E-MAIL HAU MUNDUAN ZEHAR ZABALTZEN DIREN KATE HORIETAKO BESTE BAT DA.
Zu eta ni jaiotzea oraindik idatzirik ez zegoenean, inongo lurralde galdu batean, orain arte bezala anonimatuan mantendu nahi duen pertsona batek eman zion hasiera.
Aspaldikoa baita ipuinen kontu hau. Arabiarrak mila gau eta bat gehiagotan lokutorioetan susmagarri izaten hasi baino askoz lehenagokoa. Izurriak beltzak zirenekoa Europan eta siglez izendatzeko ohiturarik ez zegoenekoa; DKM-rom gogoan. Edota erromesaldiak fedez, eta hala beharrez oinez egiten zirenekoa; esan nahi da, Canterburyk txokolate marka bat soilik gogorarazteko beldurrik ez zuenekoa.
Ahoz aho, letraz letra, buzoiz buzoi… ibili ondoren ZUK IRAKURRI BADUZU EZ DA KASUALITATEA IZANGO.
Oraingoz ez da jakin katea hautsi zutenei zer gertatu zaien, baina liburuetan jasota dago ipuinek behin batean, erregeak erreinuko emakume guztiak heriotzara kondenatu zituenean, Scherezade salbatu zutela; eta monarka liluratu. Behinola, dama txolin eta zaldun axolagabeak izurritetik eta asperduratik babestu omen zituzten Florentzia ustelean…
KATEARI JARRAIPENA EMAN NAHI IZANEZ GERO NAHIKOA DUZU E-MAIL HAU HELERAZI DIZUNARI IPUIN BAT OPARITZEA IPUINTRUK. BERE GOZAMENERAKO ETA OTAMOTZEKO LITERATURA ATALEAN ARGITARATZEKO BAIZIK EZ DA ERABILIKO.
Zu bezala, ni ere sarean erori nintzen. Eta ia konturatu gabe gainera. Izan ere, ez dakit zergatik, baina beste asko irakurtzen ez ditudan arren, ditxosozko mezu hura bai irakurri nuen. Denetariko argazkiak; oporrik ez dudanerako bidaia merkeak; sekula iristen ez den saria omen duten galdetegiak; legez kanpoko, errezeta gabeko botikak… Hau beste kontu bat izan zen. Harrapatuta nengoen.
Ezjakin hasi nintzen eta zirrara berezirik gabe bukatu nuen. Errazegi, eta konturatu nintzenerako beranduegi zen. Ez zuen letra txikienean ere jartzen zer gertatuko zitzaion kateari jarraipenik ematen ez zionari. Baina, zeinek jakin ipuinik kontatzen ez zutenek mozten zuten katea, edota katea mozten zutenek ez zuten kontatzen?
Bada ezpada, hala bazan ez bazan, ni zu banintz, kontatzen hasiko nintzan…