Iberoko Irujo aurrelariak izan dituen arazo fisikoak gaindituak dituela erakutsi zuen berriz ere, eta berak bideratu zuen partidaren jokoa, atzean Oskar Lasak seguru lagunduta. Azken txanpan erritmoa bizkortu eta tantoa eraginkor bukatuz erabaki zuten urdinek partida (22-15), neurketaren lehen erdian nagusi izan ziren Xala eta Goñi III.aren aurrean.
Ederrenako harmailen hiru laurdenak bete zituzten pilotazaleek. Neurketa entretenigarria eta polita izan zen. Irujo-Lasak aurre hartu zuten hasieran (0-5), baina seina eta zazpina berdindu ondoren berpiztu ziren Xala eta Fernando Goñi (10-8, 11-9, 12-10 eta 13-12). Hamabosnako berdinketarekin bukatu zen partida. Handik 22. kartoira airean joan ziren Irujo eta Lasa, markagailuan 22 eta 15 utziz.
Xalak saketik tanto bat egin zuen, 2 dejada, 3 tanto airez eta 2 zabalean. Irujok 2 saketik, 3 dejadaz, 6 airez, 1 moztuta eta 1 atzean.
Larralde-Arizmendi aurrena
Estelarraren aurretik Larralde-Arizmendik eta Uriarte-Merino I.ak jokatu zuten. Aise garaitu zuen aurreneko bikoteak, 22 eta 8, Larralde lesakarra nabarmenduz.