Urretxun jaio, Zumarragan urte mordoa bizi izandakoa eta Urretxura itzulitakoa naiz. Beraz, Urretxu-Zumarragakoa naiz. Grupo Santa Barbara eta Altamira baserriaren artean dauden bi etxe bloke horietako batean jaio nintzen, 1955ean.
Zein familiatan jaio zinen?
Bi anaia besterik ez gara. Aita ezkiotarra zen eta ama Zumarragakoa, baina bere familia jatorriz Itziarkoa da. Etxezarreta Ezkiokoa da eta Alberdi Itziarkoa. Etxezarreta gehientsuenek baserria utzi eta kalera etorri ziren 50eko hamarkada inguruan, industrializazioaren giro horretan. Gehientsuenak lantegietan hasi ziren, baina osaba zaharrenak Julian taberna ireki zuen. Legazpin beste hiru osaba ditut, okinak izandakoak. Beste osaba bat Barreiro pastel-dendan jarri zen. Aita, berriz, lantegira joan zen. Aparizionen hasi zen eta gero Orbegozon sartu zen. Gauez ikasi eta egunez lan egiten zuen. Orbegozon egon zen erretiratu zen arte.
Zuen aitak ikasteko grina zuen, beraz.
Zalea zen. Eskola zuen, formazioa lortzen saiatu baitzen. Batxilergoan, algebra ikasten ari nintzela, aitak bazekiela deskubritu nuen. Garai hartako aita gehienek ez zekiten halakorik. Nireak formazio teknikoa zuen, ofizioa enpresan ikasi zuen eta ajusteko enkargatu izan zen. Etxean asko irakurtzen zuen. Gure etxean beti liburuak izan dira. Amari dagokionez, gazte-gaztetatik lanean hasi zen, neskame. Ormazabal likore fabrikakoen etxean egon zen, ezkondu zen arte.
Urretxun eta Zumarragan bizi izandakoa zarela esan duzu.
Ni Urretxun jaio nintzen, baina gero Legazpi auzunera joan ginen. Nire anaia han jaio zen. Ezkondu nintzenean Urretxuko Barrenkalen jarri nintzen bizitzen. Urretxukoa eta Zumarragakoa sentitzen naiz. Oso eroso sentitzen naiz batean eta bestean. Baten-batekin dialektikoki sesioa nahi badut, bataren edo bestearen alde jarriko naiz, baina biak sentitzen ditut oso nireak. Bailara honetakoa sentitzen naiz, bereziki. Ezkio ere barrutik sentitzen dut. Oso ondo ezagutzen dut, aitarekin urte asko eman baititut mendian eta ehizean. Hemengoa sentitzen naiz. Ezkondu eta gero bi urte eta erdi eman genituen Donostian, baina ez ginen egokitu eta itzuli egin ginen. Ume txikiak genituen eta hazteko Urretxu-Zumarraga erosoagoak iruditu zitzaizkigun. Gainera, umeak hazi behar dituzunean, senideen laguntza behar izaten da. Aukera ona egin genuen. Beste bikote batekin etxea egiteko aukera izan genuen eta oso ondo moldatu gara. Aste bukaeretan eta festetan gozatzen dut etxeak eta inguruak ematen dituzten aukerez.
Non egin zenituen ikasketak?
Zorte izan nuen: auzoko beste neska eta mutikoekin batera Hiri Lorategian zegoen haurreskolara joan nintzen. Orain buru osasun zentroa dagoen tokian zegoen. Sei urte nituenean La Salle-Legazpi eskolara joan nintzen. Nirea Urretxuko institutuko lehen promozioa izan zen. Gero maisutza ikasi nuen Gasteizen. 40 urte pasatxo izan arte jarraitu dut ikasten: pedagogia lizentziatura eta doktoregoko bi kurtsoak egin nituen. Kudeaketa estrategiak eta zuzendaritza ikastaroak ere ikasi ditut. Eskolako formazio reglatuaz gain, lanbidean ere ikastea tokatzen da. Horrek irakurtzea eta formazio saioetan parte hartzea suposatzen du. Bizitza osorako ikasketak ez dira egiten, bizitza osoan ikasi behar da. Teknologia, zientzia, bizitza soziala, enpresa… aurrera doazen neurrian, gero eta gehiago exijitzen da egunean egotea eta jakin-mina izatea. Bizitza egoki baten gakoak dira.
