Urretxun jaio nintzen, baina jatorriz aizpurutxoarra naiz. Izan ere, nire ama hangoa zen. Aita, berriz, Altziberkoa zen. Baserri hau desagertuta dago jada. Hemendik Aizpurutxora goazela Urruztitik behera zegoen, baina Zumarragako lurretan. Nire bi anaia zaharrenak Azkoitian jaio ziren eta ni, berriz, Urretxun.
Nolatan jaio zinen zu Urretxun?
Aita Urolako trenean aritu zen lanean gaztetan eta errepublika zalea zen. Gerra bukatu bitartean langile batailoi batean izan zuten zigortuta. Itzuleran errepublika zaleak Azkoitian baztertuak zeudela konturatu zen eta Urretxura etortzea erabaki zuen. Azkoitian eskuindar giroa nagusi zen, aita gerran egondakoa zen, osaba bati heriotza zigorra ezarri zioten…
Aita gazte hil zitzaizun.
Bai. Ni jaio eta bi urtera, 45 urterekin, bihotzekoak eman zion. Aita zenaren oroitzapenik ez dut.
Zenbat anaia-arreba zarete?
Erratzu abizenarekin hiru. Ama berriro ezkondu zen, beste alargun batekin, eta arreba-atzekoa ere badugu.
Zuen amaren bizitza gogorra izango zen, bigarrengoz ezkondu zen arte behintzat…
Amak bizitza oso gogorra eraman zuen. Garai hartan ez zitzaien inongo laguntzarik ematen alargunei. Ni indartu nintzen arte nitaz arduratu zen, baina gero etxetik kanpo lanera joan behar izan zen. Bi urtetan inude egon zen, Algortako familia aberats batean etxean. Orbegozon ere lan egin zuen. Artetxera bidali ninduen, osabaren baserrira. Sei urte nituenean ama berriro ezkondu zen.
Ama bigarrengoz ezkondu zenean zuen bizitza zertxobait hobetuko zen.
Bai, gainera ordurako nire bi anaiak koxkortuak zeuden eta berehala lanean hasi ziren: bata Muxika baserrian eta bestea osabarenean. 16 urte zituztenean amaren ondora itzuli ziren.
Nola oroitzen duzu haurtzaroa?
Ondo izan ginen, baina benetako aita falta zela sentitzen nuen. Aizpurutxoko eskolara joan nintzen, 11 urte bete nituen arte. Ondoren ama ezkondu zen baserrian lanean aritu nintzen eta 16 urterekin tailerrean hasi nintzen. Anaia zaharrenaren aholkuz, berriro ikasten hasi nintzen postaz. Eguna tailerrean eta baserrian lanean pasatu eta gero, liburuak mahai gainean jarri eta ahal bezala ikasi nuen. Tornulari maisutza ikasten aritu nintzen. Ez nuen bukatu, baina oso lagungarria izan zitzaidan.
Zein tailerretan aritu zinen?
Hasieran Azkoitiko tailer txiki batean aritu nintzen, tornuan. Han hiru urte egin eta gero, Urretxura etorri nintzen. Talleres Tali delakoan aritu nintzen, Barrenkalen. Garai hartan ofizialek ez zuten diru asko irabazten. Hori dela eta, soldadutzatik etorri nintzenean Orbegozon hasi nintzen: laminazioan. Hiru urte egin nituen, istilu txiki bat izan nuen arte. Astelehen batean txapa bat oker sartu nuen eta enkargatuak kargu hartu zidan. Egun txarra izango nuen… Bigarrena nahita sartu nuen gaizki. Horren ondorioz zigortu egin ninduten: oinarrizko soldata jarri zidaten hilabete baterako. Bitan pentsatu gabe, kontua eskatu eta eraikuntzan hasi nintzen.
Zergatik aukeratu zenuen eraikuntza mundua?
Mutikotan artzain lanetara bidaltzen nindutenean harriekin zer eraiki pentsatzen egoten nintzela oroitzen dut. Beti izan dut gustukoa eta oso gustura aritu naiz. Azkeneko hamar bat urtetan enkargatu izan naiz, Bruesa enpresan. Duela hiru urte bihotzeko ebakuntza izan nuen eta alta eman zidatenean enpresak, dagoeneko 60 urte nituenez eta ebakuntza izan nuenez, erretiroa eskaini zidan.
Obra askotan aritutakoa izango zara…
Ez dut zorte handirik izan, beti herritik kanpo aritu bainaiz: Getxon, Bilbon, Behobian, Iruñan… Egunero etxera itzultzen nintzen, baina autoan kilometro asko egin ditut.
