Zumarragan. Eliz-Kalen. Aita Ezkiokoa da eta ama Urretxukoa. Zumarragara ezkondu ziren. Aitak Patricio Etxeberria enpresan lan egin zuen ezkondu aurretik. Eibarren ere aritu zen eta gero Orbegozon hasi zen. Enkargatua zen eta Agurainera bidali zuten beste batzuekin batera hango lantegia martxan jartzera. Hiru hilabeterako joan zen, baina azkenean gelditu egin behar. Hara joan ginen bizitzera. Ahizpa zaharrena orduan ezkondu zen eta anaiak Orbegozon lan egiten zuen eta Agurainera bidali zuten. Nik 15 urte nituen eta niretzat oso gogorra izan zen. Dena den, bi urte bakarrik eman nituen bertan. Ondoren Eskoriatzara etorri nintzen maisutza ikastera. Arrasaten bizi izan nintzen, ahizpa bertara ezkondu baitzen. Handik herrira itzuli nintzen.
Arrasaten Agurainen baino hobeto moldatuko zinen.
Egia esan, negarrez joan nintzen eta negarrez itzuli nintzen. Agurainen ez nuen herri txiki batean egiten den bizitza egin. Izan ere, Gasteizen ikasten genuen eta aste bukaeran herrira itzultzen ginen.
Nola oroitzen dituzu Agurainera joan aurreko urteak?
Haurtzaroa oso polita izan zen. Aitak etxean solfeo eta eskusoinu eskolak ematen zituen eta hiru anaia-arrebok bere gainontzeko ikasleekin batera ikasi genuen. Urola orkestran ere jo zuen. Etxean eskusoinua eta pianoa zituen. Asko entseatzen zuen. Ama afaria prestatzen, aita pianoa jotzen eta ni etxerako lanak egiten egoten ginela oroitzen dut. Ez ditugu ikasketa ofizialak, nahiz eta anaia Bikondoarekin aritu zen eta nik Arrasaten ikastaro pare bat egin nituen. Pianoa jotzen badakit.
Ama ere musika zalea al zen?
Abestea asko gustatzen zitzaion, nahiz eta sekula ez zuen solfeoa ikasi. Asko abesten genuen. Aitak Odriozola autoeskolakoei Seat 600 bat alokatzen zien oporretara edo igande-pasa joateko. Autoan bostok abesten joaten ginen. Musika ezagupenik izan gabe ahots ezberdinetan abesten ausartzen ginen. Euskal kantak abesten genituen. Gero abesbatzetan hasi ginen eta behar bezala abesten ikasi genuen.
Zein abesbatzatan hasi zinen?
Institutuan nenbilenean Urretxuko parrokiako abesbatzan abestu nuen. Arrasaten bizi nintzen urteetan hango koruan abestu nuen eta gero Goiargin hasi nintzen.
Hasieratik al zabiltza Goiargin?
Bai. Poz handia eman zidan herrian abesbatza sortu behar zela jakiteak. Arrasatetik etorri berria nintzen, baina bertako abesbatzan jarraitzeko asmoa nuen. Orduantxe Maite Palaciosen eta Bixi Gartziandiaren deia jaso nuen.
Aita ere abesbatzetan aritutakoa al da?
Ezkion bere aitak organoa jotzen zuen eta berak abestu egiten zuen. Aitari askotan entzun izan diot 9 urte zituenean Bartzelonako emakume batek berarekin musika ikastera joatea eskaini ziola. Ezkioko Ama Birjinaren mirariaren garaia zen eta emakume hari asko gustatu zitzaion nonbait nire aitaren ahotsa. Bere aitak ez zion joaten utzi eta aukera ederra galdu zuela esan ohi du.
Zuk, ordea, ez duzu abesteko aukerarik galdu. 25 urte daramatzazu Goiargin.
Asko jaso dut. Arrasate Musical abesbatzan hasi nintzen teknika ikasten, baina Goiargin ikasi dut dakidan ia guztia. Dena den, oraindik ikasten ari gara… Bestalde, lagun asko egin ditut. Lan mundutik eta koadrilatik aparte, beste lagun talde bat egin dut. Goiargik oso bizipen politak eman dizkit. Abesbatzari esker momentu txarretan babes handia sentitu dut.
