Zer habil motel? –egiten zion oihu aitak− Hipnotizatu egin nahi al duk? Eman iezaiok jaten eta utzi ezak bakean behi gaixoa. Eguerdia aurretik hausnarrerako denbora behar dik eta!
Batzuetan, aitari hori entzuteko bakarrik egoten zen abelgorriari so Martin. Baina gehienetan motiboa beste bat zen. Bigantxa hartatik haratago egoten ziren mutikoaren begiak.
Bere etxolaren gaineko kristala hautsi zuen Pintxok oraindik jostaria zen garaian. Antza denez, etxolako teilatura igo zen etxekoek zaunka nola egiten zuen hobeto entzun zezaten. Orduan, Sarasketako lehoiak bere burua beiran islatuta ikusi zuen eta eraso egin zion. Tronoa berea zen.
Bere islarekin zuen borroka galdu eta azkenean, ukuiluan bukatu zuen gizagaixoak. Txintxarriren amonaren oinetan ahuspez eta kristal zatitxoez inguratuta aurkitu zuen Martinen aitak. Ordutik aurrera ez zuen bururik altxatu Sarasketako txakur destronatuak. Erretiro boluntarioa izan zen berea.
Bere borondatez ez zen irteten, baina igandeetan, Martinek askan sartzen zuenean, ez zuen eragozpenik jartzen. Burumakur joaten zen mutikoaren atzetik. Aurreko hankak askaren ertzean jarri eta atzekoekin inpultsoa hartuta, sasi artera egiten zuen salto. Askako sasiek hautsi zuen leihoaren kristalek egiten zioten min bera emango baliote bezala, orroe egiten ahaztu zitzaion lehoia ematen zuen.
Egia esan, ez zioten Pintxori bere erorketa ahazten asko lagundu. Ez zuten berak hautsitako leihoa inoiz konpondu. Ofizialki, txakurra berriz egoera hartan ez jartzeko, hau da, kristalaren bestaldeko bere alter egoari eraso egiteko grinarik ez izateko. Baina benetako motiboa beste bat izan zen: uzta txarren irabazi apurrak premiazkoago zeritzaten kontuetan xahutu beharra.
Beiraren ordez, urrutira joandako ahaide urrun batek bidalitako lamina jarri zuten. Munduko mapa bat zen. Anaia maiorazkoaren morroi izan nahi ez eta, urez joan zen Sarasketatarrak etxekoek non bizi zen jakitea nahi zuen: nora eraman zuen itsasontziak eta non sortu zuen Sarasketa Inn..
Indianoak gutxien uste zuen lekuan bukatu zuen mapak: ukuiluan. Inork ez erreparatzeko moduko lekuan. Horregatik zen ezkutatutako altxorra Martinentzat. Horregatik egoten zen Martin Txintxarriren parean, behiak trenari bezala mapa hari so. Ez zen gehiegi hurbiltzen, ez zuen galderarik egiten. Begiratu egiten zuen, besterik ez.
Dena onetik ematen badiok Txintxarriri, zer jan behar diate besteek? –aitak goseak zuen ganadua, eta denek gose bera izan zezaten saiatzen zen.
Hori entzundakoan, lilurapenetik irten eta isil-isilik lanari ekiten zion Martinek: Gorri, Marilin, Oker eta Muturbeltzen asketan ere zabaltzen zuen belarra.
Martin, bukatu al duk? Ez haiz, bada, oraindik Txintxarriri begira egongo! Hator, Marilinen atzean nagok. Har ezak pertza eta hoa amarengana, gaur ere bapo gosalduko duk, seme! Handi egingo haiz hi, aita baino handiago!
Normalean, ez zuen berriz bere izena entzun beharrik izaten, jetzi berritako behiari eskerrak emateko burua makurtuz agur egin eta aitaren hitzak obedituz, pertza hartuta sukaldera joateko. Handi egingo zen egunarekin amestuz egiten zuen ukuilutik sukalderako bidea. Zazpi egunetatik seitan presaka eta igandeetan lasaiago.
Non hago seme? Igandea duk, baina ez diagu egun osoa ganadu-jira egiteko. Ez nazak zain eduki. Utzi ezak behi adar-oker hori bakean eta har ezak pertza. Zeri begira egongo ote haiz! – bazekien, hori uste zuen behintzat.
Egun hartan, ordea, berriz deitu behar izan zion aitak; Martinek ez zion entzuten. Zeregin garrantzitsuagoetan sartuta zebilen buru belarri. Egia zen, batzuetan, aitaren marmarra entzuteko bakarrik egoten zela Txintxarriren parean kieto. Egia zen baita ere, gehienetan, Txintxarriren atzeko mapari begirik ezin kenduta egoten zela. Hala ere, egun hartan Txintxarriren oinetan zegoen mutikoa. Belauniko, Ameriketatik iritsitako laminari iltzeak kentzen ari zen isil-isilik.
Martin! Etorriko haiz halako batean! Pintxo askan sartzen uztea nahi baduk etorri hadi Marilinen atzera derrepentean.– Behiek marruza egiteari utzi zioten aseta zeudelako edo Martinen aitaren ahotsa gero eta autoritarioagoa zelako izan zitekeen. Baina motiboa beste bat zen: leihoaren zulotik haize freskoa sartu zen ukuilura.
Isiltasun hark ohartarazi zuen Martin aitaren haserreaz. Oihartzuna entzuteaz bat zintzo aurpegia jarri zitzaion semeari eta Sarasketako jaunaren aurrean agertu zen buru makur.
Behi santu horrek txoratuta hauka! Hiru aldiz deitu behar izan diat, seme. Askotan pentsatzen diat ni haserraraztearren bakarrik egoten haizela txorimalo bat bezala adar-oker horri begira. Espabilatuko hau bizitzak. Eraman iezaiok amari pertza, bapo gosalduko diagu gaur ere! Oraintxe joango nauk.
Ohi bezala, Marilinen aurretik pasatzean, mutikoak agur egin zion bigantxari buruaz eskerrak emanez, eta handi eginda ukuilutik irten zen.
Igandea izanagatik presaka egin behar izan zuen ukuilutik sukalderako bidea. Amak ere igarri zion berandu zebilela. Erlojuaren beharrik gabe sumatu zuen semearen atzerapena eta zain zegoen sukaldean. Eltzea ekonomikaren gainean zegoen, arto-ogia moztuta zopak egiteko eta esnea bakarrik falta zen.
Eskerrik asko, seme! Eseri lasai, ez larritu, ez da hain berandu ere!
Urduri zegoen Martin. Amak atzerapenagatik zela uste zuen, baina motiboa beste bat zen. Goiz normal bat eman zezan nahi zuen, baina bazekien ez zela hala. Etxe gris bat ia beti bakarrik izango zela tristea jakin zuen. Atea ezezik, leihoaren markoak ere gorriak zirela.
Presaka zebilen ama, semearen atzerapenarekin galdutako denbora errekuperatzearren. Begi bat esne-eltzean zuela babatxikia aletzen ari zen.
Kantari sartu zen aita. Zuzenean joan zen esnearen eltzera. Amak moztuta zeukan ogi zatiaren gainean esnegaina jarri eta azukrea bota zion gainetik.
Martinek leihoko laminari buelta eman dio gaur.
Zain edukiko duzu Pintxo, eta zergatik ez duzu igandeko paseoa egitera eramaten?
Angela, Martinek buelta eman diola Txintxarriren atzeko eta Pintxoren gaineko leihoko mapari.
Martinen bila sartu zen Pintxo sukaldera, baina handi egiteko gosaltzen jarraitu zuten hiruek; goseak zeuden.