Bihar jokatuko da Debako gaztetxean Plazatik Gaztetxera txapelketako bigarren kanporaketa. Saioaren aurretik afaria izango da (21:00etan) eta bertso saioa gaueko 22:30ean hastea aurreikusten dute antolatzaileek.
Lehen kanporaketa joan den ostiralean, maiatzak 12, jokatu zen Elgoibarko gaztetxean eta Jokin Labaien elgoibartarra nagusitu zen bertan. Honekin batera, Hodei Iruretagoienak ere lortu du finalerako txartela.
Saio bakoitzean bertsolariek honako lan hau burutu beharko dute:
• Ofizioka 3na bertso 8ko handian
• Ofizioka 3na bertso 8ko txikian
• Koplatan 4na kopla
• Gai bati 2 bertso doinu eta neurri librean
Buruz-burukoa:
• Ofizioka 3na bertso 10eko txikian
Publikoak gustukoen duen bertsolaria aukeratu ahal izango du, eta epaimahaiarengandik puntu gehien jasotzen dituen bertsolariak eta publikoak aukeratutakoak buruz-burukoa jokatuko dute. Azken saio honetan puntuaziorik altuena lortzen duena izango da saioko irabazlea. Epaileen eta publikoaren erabakiak bat egingo balu ez litzateke buruz-burukorik jokatuko eta zuzenean sailkatuko litzateke bertsolaria.
Hona hemen nork kantatuko duten bihar Deban:
- Manu Goiogana
- Eneko Abasolo “Abarkas”
- Migel Anjel Aiertza
- Izar Mendiguren
- Iñaki Petxarroman
- Gorka Azkarate