Eraikuntza mundua benetan gogorra da gainera.
Arriskutsua ere bai. Lanaren %90 aire librean egiten da eta hori gogorra da. Orain kanpokoak dira horretan lan egiten duten gehienak. Azkenekoz Iruña aldean bi urte eman nituen eta ordurako errumaniar eta hegoamerikar asko zeuden. Ordutik ez zen gutxituko… Ni hasi nintzenean, berriz, %80 galiziarrak ziren. Euskaldun gutxi aritzen dira eraikuntza munduan. Dena den, laminazioa baino osasuntsuagoa da.
Gaia aldatuz, noiz eta nolatan hasi zinen herrigintzan?
Aizpurutxon bertan izan zen. 18 urte nituenean Luistarren presidente izendatu ninduten. Auzoko festak, Luistarren eguna… antolatzen genituen. Baserri Gaztedia mugimenduan ere ibili nintzen. Garai hartako apaizek gidatzen zuten eta Gipuzkoan nahikoa indar izan zuen. Bere helburua lo zegoen baserriko jende gaztea esnaraztea zen.
Noiz etorri zinen Urretxura bizitzera?
Ezkondu nintzenean, 27 urterekin. Emaztea hemengoa dut, Beidakar baserrikoa. Hasieran bertan bizi izan ginen, gero Mundo Mejor auzoan eta orain Labeaga kalean, Lizeo ondoan. Oraindik Urretxu eta Zumarragako jende asko ez dut ezagutzen. Bertakoa izateak asko egiten du. Dena den, poliki-poliki, bata edo bestea zela, hasi nintzen hemengo jendearekin harremana izaten. Sokatira munduak asko lagundu zidan horretan.
Gaztetan ez al zinen Urretxu eta Zumarragara etortzen?
Negu garaian Aizpurutxon bertan egiten zen erromeria. Uda garaian, berriz, inguruko auzoetako eta mendiko erromerietara joaten ginen. Soldadutzara joan baino pixka bat lehenago hasi ginen Zumarragara etortzen. Horretan hasi aurretik Aizpurutxon ondo moldatzen ginen. Bertan genuen koadrila eta erromeria ondoren neska laguntzea tokatzen ez bazen, tabernara joan, ogitartekoa jan eta musean jokatzen genuen.
Urretxun koadrila sokatiraren bitartez egin zenuela esan duzu.
Hala da. Ni ezkondu nintzen urtean hasi ziren koadrilen arteko sokatira saioak, Koldo zenak-eta bultzatuta. Ni handik bi urtera hasi nintzen, 1974an. Sokatirarako taldea aurkeztu zuten batzuek eurekin parte hartzeko deitu zidaten eta garaile suertatu ginen. Goierri taberna eduki zuen Paulo eta bere bi anaia, nire koinatu ezkongabea, Mendizabalen bizi den Antonio, Etxaburuko Antonio Zabalo, Zuloagako Zipriano eta ni ginen taldekideak. Garai hartan egun osoa betetzen zen sokatira lehiaketarekin, hamar bat taldek parte hartzen baitzuten.
Ekimen horretatik jaio al zen Urretxuko Golden sokatira taldea?
Bai. 1977an sortu zen. Bitarte horretan herriko festen antolaketan ere hasi nintzen. Ordutik hortxe ibili naiz, festen antolaketan, nekazaritza batzordean…
Nolatan hasi zinen nekazaritza batzordean lanean?
Orduan bilerak ez ziren egiten egungo maiztasunez egiten, zer edo zer berezia antolatu behar zenean bakarrik. Ni Leon Arrieta alkate zela hasi nintzen lanean. Ardien inguruko ekitaldi bat egin zen eta Arrietak aurkezle lana egitea eskaini zidan. Ordutik hor nabil…
Zinegotzia ere bazara. Nolatan?
1991ko hauteskundeetarako alderdi batek baino gehiagok eskaini zidan zerrendetan joatea. Herri Batasuna izan zen atea jotzen lehena eta lehen bileran ez nien erantzunik eman. Handik lasterrera EAJ etorri zitzaidan. Anaiarekin hitz egin nuen. Berak ordurako hiru legealdi egin zituen Azkoitian EAJrekin. Normala den bezala, bere alde egin zuen. Horretaz gain, nahiz eta ideiekin nahiko ados egon, ETAren hilketak ez nituen ondo ikusten. Hori dela eta, EAJrekin joatea erabaki nuen.
