetako bat hiruzpalau argazkitan azaltzea normala da, mila saltsatako ali-olia delako, eta trukean ezer gutxi jasotzen duelako, adiskideen omenaldi xumeak izan ezik. Beste herritar askoren presentzia ere bidezkoa da, baina badira jokoz kanpo harrapatu gaituzten batzuk. Inor mintzerik nahi ez dugunez, ez dugu izenik emango, baina boluntario-lanarekin baino, hobby edo zaletasunekin lotura handiagoa duten adibide ugari daude, eta logika horri jarraiki, edozein kolektibo sar daiteke zerrendan, baita igande eguerdietan pirulo inguruan kotxekapota konpetizioa egiten duten gurasoena ere.
Argazki galeriatik kanpo geratu direnak ere asko dira. Inor ahazterik nahi ez dugunez, ez dugu izenik emango… tira, bai. Boluntario ugari ari dira triunfadore izateko gazteei zer egin behar ez duten erakusten, musutruk, baina modu oso efektiboan. Eta oraindik inork ez die esker onik adierazi. Ezta kalitatearen Q Ziurtagiririk eman ere.