Hogei bat urte dira nagola
Urretxutik aldenduta,
hiriburuko zurrunbiloan
baserritarra galduta.
Orain burura etorri ohi zait
gazte garaiko gomuta,
gauzak hobeto ikusten dira
distantzi pixkat hartuta.
Irimopetik lizeorantza
nindoan “Vespa” batetan,
zelai berdeak atzean utziz
sartu herriko kaletan.
Urola, marroi, berde edo urdin
eta Orbegozo ketan,
bizipen hoiek zaildu gintuzten
bizitzaren erronketan.
Santa Anastasi izan det beti
festa guztien kuttuna,
kuadrila giro paregabean
disfrutatu ohi deguna.
Turista gisa hurbildu arren
pasatu asmoz eguna,
gehien-gehiena estimatzen det
jendean gertutasuna.