Gaia aldatuz, urte gogorra tokatu zaizu lehendakaria izateko…
Urte berezia tokatu zait, bai. Dena den, kargua hartu dudanerako 25. urteurreneko ekitaldiak prestatzen hasiak ginen. Iaz Aitor Gastañares izan zen lehendakaria. Urtero aldatzen dugu.
Zein da lehendakariaren lana? Abesbatza batez hitz egiten dugunean zuzendariaz gogoratzen gara beti.
Egia esan, lehendakaria, lehendakariordea eta diruzaina ditugu, baina denon artean lan egiten dugu. Lehendakaria eta lehendakariordea bileretara joaten gara, baina gainontzeko guztia denon artean egiten dugu. Aurten lan handia dugu eta denok oso mobilizatuta gaude. Izan ere, iaz erronka handiak ezarri genizkion geure buruari.
Zeintzuk dira erronka horiek? Zer ari zarete prestatzen abesbatzaren 25. urteurrena ospatzeko?
Liburu bat idazten ari gara, argazki erakusketa ireki behar dugu, CD bat grabatu nahi dugu… Horrekin guztiarekin ari gara, baina dagoeneko indar asko gastatu dugu diru bila. Udalek zer edo zer emango digute, baina ez eskatu dugun guztia noski. Hori dela eta, CDa datorren urterako utziko dugu.
Noiz irekiko duzue argazki erakusketa?
Zumarragako jaietan, gutxi gorabehera. Bertako kultur etxean urte hauetan guztietan ateratako argazkiak erakutsiko ditugu. Aukeraketa egiteak, sailkatzeak eta digitalizatzeak lan handia suposatzen du. Ahal duguna egingo dugu…
Nolakoa izango da liburua?
Alex Areizaga ari zaigu laguntzen. Mundu hori gustatzen zaio eta berarentzat erronka polita da. Gure bizipenak bildu nahi ditugu. Horretarako abesbatzako kide bakoitzari zer edo zer idazteko eskatu diogu. Bere garaian liburua idaztea erabaki genuen, baina dardarka gaude. Festetarako argitaratu nahi dugu, baina oso denbora gutxi gelditzen dela iruditzen zait. Oraindik ez ditugu atalak zehaztu, baina gure ekintzek, entseguen deskribapenak, anekdotek, bizipenek… tokia izango dute. Gainera, zuzendariari eta gure jarraitzaile batzuei elkarrizketak egin nahi dizkiegu.
Bestalde, apirilerako sekulako ekitaldiak antolatu dituzue. Apirilaren 5ean Donostiako Orfeoia etorri zen, 20an Pasaia Musical abesbatzaren emanaldia izan zen eta 26an Tirri Tarra orkestrarekin abestuko duzue. Zer azpimarratuko zenuke ekitaldi bakoitzari buruz? Donostiako Orfeoikoei Urretxuko eliza asko gustatu zitzaien.
Hala da. Dirudienez, lehendik ere ezagutzen zuten. Bai guretzat eta bai gainontzeko herritarrentzat oso aukera polita izan da. Asko kostatu zaigu Orfeoia ekartzea eta Aldundiaren laguntzarekin lortu dugu. Oso pozik gaude.
Zer diozu Pasaia Musical abesbatzari buruz?
Kutxaren bitartez ekarri dugu, gure zuzendariak aholkatuta. Iazko Espainia mailako abesbatza lehiaketa irabazi zuten eta oso talde gaztea da. Oso talde interesgarria da eta asko ikas daiteke beraiei entzunda. Aurten Gran Premio de Canto Coral lehiaketaren finala Zumarragan izango da, maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean, eta bertan parte hartuko dute. Guk, berriz, itxiera ekitaldian abestuko dugu.
Bestalde, apirilaren 26an Zelai Arizti parke berria inauguratuko duzue Tirri Tarra orkestrarekin batera.
Ez dugu askotan izaten orkestra batekin abesteko aukera, Logroñon izan genuela gogoratzen dut. Oso ekitaldi berezia izango da. Izan ere, Tirri Tarra orkestraren musika bera berezia da. Rock sinfonikoa jotzen dute, besteak beste. Beraien Argi beltza diskoko kantak abestuko ditugu.
Aspaldi hasi al zineten emanaldi hau prestatzen?
