Gure egoera berezia da, baina tankerakoak direnen artean ezberdina den bat sartzea ona dela uste dut. Populazioaren zati handia Legazpi, Urretxu eta Zumarragan bizi da eta euren beharrak eta gureak ezberdinak dira, baina orain arte oso ondo moldatu gara. Guganako adeitasun handiz jokatzen dute eta gairen bat aurkezten dugunean kontuan hartzen da. Guganako begirune berezia dutela esango nuke.
Goierrin herri txiki asko daude, baina zuek ez duzue beraz halakoen beharra sentitzen.
Goierrikoen antz handiagoa ote dugu? Herrian askotan galdetu diogu hori geure buruari, baina udaletxeko mahai honetan sekula ez da eztabaida hori atera. Bere garaiko arrazoiak direla medio Urola Garaian sartu ginen eta hor gabiltza.
Goierri eta Urola Garaiaren artean nahikoa elkarlan al dago?
Ez dut sakonki aztertu batzea komeniko litzatekeen ala ez, baina garbi daukat elkarlana geroz eta estuagoa izatea komeni dela. Denak zaku berean sartzea baino garrantzitsuagoa da zakuen arteko elkarlan sakona. Denak zaku berean egoteak ez du ezer bermatzen, eguneroko elkarlanak bai ordea.
Nola ikusten duzu Urola Garaia?
Nire ustez potentzialtasun izugarria du, baina hori garatzeko aukerak aztertu behar dira eta denok norabide berean bultza egin behar dugu.
Orain arte ez al da halakorik gertatu?
Arrazoi bat edo beste dela medio, askotan ez. Potentzialtasun handia dugu eta ez diot Mankomunitateko lehendakaria izan naizelako.
Zeintzuk dira aukera horiek bada?
Estrategikoki oso kokapen egokia dugu. Industria mailan aukera handiak ditugu eta komunikazioari dagokionez ere bai. Gainera, komunikazioa etorkizunean funtsezkoa izango da. Giza baliabideak ere baditugu. Denok zentzu berean bultza egiteko gai bagara, etorkizun oparoa dugu. Garbi jakin behar dugu nora goazen eta zer nahi dugun. Gutxiengo batzuk adostu behar ditugu. Bakoitzak alde batera tira eginez gero, indarra galtzen da eta ez da aurrera egiten.
Orain arte zergatik ez da behar bezainbesteko elkarlanik egon? Zuek, txikiak izanik, beharbada ondo ikusi dituzue arrazoiak.
Arrazoia jakingo bagenu, beharbada honez gero irtenbidea izango genukeen. Nire ustez arrazoi politikoak egon dira, baina bestelakoak ere izango ziren.
Plan Estrategikoa eskatu da eta badirudi aurrerapausoren bat emateko bidean garela.
Nora joan behar garen jakiteko balioko du: gure potentzialtasuna, gabeziak eta helburuak ezagutzeko.
Nork gidatu behar du hau guztia?
Plan Estrategikoan argituko da. Mankomunitateak konpetentzia asko galdu ditu eta niretzat garrantzitsua da gainontzeko erakundeak bultzatzea. Ugisa, Uggasa eta UGLE funtsezkoak izango dira hau guztia aurrera eramateko. UGLE inguruko enpresen beharrak asetzeko sortu zen eta oso lan garrantzitsua egiten ari da. Etorkizunean ere formazioa oso garrantzitsua izango da. Industriak garrantzia handia du inguru honetan eta motore horretarako gasolina UGLEtik aterako da.
Zer gertatzen da Lenburrekin?
Hasiera Legazpirekin identifikatzen zen, baina bere helburuak zabaldu egin ziren eta zabaltzen jarraitu behar dutela uste dut. Eskualde ikuspegia badugu, Lenbur bultzatzea oso garrantzitsua da. Bakoitza bere aldetik gauzak egiten hasten bada, indarrak galtzen dira. Horrek ez du esan nahi Udal bakoitzak funtzionatzeko eta erabakiak hartzeko autonomia galdu behar duenik, baina lau udalerriok helburu komunak ditugun alor horietan askoz ere hobea da erakunde komuna izatea. Denok zentzu berean bultzatzen badugu, Lenburren etorkizuna oparoagoa izango da. Gainera, Urola Garaiak ez du tradizio handia turismo alorrean. Gipuzkoa txikia da eta ezin ditu 15 proiektu ezberdin izan.
Herritarrek ba al dute Urola Garaia mailan egiten denaren berri?
Eskualdeko instituziook ez dugu jakin transmititzen zer erakunde dauden, zer aukera eskaintzen dituzten eta horiek denak herritarren esku daudela. Uggasa, Ugisa… ezezagun samarrak dira kaleko jendearentzat. Jendeak ezagutzen al du egiten den guztia? Ba al daki hor dituela baliabide horiek? Zalantzak ditut.