Finean, betidanik mitozalea naizela uste dut. Umetatik mitifikatu dudan hori guztia bilakatu naiz. Pertsonaia bat sortu dut, baina ez da aurreikusia izan. Halakoa naiz eta kitto. Urteen poderioz guztia baretu egiten da eta lehen neurriz gainekoagoa nintzela pentsatzen dut.
Zeintzuk dira zure mitoak?
Nahiko begi-bistakoa da. Ni begiratzea besterik ez dago. Argi dago zein jende mota mitifikatzen dudan: Keith Richards eta bestelakoak.
Zer edo zer emango al zenuke bera ezagutzearren?
Ez. Berarekin topo egingo banu, ez nintzateke ihesi aterako, baina nahiago nuke berarekin hitz egin beharra izango ez banu. Ezta Jaggerekin ere. Bestela, zer esan jakin gabe geldituko nintzateke eta ergel itxura emango nuke.
Zure aitona aizkolaria zen. Nondik datorkizu halako rock zaletasuna?
Ez dakit. Hau hautatu nuen, baina beste edozer hautatu nezakeen.
Zein da musikarekin lotuta egin duzun zorakeriarik handiena?
Eskenatokian ukondoa hautsi nuen. Castellón izan zen, duela zazpi urte. Bestalde, urtetan hainbat fetitxe bilatu ditut. Rolling Stones taldearen Jumpin Jack Flash kantaren single originala, adibidez.
Zeure burua rock izartzat al duzu?
Ez. Ez dut rol hori betetzen. Musika egiteko beharra dut, baina ez naiz musikatik bizi eta ez dut musikatik bizitzeko asmorik. Gauzak asko aldatu dira. Rock izarra izateak ez du lehengo esanahia. Dena den, ez zait gustatzen egiten dudan honi hobby deitzea. Niretzat bizitzan egiten dudan gainontzeko guztia baino askoz ere garrantzitsuagoa da.
Rock izarra izateko ospe handiagoa behar dela uste al duzu?
Bai. Gainera, ez zait asko gustatzen denen ahotan edo denak niri begira egotea. Ez dut halako nabarmentasun beharrik. Ez da hori bilatzen dudana. Hau guztia nire gustuen ondorioa da.
Dena den, Urretxu eta Zumarragako bezalako bi herritan, zure lana, postura eta itxura nabarmenak dira.
Urte hauetan guztietan denetik jaso dut: begiradetatik hasi eta muturrekoetan bukatu. Hasieran min egiten zidan, baina jada 17 urte daramatzat halakoa izaten. Ez diot garrantziarik ematen. Toki guztietan daude ergelak. Ez nau kezkatzen.
Urretxuko eta Zumarragakoak izanik, zailagoa al da zuen lana egitea?
Haizearen kontra borroka egin behar izan dugu, baina hasieratik bagenekien hala izango zela. Bagenekien ez genuela hemen nagusi diren joerak lantzen dituztenek bezain harrera ona izango. Dena den, musika nahiko komertziala egiten dugu. Gure abestiak entzuteko errazak dira.
Zer falta izan zaizue pauso bat gehiago emateko?
Ez dakit. Beharbada, horretarako aukera genuenean banandu ginen. Arrazoi pertsonalak eta profesionalak medio banandu ginen, baina orain planteamendu ezberdina dugu. Buru-belarri jardun nahi bagenu, gure lanpostuak utzi beharko genituzke. Ez dugu nekez bizi nahi, horrek lanaren kalitatean eragina baitu.
Zergatik erabaki zenuten itzultzea?
Banda bilatzea oso gogorra da. Gure arteko ulermena eta harremana ez dugu beste inon aurkituko. Arazo puntualak izan genituen, baina egun gure arteko harremana sekula baino hobea da.
Taldea sortu zenuten lau lagunak umetatik elkar ezagutzen duzue.
Hori da deigarriena, gure musika edo estetika baino gehiago. 14 urteko lau gaztetxo elkartzea eta handik 15 urte baino gehiagora elkarrekin jarraitzea benetan harrigarria da.
Zer da zuretzat The Hot Dogs?
Beharbada, bizitzan dudan gauzarik garrantzitsuena.
Zein da eman duzuen kontzerturik gogoangarriena?
Bat baino gehiago izan dira bereziak. Villarcayoko Morcilla Rock jaialdian jo genuen lehen aldia oso berezia izan zen. Lehen aldiz 1.000 lagun baino gehiagoren aurrean aritu ginen. Jam aretoan hasierako talde gisa jo genuen lehen aldia ere ondo oroitzen dut, Backyard Babies taldearen aurretik aritu ginen.
Zer asmo dituzue 2008rako?
Maiatza aldean estudioan sartu nahi dugu, laugarren diskoa grabatzera. Behar baino abesti gehiago konposatu eta grabatu behar ditugu. Orain arte beharrezkoak soilik grabatu ditugu eta gero beti dago nahi bezain ondo gelditzen ez den abestiren bat. Horrek diskoari indarra galdu arazten dio.
Nork promozionatzen zaituzte?
GP Producciones enpresarekin gabiltza. Ez ginen oso ondo hasi, baina iazko maiatzetik hona guztia asko hobetu da eta oso gustura gaude beraiekin. Nahikoa jo dugu eta sasoian gaude. Udatik hona 20 bat kontzertu eskaini ditugu eta horrek asko animatu gaitu. Taldeko kideok erreleboka lan egiten dugunez, batzuetan, bi astetan ez dugu elkartzerik. Elkartzen garenean, ordea, egunero entseatzen dugu.
Beste zer edo zertan ari al zara?
Spezial Guest eta Apicultors taldeko Pescak eskatuta Two Requirements taldean parte hartu dut. Bere abestietako bati letra jartzea eta kantatzea proposatu zidan. Lau pasa zizkidan, gustatu egin zitzaizkidan eta egitasmoa nire egin nuen, nolabait. Emaitza ona lortu genuen. Ea norbaitek gure lana editatzen duen: www.myspace.com/tworequirements Web gunean entzun daiteke. Bestalde, noizean behin zuzenean jotzeko asmoa dugu.