Nola oroitzen duzu zure haurtzaroa?
Bizitza oso ezberdina zen. Ni kalean eta baserrian hazitakoa naiz. Amaren aldeko baserrian, Leturiondon, denbora asko eman nuen. Bestalde, kalean asko ibilitakoak gara. Orduan ez zegoen trabarik eta trafiko gutxiago zegoen. Gurasoek Galeperra elkarteko taberna izan zuten eta garai hartan Zumarragako erdigunea ezagutu nuen. Baserri giroa eta kale giroa oso ondo ezagutzea tokatu zait. Abertzale giroa ezagutzea tokatu zait, baina baita erdalduna ere. Biak oso gertu izan ditut. Eskolan erdalduna bakarrik ezagutu genuen. Familiak euskal giroa gorde zuela eutsi genion geure senari. Kalean bizi ziren askok euskara galdu zuten eta ondo ulertzen dut. Bizi izan ez duenak nekez ulertzen du.
Aldaketa handia nabaritu al zenuen Gasteizera joan zinenean?
Garai hartako Gasteizek eta egungoak ez dute zerikusirik. Ordukoa herri handi bat zen. Denek elkar ezagutzen zuten. Apaizez, mojez eta militarrez betea zegoen. Han egin genituen lagunak Mirandakoak, Gasteizekoak edo Errioxakoak ziren, guztiak erdaldunak. Arrotz sentitzen ginen, baina oso urte gutxiren buruan aldaketa handiak gertatu ziren. Giro politikoa gero eta beroagoa zen eta Gasteiz ikasleen gune bat bilakatu zen. Valladoliden-eta eskaintzen ziren ikasketa asko Gasteizera eraman zituzten eta eskolak ikasle euskaldunez bete ziren. Bestalde, fabrikak ugaltzearekin batera, langile kontzientzia esnatu zen. Eusko Jaurlaritza sartzearekin batera, erabat transformatu zen. Zerbitzuen eta administrazioaren hiria bilakatu zen eta sekulako espansioa izan zuen.
Gasteiz inguruko ikastolak ere ezagutuko zenituen.
Oso ikastola ezberdinak ziren, sortzez eta bilakaeraz. Irakasle ikasketak egitera joan ginenean, oso argi genuen zer nahi genuen. Ordurako hemengo ikastolarekin harremana genuen eta ikastola irakasle bihurtzera joan ginen. Oso ondo etorri zitzaigun Gasteizko giro hura ezagutzea, zenbait gauza erlatibizatzeko eta Euskal Herria Gipuzkoa baino zabalagoa zela ikusteko. Hori ikastolen mugimenduaren bitartez ere ikusi dut. Mugimendu anitza da, gizarte honen isla. Euskal Herria ez da bakarrik euskaraz hitz egiten duen hori, askoz ere anitzagoa da eta askotan ahaztu egiten zaigu. Gasteizen, Nafarroa hegoaldean, Arabako Errioxan, Enkarterrietan, Behe Nafarroan, Zuberoan… asko ikasten da. Sakoneko euskalgintza eta efizientea egin nahi bada, denetik ikasi behar da.
Nolakoak izan ziren zure lehen harremanak ikastolarekin?
