“Con Pello se bebía mejor” (135.alea)
Guk ez dakigu oso ondo legeak zer dioen, taberna bakoitzak ze lizentzia mota duen, Udalak nolako isunak jarri dituen, edo G puntuak honetan guztian zer pintatzen duen. Baina, kazetari finak garenez, parrokianoen testigantzak jasotzen aritu gara tabernaz taberna, herriak zer pentsatzen duen jakiteko. Jende bat, tabernak goizago ixteko erabakiarekin kritiko agertzeaz gain, Gaztetxeak tratu pribilegiatua jasotzen duela-eta moskeatu antzean dabil. Jende horrek kontuan izan beharko luke Urretxu-Zumarragako gazteri geroz eta mazapanagoa mobilizatzeko gai den taberna ia bakarra dela Gaztetxea, urtean zehar kultur egitarau zabala eskaintzen duela, eta han bizpahiru gintonic hartzeko kreditu bat eskatu beharrik ez daukazula. Agian –eta barkatu gauzak nahasteagatik, batzuek nahiago lukete Fer’s-en hasten den Beasain II etorbidea Buhamez haratago luzatu eta Gaztetxea bera hartzea, baina zorionez ez da hala izango. Eta argi gera dadila aipatu etorbidean gustura sentitu garela maiz, baina hango tabernek bezeroak poteo garaian soilik mobilizatzen dituzte, eta horregatik bakarrik, justua litzateke Gaztetxeak bestelako tratamendua izatea. Bestetik, txantxetan aritu arren, bada Pellorekin halakorik ez zela gertatzen dioenik, garai haietan nahi bezainbeste mozkortu gintezkeela, libre ginela gustuko lekuan nahi adina denbora emateko. Bitxia. Ezker abertzalekoak aske poteatzeko eskubidearen aurka, legeria eskuan, eta herriko ordezkari polizialak (ejem) aurrean… errotonda famoso hark baina buelta handiagoak eman ditzake bizitzak.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide