Aurkezpen ekitaldia gaur goizean ospatu da Zelai Aristi aretoan eta bertan sustatzaile nagusiak bildu dira: Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Jakintzaren Gizarteko Saileko diputatu den José Ramón Guridi, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Berrikuntza eta Energia sailburuordea den José Ignacio Zudaire, SPRIko zuzendari nagusi den Mauri Lazkano eta UGGASA-ko lehendakaria, Antón Arbulu.
Euskadi+Innova ekimenak berrikuntzaren kultura lurralde osoan zehar zabaltzea du helburu, eskualde bakoitzaren gertuko agenteen bitartez sustatu nahi dena, garapen agentziak alegia. Lehen aldiz, sustapen ekonomikoan diharduten Euskadiko agente eta erakunde oro sare bakar baten inguruan bildu dira eta helburu berdinarekin gainera: Euskadi berrikuntza arloan europar aitzindari izatea.
UGGASAk helburu hori bere egin nahi du modu berean eta bere eremuan berrikuntza bultzatzearen konpromezua hartu du, eskualdeko Berrikuntza Agente izatearen papera bereganatzen duen eran. Enpresei hausnarketa, esperientzia eta jakintza elkartrukatzea erraztuko die UGGASAk eta hauek berritzaileak izateko helburua duten ekimen eta programak bultzatuko ditu.
Horretarako, Innovanet Sarearen babesa du, Euskadiko erakunde nagusienak buru dituelarik (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, SPRI, Confebask, Eusko Ganberak eta Garapen), eta Berrikuntza Foroak eta Berrikuntza Agendak tresna erabilgarri suertatzen dira. Azken hauek Euskadi+Innovak Pymeen eskura jarri dituen bi tresna ditugu, hain zuzen, EAEko hiru lurraldeetan harrera ezin hobea jasotzen ari direnak. Orain arte, 21 berrikuntza foro ospatu dira Gipuzkoan, 315 enpresak parte hartu dutelarik bertan eta hauetatik 108k jarri dute martxan euren Berrikuntza Agenda.
UGGASAri dagokionean eta Urola Garaiko eskualdeari erreferentzia eginaz, oraingoz 15 enpresako talde bat bildu da programa honen inguruan eta hauetatik 6 enpresa inguruk azaldu duten parte hartzeko euren interesa. Gainera, 2008.urtean zehar beste talde bat biltzea aurreikusten da.
2008, Berrikuntzaren Urtea Euskadin
Euskadi+Innovaren sorrera, Eusko Jaurlaritza eta hiru lurraldeetako Foru Aldundiek Enpresen Lehiakortasun eta Berrikuntza Sozialaren 2006-2009 Planaren garapen eta aplikaziorako bultzaturiko Erakundearteko Akordioan kokatzen da.
Euskadi arlo orotan gizarte berritzaile izateko eraldaketa prozesua bultzatzeko, Lehendakariak "2008 Berrikuntzaren Urtea" izendatu zuen urtarrilaren 15ean. Helburua gizarte berritzaile bat izatearen beharraz kontzientziatzean datza, pertsona, erakunde nahiz gizarte moduan eta berrikuntza gure ahalmenekin bat doan zerbait bezala bereganatzea, izan eta egiteko bide berriak bilatuz.