Mikel Bravok UZ Trail mendi lasterketako argazki lehiaketan parte hartu zuen martxoaren 3an. Eguraldi txarra egin zuen eta hoztu egin zen, baina merezi izan zuen: lehen saria eskuratu du.
Egunotan eguzkia majo berotzen ari da, baina duela gutxi aurtengo neguko egunik gogorrenak bizi izan genituen. UZ Trail mendi lasterketaren asteburuan, martxoko lehen asteburuan, hotza, euria eta elurra izan ziren nagusi. Korrikalariez gain, antolatzaileak, ikusleak eta UZ Traileko argazki lehiaketan parte hartu zutenak ere busti egin ziren. Mikel Bravo argazkilari legazpiarra hoztu egin zen eta katarroa du oraindik. Hori izan zen UZ Trailen irabazi zuen lehen saria. Ostiral honetan beste bi jasoko ditu: 150 euro eta oparia. Izan ere, berak irabazi du argazki lehiaketa.
Bigarren saria (100 euro eta oparia) Carlos Mediavilla urretxuarrak irabazi du, herriko argazkilari onenari dagokiona (90 euro eta oparia) Aitor Agirrezabal urretxuarrak eta gaztetxoen argazki onenari saria (50 euro eta oparia) Raul Ruiz urretxuarrak.
Epaimahaiko kideak ostiralean elkartu ziren. Epaimahaia Guillermo Murciegok, Jokin Antoñanak eta Patxi Martinek osatu dute. Sari banaketa ekitaldia ostiralean izango da, 10:00etan, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean.
Bravo Legazpiko Ikatza argazkilari elkarteko lehendakaria da. Diseinu Grafikoa ikasi zuen eta duela sei urte MKL estudioa ireki zuen Legazpin. Argazkiak, bideoak, diseinu grafikoa eta web diseinua lantzen ditu. Horretaz gain, Tantai baso jabe kooperatiban lan egiten du. Bestalde, Biziklistak Youtubeko kanala kudeatzen du Gorka Gomez lagunarekin batera.
Lehiaketei dagokienez, bi aldiz lortu du bigarren saria Santa Lutzi eguneko rallyan eta iaz bigarren saria lortu zuen UZ Traileko lehiaketan.
Aurtengo UZ Trailean egindako lanari esker, lehenengoz lehen saria lortu du. Saritutako argazkian korrikalari bat ageri da aldapan behera eta atzean Antioko baseliza eta Urretxu eta Zumarragako herriguneak ikusten dira. Argazkiko beste protagonistetako bat elurra da.
Argazki lehiaketetan parte hartzea gustatzen zaio. “Asko gustatzen zait, baina ez naiz irabaztera joaten, sormena lantzera baizik. Nahi dudan argazkia lortzera. UZ Trailen egunean zalantzan egon nintzen, eguraldi txarra zela eta, baina azkenean joan egin nintzen. Bertan egoteko eta korrika egiteko eguraldi txarra egin zuen, baina argazkiak ateratzeko egun polita izan zen: elurra, eguzkia laino artetik ateratzen… Halako egun batean, egun eguzkitsu batean baino aukera gehiago ditugu”, amaitu du argazkilari legazpiarrak.