Ikastoletan irakasle euskaldun behar handia zegoen, baina beldurra ematen zuen herrian bertan gelditzeak. Izan ere, presio sozialak ikaragarri eragiten du. Gazteek, ordea, askatasuna nahi dute. Herrian gelditzea erabaki nuen, ordea. 1975eko irailean hasi nintzen. 19 urte nituen, 20 betetzeko. Sartu nintzenean ni baino irakasle zaharragoak zeuden, baina zaharrak ziren irakasle haiek 30 urtetik gorakoak ez ziren. Agure koadrila iruditzen zitzaidan. Han zeuden gizonezko gehientsuenak seminariotik pasatakoak ziren. Kontraste handia zegoen, gehientsuenok euskal jatorrikoak baginen ere. Gure belaunaldiaren eta aurrekoaren artean alde handia zegoen: ikuspegi ideologikotik, euskara ikasteko moduan… Hori ona izan zen, bai haientzako eta bai guretzako ere.
Nolakoa zen 70eko hamarkada erdialdeko ikastola?
Urretxu-Zumarragako ikastolak bere historia du. Nekez ulertu daiteke, Pasiotarrek herri honetan izan duten rola begiratu gabe. Gerra osteko garai gogor haietan, Pasiotarrak gerra galdu zutenen gotorlekua izan ziren. Kulturari eta hizkuntzari dagokienez ere gerra galdu zuten. Baita esperantza ere. Garai hartako jende askorekin elkarrizketak izateko aukera izan dut eta euskaltzale eta abertzale sentimendua zuten gehienek ez zuten babesik izan ez Zumarragako parrokian eta ezta Urretxukoan ere. Pasiotarren babesa izan zuten batez ere. Elkargunea izan zen. Bestalde, Gau Eskola martxan jarri zen, Euskal Herrian mugimendu hau oraindik hasi gabe zegoenean. Dantza eta antzerki taldeak eta abesbatza ere izan ziren. Urte haietan apaizgai asko zegoen eta euren bueltan kultur giro oso indartsua. Lau horma haiek hizkuntzari, kulturari eta harreman politikoari babesa ematen zioten. Bestalde, jende euskaltzalea ikuskizunetan biltzea lortu zen. Euskaltzaleen masa kritikoa sortu zen eta horrek ikastola izango zen lehen kimua eman zuen. Horretarako, jendea eta eraikina zeuden. Fraideek, etxea emateaz gain, legalizatzeko bidean erraztasunak eman zituzten. Irakasle formatuak, herri indarra, euskaltzale ospea eta elizak ematen duen babesa zuten. Ikastolak hazkunde izugarria izan bazuen bi fenomeno horiengatik izan zen: masa herritarra zuelako eta Pasiotarrek ekimena babestu zutelako. Oso gutxi idatzi da horretaz eta lekuko asko galdu egin ditugu jada. Oso urte zailetan euskaltzaletasunari eutsi zioten horiek.
Nolakoa izan zen ikastolaren bilakaera?
Gizarteak eskatzen zuenari erantzun behar izan zion eta hainbatetan sekulako gatazkak izan ziren. 1969 inguruan giro politikoa oso ozpinduta zegoen eta tentsio handiak izan ziren. Hiruzpalau urte behar izan ziren horri buelta emateko. Hemengo ikastola euskara batuaren kontra zegoen eta 1975 arte ez zuen posizio hori aldatu. 1976an elkartu zen ikastolen elkartera. Aldatzen eta egokitzen jakin zuen. Bestalde, oso integratzailea izan da. Gipuzkoako ikastola gutxik eskolatu zituzten horrenbeste ume erdaldun. Zailtasunak izan ziren eta ikastolaren nortasuna ere kolokan jarri zen guraso erdaldunen seme-alaba kopurua besteena baino handiago zelako. Hemen ezagutzen den mestizaiak ikastolan du sorgunea. Bestalde, Urretxu eta Zumarraga ere batu ditu.
Zer eskola eman zenituen irakasle lanetan hasi zinenean?
