Zumarragako futbolaria errespetuz gerturatu zen Lezamara. “Hasieran beldur pixka bat nuen, jokalari onak egongo zirela bainekien. Nik ere besteek bezain ondo edo hobeto egin nezakeela ikusi nuenean, gozatzen hasi nintzen”.
Garai hartan Dani Aranzubia, Carlos Gurpegi eta Fernando Llorente ere bertan zeudela oroitzen du. Bere taldean, berriz, Athleticen lehen taldearekin partidaren bat edo beste jokatu zuten Gorka Azkorra eta Jonan Garcia zeuden.Murugarrenek partida dezente jokatu zituen, baina ez zioten denboraldi gehiagotan aritzeko aukerarik eman. “Hilabete batzuk behar izan nituen egokitzeko, baina gero oso gustura aritu nintzen. Hala ere, gauza arraroak gertatu ziren. Ikuskatzaileek jokalari berriak ekartzen dituzte eta horiei tokia egiteko beste batzuk bota behar dira. Beste batzuek nik baino gutxiago jokatu zuten, baina Gipuzkoako herri txiki batekoa botatzea errazagoa zitzaiela uste dut. Bestalde, Lezamako arduraduna zen Amorrorturekin ez nintzen ondo moldatu”.
Bere entrenatzailea orain Espanyol taldean dagoen Ernesto Valverde izan zen eta honekin hobeto moldatu zen. “Valverde primerako pertsona eta entrenatzailea da, oso jatorra. Beti gure gainean egoten zen eta oso ondo moldatu nintzen berarekin. Urte bukaeran entrenatzaile onenari saria eman zioten eta niri oparitu zidan. Berarekin harremana galdu dut, ez dut bere telefono zenbakirik, eta pena handia ematen dit. Gainontzekoekin ere ez dut harremanik. Telefono zenbakiak hartu nituen, baina…”.
Zumarragako futbolariak Espainiako Txapelketan ikusi zuen Athleticen etorkizunik ez zuela. “Partida guztiak jokatu nituen eta finalerdietan ere zelaian izango nintzela uste nuen. Valverdek berak hori esan zidan, baina Amorrortu azaldu zen eta partida aulkian hasi nuen. Amorru handia eman zidan. Piterman eta enparauez hitz egiten da, baina toki guztietan gertatzen dira gauza arraroak”, aipatu du.
Athletic utzi zuenean, Valverderen laguntza izan zuen futbolean jarraitzeko. “Talderen bat aukeratzeko eta ni bertan sartzen saiatuko zela esan zidan. Antiguokora joatea ondo egon zitekeela esan nion. Jubeniletako lehen bi urteak eman nituen bertan. Han ikusitakoaz nazkatuta Urolara itzultzea erabaki nuen, baina lagun batek Beasainera joateko esan zidan. Jubenil taldean proba egin nuen, baina Beasainen ez diete kasu handirik egiten beheko taldeei. Hori dela eta, herrira etorri nintzen. Bi denboraldi zoragarri eman nituen Mitxel Badiolarekin eta Iñaki Aranzadirekin”.
Gero, lesioa izan zuen meniskoaren kanpoaldean. “Ebakuntzak ez zuen zailtasunik. Hilabete eta erdira korrika egiten hasi nintzen, baina mina sentitzen nuen. Medikuak ebakuntza ondo egin zutela eta bi irtenbide zeudela esan zidan: menisko osoa kentzea edo futbola uztea. Meniskoa ez nuen galdu nahi, luzera hezurrak gastatu egiten baitira eta protesia beharrezkoa izan baitaiteke. Hori dela eta, Urolako mutilak entrenatzen hasi nintzen. Azkenaldian belaunean minik nabaritu ez dudanez, berriro jokatzen hastea erabaki dut”, esan du.
Erritmoa hartzea kostatu zaio. “Bi urte eman ditut jokatu gabe eta hori asko nabaritzen da. Oso gustura nabil, futbolean jokatzeko beharra bainuen. Harra barruan dut. Ama kezkatuta dago, baina…”, onartu du.
Murugarrenek 25 urte besterik ez ditu, baina dagoeneko futbolaren gazi-gozoak ezagutu ditu. “Egia esan, ez dakit horren gaztetan kanpora joatea ona izan zen. Nik ere askotan galdetu diot hori neure buruari. Beharbada hobe izango da etxetik apur bat beranduago ateratzea, baina ez dut atzera bueltatzerik. Gauzak ahalik eta hobekien egin ditut. Ez dago zertan damutu beharrik. Saiatu egin naiz eta ez dut nire burua zigortu behar gehiago lortu ez dudalako”, aipatu du.
Orain futbolaz gozatzeko gogoa du. “Kirol hau atsegin dut eta lagunekin aritzearekin eta mutikoak entrenatzearekin ez dut nahikoa. Lehia, egurra ematea… beharrezkoak ditut”. Urolan ondo hartu dute. “Beteranoa naizela suposatzen da. Gure lanetako bat gazteei irakastea da. Dena den, ezin diegu asko eskatu, tope baitabiltza. Aldagelan sekulako giroa dugu: ezagutu ditudan gainontzeko taldeetan baino sanoagoa da eta presio gutxiago dugu”.
Berak bezala punta-puntako talde batera joateko aukera duten gazteen helburua gozatzea izan behar dela dio. “Ez dezatela euren izaera horregatik aldatu eta duten guztia eman dezatela, apaltasunez. Zer edo zer gaizki ateratzen bazaie, ez daitezela kezkatu. Lanean jarraitu dezatela. Futbola benetan atsegin badute, aurrera egitea lortuko dute”, amaitu du.