Ahal balu, kosk egingo lioke parean jartzen zitzaion lehenengoari. Begiek bere pilota hain erraz galdutzat eman beharraren amorrua islatzen zuten eta loerrea irakurri ahal zitzaion aurpegian. Bederatzi urterekin egun oso bat hirian dendaz denda nekosoa da. Lotsagabe malkorik gabeko negarra saldu nahi zion amari eta ostikoz gogor kolpatzen zuen trenera igotzeko lehenengo mailatxoa.
Amak azpian zuen zorua dardarka nabaritu zuen. Horrek sortu zion larritasuna ezin izan zuen ezkutatu. Gogor astintzen zuen semea heltzen zuen besoa goitik behera kolpe lehorrean, gelditzeko esanaz bezala: nahikoa da! Hala ere, mutikoak hezigaitz jarraitzen zuen. Eskuetatik ihes egin zion egoerak emakumeari. Amore eman zuen eta senarrari begiratu zion laguntza eske: egizu zerbait, zure semea ere bada eta!
Horixe bakarrik behar zuen gizonak eguna borobiltzeko. Emazteari begiekin erantzun zion lehenengo: zer nahi duzu nik egitea? Eman diguzun eguna eta gero… Bigarren, bere lekuan jartzeko moduko begirada oparitu zion semeari, goitik, bekain bat igota eta momentu batez arnasa hartzeari utzita. Hirugarren, kartoi artetik altxatzen ari zen eskaleari jarri zitzaion so. Begiak pixka bat itxi zituen, betazalekin bildu, ikusten dena aztertu nahi denean bezala.
Pilota eskuan zetorren gizona. Airera botatzen zuen, ez oso gora eta berriz jaso. Esku batekin bota eta bestearekin bildu. Pauso txikien konpasean egiten zuten aurrera pilotak eta baita berak ere. Esnatu berri baten tximak zituen, gau txar baten ondoren. Lanak zituen begiak irekitzeko eta begi ertzetako zimurretako zikina ikusten zitzaion.
Bere buruan konfiantza hartuta, geroz eta gorago botatzen zuen goma borobila, desafioka. Goran zegoenean, beherako bidea hartu aurretik geltokiko zurrumurrua isildu egiten zen. Orkestratuta zegoen. Zuzendariak musikariei hasteko abisua emateko txanpon imajinarioa airera botatzen duenean bezala. Goia jo eta beheraka hasten zenean, berriz, haurraren, amaren, aitaren eta gizonaren begirada elkartu egiten ziren.
Pilota hori nirea da. Zerekin jolastu behar dut trenean? Ez dizut uzten. Aita esaiozu emateko. Kendu egin dit.
Itxura horrekin, zorriak eta guzti izango ditu orain pilotak. Ez bekigu asko hurbildu. Alkohol kiratsa ekarriko du eta urtetako izerdiarena. Pilota bat da, besterik ez. Erosiko dugu antzerako bat. Eta nahi badu bi ere bai.
Hau da espektakulua ematen ari garena pilotatxo batengatik. Ume hau! Pilota ziztrin horregatik hala jarri bada, ez dut pentsatu ere egin nahi bizitzan galtzea tokatuko zaion hainbeste gauzarekin zein jarrera hartuko duen. Bestalde, bere gauza guztiak horrela defendatzen baditu…
Pilota bat bederatzi urteko ume batentzat bere mundua da. Bere ondasun guztia arrotz baten eskuetan. Lapurreta kartoi artetik altxa den arlote batenetan. Azkena beldurra ematen dion honenetan.
Horrela banatu zituen periodiko saltzaileak bere kioskotik pilota airean mantendu zuten lau begiraden interpretazioak. Pi-pi-pi-pi entzun zen nasan, geltokiko zurrumurruari irteera eman ziona. Treneko ateak itxi ziren. Pilotak lurra jo zuen eta boteka jarraitu zuen nasan. Bederatzi urteko umearen sudurra ateko beirari itsatsita geratu zen. Lurrundu zuen eta eskuetatik alde egin zion pilota marraztu zuen bertan. Bazuen zerekin jolastu.