Nire aitak asko atsegin zituen argazkigintza eta mendia. Berarekin joaten nintzen mendira eta argazkiak ateratzera ere zaletu nintzen. Alde batetik Ostadar mendi taldearen irteeretan parte hartzen hasi nintzen eta bestetik argazkigintza ikastera joan nintzen Legazpiko Ikatza elkartera.
Natura bakarrik erretratatzen al duzu?
Bai. Mendia eta bere argiak atsegin ditut. Argazkigintza hutsa ez dut gustuko, mendiarekin lotuta bakarrik atsegin dut. Ez dut kamera hartu eta edozer gauza erretratatzeko ohiturarik. Jendearen argazkiak ateratzea ere ez zait gustatzen, senitartekoak eta lagunak bakarrik erretratatzen ditut.
Ikatza elkartekoekin ikasi zenuen.
1998an jo nuen bertara eta beraiekin ikasi dut. Garai hartan egiten nituen erretratuak etxekoei onak iruditzen zitzaizkien, baina adituak hotz uzten zituzten. Ikatzan Migel Anjel Otsoa de Aldaren eskutik ikasi nuen. Berak irakatsi zidan teknikari, enkoadraketari, argiaren neurketari… buruz. Ez nuen maisu txarra aukeratu, natura argazkilari bikaina baita.
Zein dohain behar ditu natura argazkilari on batek?
Oso konstantea izan behar da: askotan joan behar da mendira, eguraldiaren iragarpena une oro kontsultatu behar da eta pazientzia handia izan behar da. Zer edo zer zehatza erretratatzeko denbora asko itxaron behar da.
Pazientzia itzela duzu. Udazkenean egunero igotzen zara Irimo mendira argi zehatz bat lortu nahian.
Hala da. Alertzeak kolore oso politak hartzen ditu eta lainoa altu dagoenean sarritan joaten naiz Irimora. Batzuetan alferrik joaten naiz, etxera nahi dudan argazkia lortu gabe itzultzen bainaiz. Dena den, hurrengo eguna nolakoa izango den pentsatzeak ilusioa bizirik mantentzen laguntzen dit. Mendian beti topatzen da zer edo zer berria. Batzuetan ideia zehatz batekin joaten naiz eta interesgarri den beste edozer aurkitzea ohikoa da.
Zertan pentsatzen duzu itxaroten ari zaren bitartean? Ez al da aspergarria?
Zain nagoen hori edozein unetan heldu daitekeela dakidanez, ilusioak asperraldiari aurre egiten laguntzen dit. Nola pasatzen dudan denbora? Unea heldu bitartean paseotxoa ematen dut.
Zeintzuk dituzu mendirik gogokoenak?
Asteburu askotan Pirinioetara joaten naiz. Inguru honetan Urbasa, Aralar, Aizkorri, Bardeak… atsegin ditut. Alpeetan, Irlandan eta Mauritanian ere izan naiz. Toki guztiek dute euren xarma eta unea. Mauritaniara martxoan joan nintzen eta berandu samar zen. Desertura neguan joan behar da, eguzkia behean dagoenean.
Bakarrik ala lagunduta joaten al zara?
Normalean bakarrik joaten naiz. Denbora asko zain pasatu behar dela kontuan izan behar da. Zaletasun berbera eta pazientzia itzela duen norbaitekin bakarrik joan daiteke. Neskalagunarekin joaten naizenean, azkenerako aspertu egiten da. Nahiago dut bakarrik joan. Aldamenean norbait behartuta izateak bioi egiten digu kalte.
Zein da zure ametsetako argazkia?
Egon naizen toki guztietan atera daitezke argazki hobeak edo ezberdinak. Bestalde, toki askotara joateak egiten dit ilusioa: Patagoniara, Argelia eta Libiako desertura…
Zergatik uste duzu lortu dituzula horrenbeste sari 2007an?
Argazkiak zaletasun hutsagatik ateratzen ditut, baina sariak beti dira ongietorriak. Hasi nintzenetik nire lana asko hobetu dela eta oraindik hobetzen ari dela uste dut. Argazkia atera aurretik ikusten ikasi dut.
Diapositibekin jarraitzen duzu.
Argazki ona argazki ona da, berdin du kamera digitalarekin ala analogikoarekin atera. Uneari ematen diot garrantzia. Diapositibekin gustura lan egiten dut eta oraingoz ez dut aldatzeko asmorik. Argazki-filmak egiteari uzten diotenean aldatuko dut.
Ez al da garestia?
Ez dakit… Kamera digitalak urtero berritzen dituzte. Nikon markaren kamerarik onenak 4.000 euro balio du eta hemendik urte pare batera jendeak beste horrenbeste edo gehiago gastatuko du. Nik bi kamera izan ditut. Egungoa duela lau urte erosi nuen eta oso gustura nago berarekin. Nikon F100 delakoa da. Bestalde, argazki-filmak kamerak bezain garrantzitsuak dira.
Errebelatuetan asko gastatuko duzu…
Bai, baina lortzen dudana ukitu egin dezaket. Diapositiba ukitu egin daiteke eta argazki digitala zenbaki bat besterik ez da. Scanner on batekin nire lanak digitalizatu ditzaket.
Geroz eta laborategi gutxiago daude. Ez al duzu arazorik argazkiak errebelatzeko orduan?
Bartzelonako laborategi profesional batera bidaltzen ditut. Argazkiak atera, bertara bidali eta egin dudana heltzen zait. Asmatu badut argazkia ona izango da eta bestela ez. Argazki txarra ezin da Photoshop programarekin konpondu, baina tranpak egin daitezke. Egun ez dago argazki bat benetakoa den jakiterik, koloreak aldatu baitaitezke. Nik denbora pasa beharra dut tripodearekin, enkoadraketa egiten… Beste batzuk, ordea, kamera digitalarekin heltzen dira, argazkia ateratzen dute eta ordenadorean konpontzen dute. Niri lana mendian bukatzea gustatzen zait, ez etxean.