Arlo ezberdinetan lanean aritu ondoren, zein lorpeni ematen diozu balio berezia?
Sokatiraren bitartez herri-kirol taldea sortzea lortu genuen, bere estatutu eta guzti, eta horri garrantzia handia ematen diot. Garai hartan Europan zehar joateko eta dirulaguntzak lortzeko Aldundiak, Udalak… hori eskatzen zuten. 1988an lortu genuela uste dut. 1986an, batez ere, oso talde ona izan genuen. Baina badakizu zer gertatzen den… Sasoiko jendea zegoen, askok utzi zuten, gazteak sartu ziren, gazteekin ez genuen indarrik hartu eta azkenean 1992 inguruan jendea aspertu egin zen. Ordutik festetako herri-kirol ekitaldiak antolatzea izan da gure lan nagusia. Aurten guretzako lokala eman digute, Zumarragako kultur etxean. ButaK 21 zineklub taldekoekin batera gaude.
Azkenaldian gustura egoteko moduan zaudete… Urretxu eta Zumarragan herri-kirolak susperraldia bizi duela dirudi.
Ez dugu beste kirol batzuekin konparatzerik, baina beti hala izan da. Aurten koadrilen arteko hirugarren olinpiada-txoa izango dugu eta gogoa duenari behintzat herri-kiroletan aritzeko aukera eskaintzen diogu. 1986 inguruan gazteei aizkoran eta harria jasotzen irakasten saiatu ginen, baina ez zuen funtzionatu. Hasten ziren, baina ez zuten behar bezala jarraitzen.
Baserri mundua ere ondo ezagutzen duzu. Nola ikusten duzu?
Baserri mundua beti egon da nahiko gaizki. Hemengo baserria fabrikan lan eginez defenditu da. Hor lortzen dute erretirorako dirua. Baserriko lana bigarren mailakoa da. Urretxun dedikazio osoa Agerrekoek bakarrik eskaintzen diote: horretarako ondo prestatuta egon behar da, bestela jai baitago. Ipeñarrietakoak ere kalean esnea saltzen ibili dira, baina utzi dute eta larrean ibiltzeko ganadua jarri dute. Baserriak etorkizun zaila du. Janari ekologikoaz hitz egiten da, baina hipermerkatu handietara joatera eta karroa betetzera ohituta gaude. Denda txikiek eta herriko jeneroak jai dute. Ez dago eskaerarik. Janari ekologikoa ondo pagatu behar da eta jendeak asko begiratzen dio poltsikoari. Gainera, hemengo baserrietan ezin da bizimodurik atera. Esnetarako eta haragitarako ganadua edukitzeko dira aproposak. Haragitarako ganadua duten dezente daude, baina kanpoan ere lan egiten dute.
…
Batzuetan barregura eta guzti ematen dit. Autobideekin eta AHTrekin baserritarrak lurrik gabe gelditzen direla esatea txorakeria da. Baserritarrak badu nahikoa lur, baina hemen lurra bueltaka ibiltzerik ez dago. Gipuzkoa eta Bizkaitik kanpo, berriz, sekulakoak egin daitezke nahi izanez gero. Hemen haragitarako eta esnetarako dirulaguntzak badaude. Gehiegi beharbada! Beste aktibitaterik ez duen baserri batean 25-30 ardi ikusiko dituzu. Zertarako? Dirulaguntzak lortzeko. Bestalde, hemen basoa ere garrantzitsua da.
Ibiltzen al zara baserriko lanetan?
Ez.
Zer zaletasun dituzu?
Ez dut zaletasun handirik izan. Garai batean larunbatetan ere lan egiten zen eta igandean mendira joaten nintzen. Orain, erretiratuta nagoenez, irakurtzea, bertsoren bat idaztea, Interneten ibiltzea… gustatzen zait. Batzuetan hiruzpalau ordu joaten zaizkit ordenadore aurrean konturatu gabe. Bestalde, egunero paseotxoa ematen dut eta bilerak ere sarri samar izaten ditut. Ez dut aspertzeko astirik izaten.
Ba al duzu bete gabeko ametsik?
Ez. Garai batean gustura hartuko nuke etxetxo bat mendi hegal batean, baina ahaztu nuen kontu hori. Poltsikoa murritza izan dugu beti… Oraingo etxea erosi genuenean izan genezakeen horretarako aukera, baina halako egitasmoetan familia guztia ados egotea behar da.