Eskolatze arazoak zituzten neska-mutikoekin hasi nintzen. Horrekin batera, itzulpenak eta euskarazko materialak egin nituen. Garai hartan ez zegon egungo baliabiderik. Ikastolak klixeak egiteko makina eta multikopista zituen eta haiek erabiltzen ikasi nuen Jesus Mari Iturriotz zuzendariaren eskutik. Material asko atera genuen bion artean. Hurrengo urteetan taldeen ardura izan zuen, OHOko 3. eta 4. mailakoak. Gero 6. mailan izan nintzen eta 7. eta 8. mailakoei ere eskola batzuk eman nizkien. Ondoren, talde berezietara itzuli nintzen. 80. urtean zuzendaritza hartu nuen.
Fraideen ondorengo lehen zuzendaria izan al zinen?
Hala da. Aurreko hiruak Joxe Martin Camino, Joxe Agustin Orbegozo eta Jesus Mari Iturriotz izan ziren. Gorri ospea nuen eta ni izendatzeko arazoak izan ziren. Gainera, oso gaztea nintzen: 24 urte besterik ez nituen. Denok leialtasun handia erakutsi genuen. Ikastolak kudeaketan aldaketa behar zuen, herrikoitasunean sakondu beharra zuen… Oso lehendakari ausarta zegoen, Jexux Alberdi, eta sekulako babesa eskaini zidan. Pasiotarrek utzitako hutsunea herritarrek bete behar zuten eta gurasoen babes handia topatu nuen. Bestalde, irakasle taldearen laguntza ere handia izan zen. Sekulako apustua egin zuten pedagogia aldaketaren alde. Bestalde, urte haietan Pasiotarrekin akordioak lortu ziren, espazio beharrari erantzun zitzaion eta Lizeoa ireki zen. Horrez gain, urte haietan aldaketa politikoa izan zen eta lehenengoz hauteskunde batzuen ondoren sortutako Udalarekin lan egin genuen. Juanito Arbizu eta Jose Luis Ruiz ziren alkateak eta laguntza handia eskaini ziguten. 80ko hamarkada aberatsa izan zen. Ez dago gaur egungo Urretxu eta Zumarraga ulertzerik ikastolaren ekarpenik gabe. Ikastola beste eskolak euskalduntzeko akuilurik handiena izan zen. Matrikulazio handia genuen eta ia 40 ume utzi behar izan genituen mojetan. Horren bitartez hasi zen lehen euskal adarra mojetan. Bestalde, orduko Juan XXIII eta Zelai Arizti ikastetxeetako irakasleen euskalduntzea ikastolan egin zen. Ikastolak hartu zuen herritik, baina asko eman zion herriari.
Noiz utzi zenuen zuzendaritza?
1988an. 1986an aldaketa politikoa gogorra izan zen. Hauteskundeak alderdi sozialistak irabazi zituen lehenbiziko aldiz. Lehendakaria ez zen sozialista izan, baina Hezkuntza saila euren esku gelditu zen. Ikastolak zeru eta lur besterik ez genuela gelditu ginen. Dirulaguntzak lotu gabe genituen eta alderdi sozialistaren lehen lana ikastolak motzean lotzea izan zen. Sekulako krisia bizi izan zen ikastolen mugimenduaren barnean. Sozialistekin egin behar ziren negoziaketetan parte hartzea eskaini zidaten. 1986tik 1988ra negoziaketen ardura eraman nuen. Sozialistekin akordioa lortu genuen. Horrekin ikastolak ekonomikoki eta juridikoki babestuko zituen legea atera zen. Horrek ikastola uztera eta ikastolen mugimendura dedikatzera eraman ninduen. Negoziazio politikoetan eta sindikaletan hasi nintzen. LAB eta ELArekin negoziatu genuen konbenioa egiteko, ikastolen artean zeuden soldata eta lan baldintza aldeak berdindu genituen, elkartasun kutxa antolatu genuen ikastola pobreenei laguntzeko… Dena den, urteetan Urretxu eta Zumarragako ikastolako langilea izaten jarraitu nuen. 2003a arte ez nuen kontraturik izan Konfederazioarekin. Hemengo ikastolan eszedentzian nago.
Zein da zure lana?
