![](https://www.otamotz.eus/site/files/2008/02/nekane_munduate.jpg)
Nekane Munduate Urdangarinek (Ataun, 1973) fakultatean ezagutu zuen keramika eta handik denbora batera nabaritu zuen harenganako erakarpen berezia. Oraindik ere material honen inguruan ikertzeko askoz gehiago duela azpimarratzen badu ere, orainarte egindako lanen atal bat ikus daiteke egunotan Urretxuko Juan de Lizarazu erakusketan, lehen aldiz. Erakusketa otsailaren 24ra arte egongo da zabalik.
Zer ikusi daiteke erakusketa honetan?
Keramika lanak marrazkia eta testuarekin uztartu ditut oraingo honetan. Gaia tortura da. Orain arte testuak bibliografia moduan erabili izan ditut bakarrik. Orain ikusi dut testu batzuek tokia behar zutela erakusketa honetan eta espazioan egokitu ditut. Horrela Gabriel Arestiren Harri eta Herri harriarekin lotu dut. Angel Rekalderen testuan itxitasuna adierazteko markoa jarri diot…
Hortaz, keramika baino gehiago bada.
Bai. Keramikaz gain hiru erregistro gehitu ditut, hizkuntzarekin lotuak. Alde batetik onomatopeiarekin lotutakoa, bestaldetik sentimenduekin eta hirugarrenik alde psikologikoari dagokiona. Denak torturari dagozkionak, eta bakoitza etapa batekin lotuak, esan genezake. Erakusketa honetan egurra, testua edo marrazkia aurkitu daitezke, keramika baino harago. Keramikak hori egiteko aukera ematen du.
Zenbat denbora eman duzu lan honekin?
Gai baten inguruan lan sistema ezartzen dut, eta honekin bi urte eta erdi inguru igaro ditut. Bibliografia bildu, ikusi, sentitu… Prozesu baten ondorioa da. Erakusketa egiteko asmoa sortu zitzaidan, Urretxura jo nuen, eta hortxe dago ikusgai.
Prozesu hau amaituta, orain zertan ari zara?
Buruan ideia asko eta gai asko dauzkat baina orain atsedenerako tarte bat gorde behar dut, etenalditxo bat egin.
Beste zein materialekin egin duzu lan keramikaz gain?
Arte Ederretan lizentziatu nintzenean, egurrari nion estimu berezia. Fakultatean ezagutu nuen keramika baina momentu hartan ez nion arreta gehiegi eskaini. Gero erakarri ninduen, ikastaroak egin nituen eta hortik aurrera, bakarka jardun naiz, ikertze prozesuan, ekin eta ekin, erakusketak egiten, eta abar.
Keramikaren inguruan gehiago jarduteko asmoa duzu?
Momentuz ez dut bazterrean uzteko asmorik. Horren inguruan gehiago ikertzeko asmoa dut, oraindik gauza asko ez dakizkit eta. Beste ezertan hasten banaiz ere, keramika utzi gabe izango da, etenik gabeko haria da.