Urte hasieran hasi ginen, baina azkenaldian kontzertu horretarako zehazki elkartu gara. Gainera, abesbatzatik kanpoko jendea hartu dugu egitasmo honetarako. Izan ere, jende asko behar da orkestra batekin abestu ahal izateko. Bestalde, herritarrei parte hartzeko aukera eskaini nahi izan diegu. Seguru aski, ez dugu gehiagotan halako lan original batean parte hartzeko aukerarik izango. 12 bat lagun animatu dira hilaren 26an gurekin abestera eta oso gustura ari dira. Entsegu orokorra hilaren 20an izan da, Pasaian.
Nolatan otu zaizue Tirri Tarrakoekin abestea?
Dagoeneko Donostian, Gasteizen eta Bilbon jo dute eta herri batzuetan ere izan dira. Dirudienez, Zumarragako Udalari euren ikuskizuna eskaini zioten eta baiezkoa jaso zuten.
Gaia aldatuz, Goiargin luzaroan jarraitzeko asmoa al duzu?
Bai, bai… Jarraitu egin nahi dugu eta horretarako jende berria behar dugu. Gure abesbatza zahartzen ari da, baina jendeak ez du ilusiorik galdu oraindik. Hala ere, halako batean jendea abesbatza uzten hasiko da eta atzetik ez dator inor. Jendea erakartzeko formula aurkitu beharra dugu. Gu adinean aurrera goaz eta gazte jendea guregana etortzea zaila da. Beldurra emango die… Bestalde, une honetako arazoa gizonezko falta da. Gure ateak irekita ditugu zaletasuna duen ororentzat. Asko ikasten da eta giro oso polita dugu. Merezi du. Libururako abeslari ohiei elkarrizketak egiten ari gara eta guztiek oso oroitzapen politak dituztela esan digute. Urretxuk eta Zumarragak abesbatza galtzea penagarria izango litzateke.
Zure semeak ez al dira animatzen?
Bi mutil ditugu, Markel eta Alain. Alainek bandan eta batukada taldean jotzen du eta Tirri Tarraren emanaldian gurekin abestuko du. Markelek ere bandan jo zuen. Oso pozik nago beraiek ere musikariak direlako. Umetan Goiargi Txiki abesbatzako kideak izan ziren eta gustura abestuko lukete Goiargi abesbatzan, baina ez dute astirik. Izan ere, kirolariak ere badira. Biek eskubaloian jokatzen dute. Alainek Urolan jokatzen du eta Markelek Irungo Bidasoa taldean. Oso ondo doakio. Otsailean Egipton izan zen Espainiako selekzioarekin. Mediterraneoko Jokoetan parte hartu zuten eta irabazi egin zuten. Irunen bizi da eta musika utzi du, egunero entrenatu eta ikasi beharra baitu. Bidasoaren lehen taldearekin entrenatzen du eta jubenilekin jokatzen du.
Senarrak zer dio? Bera ere musika zaletua al da?
Gustatzen zaio. Goiargin abestea eskaini izan diot, baina berak ere bere ekarpena egin dio abesbatzari. Izan ere, semeak txikiak zirenean etxean gelditzen zen beraiekin eta ni entseguetara joaten nintzen. Bera etxean gelditu delako joan ahal izan naiz ni abestera. Orain biok dugu abesteko aukera, baina senarraren zaletasun nagusia eskubaloia da. Urolako zuzendaritzako kidea da. Bi fronte ditugu etxean: musika eta kirola. Aste bukaera guztietan eskubaloi partidaren bat ikusten dugu.
Abeslariaz eta kirolzaleaz gain, irakaslea zara.
Legazpiko ikastolan lan egiten dut ikasketa bukatu nituenetik. Dagoeneko 26 urte daramatzat bertan. Egun 3. mailako tutorea eta musika irakaslea naiz. Gustuko lana dut. Irakasleon lana bokaziozkoa izan behar da, bestela umeek asko nekatzen baitute.
Dioten bezainbeste aldatu al dira haurrak eta gurasoak azken urteotan?
Izugarri aldatu dira. Lehen gure lana askoz ere errazagoa zen. Gizartea guztiz aldatu da. Gure gurasoek ikasketa gutxiago zituzten, baina baloreak eta mugak zeintzuk ziren oso argi zuten. Egun euren baloreak eta mugak ez ditugula nahi dirudi, baina ordezkoen bila gabiltza oraindik. Mugak ez daude ezarrita eta hori eskolan asko nabaritzen da. Azkenean irakasleok jartzen ditugu, bakoitza bere taldearen arduraduna baita. Guraso askok ez dute hori onartzen. Ez zaizkie guk jarritako mugak gustatzen.