Autoan lan egiten dut, ikastolaz ikastola eta federazioz federazio ibiltzen bainaiz. Hamabostean behin Donostia, Bilbo, Zamudio, Gasteiz, Iruña eta Baionan izaten naiz. Bestalde, ikasturte honetan Euskal Herriko ikastola gehienetatik pasatzen ari naiz. Ezorduetan gainera. Etxera heltzen naizenerako gauerdia izaten da. Askotan asteburuak izorratzen ditut eta baita opor egunak ere. Ikastolen mugimenduak bizitza pertsonalaren zati inportantea jan izan du beti, baina ez dugu inongo errukirik merezi. Gustatu egiten zaigu. Lan atsegina dut eta konpentsatzen duela uste dut.
Itzuliko al zara inoiz Urretxu eta Zumarragako ikastolara?
Zaila izango da. Duela sei bat urte eskolak ematera itzultzea pentsatu nuen, baina Konfederazioan lan talde zabala behar da: gazteez eta zaharrez osatutakoa.
Nola ikusten duzu Urretxu eta Zumarragako ikastola?
Gertutik jarraitzen dut. Izan ere, lankide zaharrak ditut bertan eta harreman beroa dut horietako askorekin. Gainera, bertako gurasoa izan naiz duela gutxira arte. Urretxuko ikastola oso ondo kokatuta dago planteamendu pedagogiko aldetik eta oso profesional onak ditu. Ikastolen mugimenduari ekarpen handia egiten diote. Asko liberatuta daude edo egon dira ikasmaterialak egiteko.
Nola ikusten duzu hezkuntza Urretxu eta Zumarragan?
Ditudan datuen arabera, ikastolak bere posizio indartsua mantentzen du. Eskaintza hirura mugatu da. Hiru ikastetxe erlijioso izatetik batera pasatu gara eta bi ikastetxe publikotik batera. Bestalde, ikastolak bere nortasuna mantentzen du. Urretxu eta Zumarragako soziologian oreka dago. Hiru ikastetxeen presentzia oso garrantzitsua da Urretxu eta Zumarraga euskaldun baten alde. Zer edo zertaz harro banago, horretaz da: oso gutxik pentsatuko zuten 1966an, ikastola sortu zenean, 40 urte beranduago herriko ikastetxe guztiak euskaldunak izango zirenik. Urretxuko ikastolaren ekarpen handiena hori da. Gaur egun Urretxu eta Zumarragako gurasoek ez dute euren seme-alabak euskara ez den beste hizkuntza batean eskolatzen. Dena den, ikastolak gehiago garatu beharko luke euskaldun identitatea. Euskarazko irakaskuntzarekin batera, kultur identitatea sakondu behar da gerora begira. Euskaldun identitatea garatzeko eta modernizatzeko dago. Inork hori egitekotan ikastolak egin dezake, daukan eskarmentuagatik.
…
Bestalde, identitate herritarra sakondu beharra du. Ikastetxeak herriaren eguneroko dinamikan gehiago inplikatu beharko lirateke. Ikastetxeak gizarteratzea eta gizartea ikastetxeratzea bilatu behar da. Horrez gain, bere ardura zuzena ez den arren, ikastolari ihes egiten dio Urretxu eta Zumarragak azken urteotan izan duten atzerakada sozio-ekonomikoak. Ikastolak bere ekarpena egin beharko luke errekuperazioan. Tamalez, ez da asmatu herri hauen garapen ekonomiko eta sozialean. 80ko hamarkadan industria eta ekonomia galera handia izan zen eta politikoek ez dute erantzuten jakin. Eskerrak UGLE martxan jarri zen… Dena den, esfortzua egin behar da gure ondorengo belaunaldiek Urretxu eta Zumarragan lan egiteko aukera izan dezaten.
Euskaldun identitatea garatzeaz hitz egin duzu. Hori izango da zuk zuzentzen duzun Konfederazioaren helburuetako bat.
