Nerabezaroan hasi ziren kontzertuak ematen. “Gurasoek eramaten gintuzten!” esan izan du Borrokan taldeko kideetako batek, garai horiek gogoratzerakoan. Eta euren lehen lana (Borrokan, Autoekoizpena, 2002) ere oraindik ume moko batzuk zirenean kaleratu zuten. Baina adinez ume moko samarrak izan arren Berako (Nafarroa) boskotearen lan hark sekulako heldutasuna zuen. Rock-a muturrera eramanda, tentsio une zoragarriak, Joseba Lertxundiren ahots ezin bereziagoa, erritmoarekin eta kitarrekin egindako jolasak… Post etiketa jartzea litzateke errazena, baina libreak dira. Iazko irailean atera zuten bigarrena, eta aurrekoak baino ñabardura gehiago baditu ere, Borrokan soinuari, nortasun berezi, indartsu eta aske horri eusten dio oraingoak ere. Harri bitxia da Borrokan.