Mikel Perez: Jokalari fitxa 17 urtetan izan nuela uste dut. Azken partidak 36 urterekin jokatu nituen. 33 urterekin utzi nuen, bi denboralditan ez nuen jokatu eta ondoren itzuli egin nintzen.
Gorka Mendia: Niri aurten utzarazi didate. 14 urterekin hasi nintzen, baina denboraldi batean edo bestean kale egin dut. Urte batean Arraten egon nintzen, baita Ormaiztegin ere, eta beste urte batean ez nuen jokatu. Iazko denboraldian eskubaloian hasi nintzenean oraindik jaio gabe zegoen mutil batekin egon nintzen taldean. Dena den, Mikelek meritu handiagoa du: urte askotan jokatzeaz gain, entrenatzailea izan da. Urola izan nuen lehen entrenatzailea izan zinen.
M.P.: Garai batean lehen taldeko jokalariek jubenilak edo kadeteak entrenatzea ohikoa zen.
Gogoratzen al duzue nolatan animatu zineten eskubaloira jokatzera?
M.P.: Roman izeneko La Salle-Legazpi ikastetxeko maisuaren bitartez hasi nintzela uste dut. OHOko zortzigarren mailan ikasten ari nintzen. Ondoren Goierri taldera pasatu nintzen eta honen eskubaloi saila desagertu zenean Urolara. 17 urtetik 33 urtera atsedenik gabe jokatu nuen.
G.M.: Gu ikastolan hasi ginen. Urolak bi ikasle ohi bidali zituen, Joseba Guridi eta Joseba Etxeberria, mutikoak lortzera. Futbolean baldar samarrak ginenok eman genuen izena. Nire klasean ia denok. Urte hartan hasi ginenon %80k hogeita hamar urte pasatxo izan arte jarraitu dugu.
M.P.: Urolak koadrila gutxi batzuei esker egin du aurrera. Eskubaloiak ez ditu futbolak bezainbeste zale eta ez da hautaketarik egiten. Datozen guztiak hartzen dira. Koadrilan etortzen dira. Azkenean, koadrila horiek guztiak bat egiten dira.
Urolan hasi aurretik elkar ezagutzen al zenuten?
G.M.: Biok Eitzagakoak gara! Gure belaunaldiko jokalari asko bertakoak ginen.
M.P.: Eitzaga jokalari gehien eman dituen auzoa da.
Asko aldatu al dira gauzak zuek hasi zinetenetik?
M.P.: Lehen giro hobea zegoen jokalarien artean. Entrenamenduen ostean hitz egiten gelditzen ginen eta asteburuetan elkarrekin bukatzen genuen parrandan. Gaur egun jokalariek partidetara joan, jokatu eta elkarri agur esaten diote.
G.M.: Jendearen konpromisoa lortzea zailagoa da. Lehen taldearentzat mutikoak lortzea, partidak arbitratzea… egin beharreko lanak zirela pentsatzen genuen. Taldea lagundu behar zen. Azken urteotan nire taldekideetako batzuk desagertu egiten ziren entrenamendua edo partida bukatu bezain pronto.
M.P.: Bi koadrila genituen eta eskubaloikoarekin ordu asko ematen genituen: areto-futbol txapelketetan parte hartzen genuen, taberna jartzen genuen klubarentzat dirua lortzeko… Horrek guztia talde sentimendua indartzen zuen.
Partida gehien jokatu dituzten artean izango zarete…
G.M.: Baietz uste dut, Iker Soraluzerekin batera. Berak marka guztiak hautsiko ditu, oraindik luzaroan jokatzeko moduan baitago. Guk 500 bat partida jokatu ditugu.
Definitu batak bestea.
G.M.: Defentsan, Urola ezagutu dudan jokalaririk onena da. Jenio bizia zuen eta hori inork ez du gaur egun. Erasoan lau mugimendu besterik ez zituen, baina beti ondo ateratzen zitzaizkion. Oso eraginkorra zen.
M.P.: Teknika eta buru bikaina zituen. Taldea bere gain hartzen zuen. Erasoan, arriskatu beharra bazegoen, berak egiten zuen. Defentsan ez zen horren oldarkorra, baina jokalari bikaina zen. Hala, Urolatik talde handiagoetara joan zen.
Zergatik utzi zenuten eskubaloia?
G.M.: Ezkontza-itunean bigarren seme-alaba jaiotzen zenean eskubaloia utzi behar nuela idatzita zegoen… Niregatik izango balitz, jarraitu egingo nuke, batez ere honakoa 25. urteurrenaren denboraldia delako. Dena den, nire gorputza ez dago jada tontakeria askotarako.
M.P.: Nire belaunaldikoek erretiroa hartu zuten eta motibazioa galdu nuen.
Taldeari laguntzen al diozue?
M.P.: Iaz kadete mailako taldea entrenatu nuen eta eskatzen didaten bakoitzean nire laguntza eskaintzen dut.
G.M.: Nik ere talderen bat entrenatu nuen, denbora gehiago nuenean. Ezin naiz partidak ikustera joan, jokatzeko gogoa pizten baitzait.
Ba al da bereziki gogoratzen duzuen anekdotarik?
M.P.: Lehen gure artean zegoen giro onaz hitz egin dugu. Behin 30 lagun baino gehiago Asturiasera joan ginen astebete igarotzera: jokalariak, zaleak, jokalarien gurasoak eta neskalagunak…
G.M.: Itzela izan zen.
Zer eman dizue eskubaloiak?
M.P.: Asko eman digu: jendea ezagutzeko aukera, hezkuntza…
G.M.: Inguruko taldeetan, eta gurean ere, ez dut guk bizi izandakoa ikusten. Gutako asko 15 urte elkarrekin aritu ginela kontuan izan behar da.