Guztiak euren irakasle ohiaren gonbiteari erantzunez animatu dira berriro ere elastikoak janztera. “Duela hiru urte antolatu zen jaialdi batean ere parte hartu nuen eta Beatrizekin harremana dut oraindik. Hori dela eta, banekien ekitaldi hau antolatu nahian zebilela. Ekimenaren berri izan dugun lehenak izan gara gainontzekoei deitu diegunak”, azaldu du Leire Aranburuk.
Eskolaren lehen urratsak ezagutu zituzten 15 bat neska animatu dira. Baita duela gutxi utzi duten beste batzuk ere. “Ez nekien elastikoak kabituko zitzaizkidan, ezta salto egiteko gai izango nintzen ere, baina ez nuen zalantzarik izan”, aipatu du Rakel Idiakezek. Karmele Plazaola dagoeneko ama da eta bere bi haurrak etxean utzi behar ditu entrenamendu saioetara joan ahal izateko. “Beste batzuk ezin gara haurdun geratu, ekaina arte kirola egingo dugula agindu baitugu”, dio Rakel Idiakezek umorez.
Beste ikasle ohi batzuk ez dira eskolara itzultzera ausartu. “Batzuek antolaketa lanetan laguntzeko prest daudela eta bazkarira etorriko direla esan digute, baina ez dute jaialdian parte hartuko”, esan du Aranburuk.
30 urte baino gehiagorekin ere gimnasia erritmikoa egin daitekeela uste du. “Jende asko harritu egin da eskolara itzuli garela jakin duenean, baina ez da zertan oso gaztea izan behar kirol hau egiteko: Almudena Cid horren adibidea da. Lehen baino malgutasun eskasagoa dugu, baina gure gorputza lehen baino hobeto ezagutzen dugu eta baloia, aroak eta zintak lehen baino hobeto kontrolatzen ditugu”, azaldu du. “30 urtetik gora, gorputza asko aldatzen da”, dio Idiakezek. “Nirea espero baino hobeto erantzuten ari da”, gehitu du Plazaolak. Eneritz Zabaletak ekainaren 21etik aurrera ere gustura jarraituko lukeela dio.
Horrek nesken artean giro aparta dagoela erakusten du. “Beti oso harreman ona izan dugu, bestela ez ginateke berriro hemen izango. Txapelketetan ez ginen onenak, baina bai ondoen pasa-tzen genuenak”, esan du Aranburuk. Hasieran lehiari garrantzia handia ematen ziotela baina lagunak egin ziren heinean kiroletik kanpoko geroz eta ekimen gehiago antolatu zituztela oroitzen dute. “Port Aventura-n ireki zuten urtean izan ginen eta Parisko Eurodisney-ra ere joan ginen”.
Ikastolako txandal zaharra ere ez dute ahaztu. “Gure artean ikastetxe guztietako ikasleak zeuden arren, ikastolaren izenean lehiatzen ginen eta bere txandala eramaten genuen. Oso handia genuenez, desfileetan lotsa handia pasatzen genuen. Gainera, taldean bi gizonezko genituela esan dezakegu. Izan ere, Jesus Mari Garralda ikastolako irakaslea eta Beatrizen senarra gurekin etortzen ziren”, amaitu du Leire Aranburuk.