Helburua berbera da Euskal Herria mailan, baina tokian tokiko egokitzapenak egin behar dira. Tafallako ikastolak eta Etxarri-Aranatzekoak ez dute rol bera izan behar. Ezta Lapuebla Labarkakoak eta Laudiokoak, Azpeitikoak eta Urretxukoak edo Balmasedakoak eta Lekeitiokoak. Oso inportantea da denentzako formula komuna edukitzea, baina tokian tokiko giroari eta gizarteari atxikitzea eta hari irtenbideak ematea. Euskararen herriak etorkizuna izango du, baldin eta hori egiten badaki.
Asko aldatu al da irakaskuntza zu hasi zinen garaitik?
Egun exijentziak handiagoak dira eta medioak hobeak dira. Dena den, gauza bat ez da behin ere aldatzen: ikasle eta irakaslearen arteko harremana ezin da inoiz ordezkatu. Harreman hori gakoa da. Norbaitek hori teknologiaren bitartez ordezkatu nahi badu, gaizki dabil. Hezkuntza prozesua soziala da. Integrazio prozesu bat da. Elkarrekin ikasten dugu eta elkarri irakasten diogu. Lan komunitarioa da.
Egia al da ikasle eta irakasleen arteko harremana lehen baino zailagoa dela?
Hori diote. Niri erlatibizatzea gustatzen zait. Ez du uste zailagoa denik, ezberdina baizik. Irakasle nintzenean oso guraso eta haur ezberdinak nituen. Gu ere oso ezberdinak ginen. Egun dugun eskarmentuarekin, lehengora itzuliko bagina, gauzak beste ere batera egingo genituzke. Bakoitzak dagokion garaian erantzuten du eta ahalik eta zintzotasun handienaz erantzun behar du. Egungo haurrek beharrizan ezberdinak dituzte eta irakasleek eta gurasoek euren posizioa mantentzen jakin behar dute, baina baita aldi berean malgutasuna erakusten ere. Aurrean dugun horrekin zer edo zer ezberdina eraiki behar dugula sinesten badugu, eta ez norberarena inposatu, arriskatu eta oreka bilatu beharra dago.
Zeintzuk dira zure kezkak hezkuntza mundutik kanpo?
Urte asko daramatzat herriko aktibitatean sartu gabe. Tentazioa izan nuen, baina denbora arazoak ditut. Zer edo zertan sartzeko, erabat inplikatu beharra dago efizientea izateko. Har txiki bat dut barruan, Urretxun eta Zumarragan lehen adina lan egiten ez dudalako. Neure buruari hotzaldia emateko etxeko lanak egiteko ere larri nabilela esaten dut. Egia esan, ikastolen mugimenduak egunero 16 ordu kentzen dizkit. Urretxu eta Zumarragako gorabeherak lagunen, senideen eta irakurtzen eta ikusten dudanaren bitartez jarraitzen ditut.
Non ikusten duzu zeure burua erretiroa hartzen duzunean?
Gizarte eta ekonomia arloetan euskal identitatea garatzen. Euskara eta kultura arloetan bidea markatu da eta emaitzak ematen ari da. Dena den, azelerazioa izango balute hobe. Gainera, sostengu ekonomikoa eta soziala behar dute. Urretxu eta Zumarraga bidegurutzea izan dira, industria indartsua izan dute, zerbitzuen antolaketa egokia ere bai… baina hori galtzen ari garen beldur naiz. Horrek desoreka demografiko eta kulturalak dakartza. Horren ardura ez da bakarrik herritar xumeena. Udaletan eta Diputazioetan daudenek zeresan handia dute. Ez dugu nahiko presiorik eragiten bi herrion berreskuratzea lortzeko.
Bestelakoan, zer zaletasun dituzu?
Mendia ikaragarri gustatzen zait. Bestalde, familiarekin ahalik eta denbora gehien pasatzen ahalegintzen naiz: emaztearekin eta alabekin, anaiarekin, koinatuekin… Lagunekin denbora gutxiago pasatzen dut. Denborarik gehiena lanetik desintoxikatzen eta zor diedan pertsonekin egoten ematen du.