Noiztik korrika egiten duzu mendian?
Umetatik atsegin dut mendian azkar ibiltzea. Hala, korrika egiten bukatu dut. Gainera kontuan izan behar da lan egunetan ez dudala ibiltzeko adina denbora. Bestalde, umetan baserrira joaten ginen eta behorrak ikustera joan behar zela edo bestea zela, mendian gora eta behera ibiltzen ginen beti.
Noiz hasi zinen mendiko lasterketetan parte hartzen?
Duela hiru urte, gutxi gorabehera. Izugarri zaletu naiz eta oso serio hartu dut. Dena den, lehen lasterketa errepide gainean egin nuen: Behobia-Donostia. Neguan, mendiko lasterketarik ez dagoenez, kros herrikoietan parte hartzen dut. Dena den, mendian aritzea nahiago dut. Naturarekin harremanetan egoteaz gain, helmuga zehatz batekin korritzen da. Herriari bueltak ematen ibiltzea eta Izazpiko gailurrera igotzea, paisaiaz gozatzea eta jaistea ez dira gauza bera. Legazpira ere joaten naiz, baina entrenamendu gisa soilik.
Ez al duzu beste kirolik egin?
Mendian korrika egitea da gehien atsegin dudana. Eskalada, adibidez, ez du probatu. Hemengo mendietan ibiltzen naiz. Pirinioetara joan izan naiz, baina ez urrutiago.
Mendiko zein lasterketatan parte hartu duzu?
Lakuntzakoa izan zen lehena. Garai hartan ez nuen asko entrenatzen, baina oso gustura bukatu nuen. Horrek lasterketetara zaletzea ekarri zuen. Horietako askotan parte hartzen dut. Iaz hamar bat osatu nituen. Udan, hilero bitan parte hartzen dut. Beran, Orozkon, Oñatin, Zegaman, Azkoitian, Saran, Ezpeletan, Aztirian… izan naiz. Horrenbeste lasterketatan parte hartzea ez dela komeni esaten dute, baina nik gustukoak ditut: giro ona izaten da eta ondo pasatzen dut.
Oroitzapen txarren bat ere izango duzu…
Iazko Zegama-Aizkorri maratoian gaizki pasatu nuen. Azkarregi hasi nintzen eta dezente sufritu nuen. Aurten halakorik ez gertatzea espero dut. Iaz ondo entrenatu nuen, prestatzaile batekin, baina horrek berak neure buruari gehiegi eskatzea ekarri zuen. Entrenamenduetan baino okerrago aritu nintzen: bost ordutik jaistea espero nuen, baina bost ordu eta bi minutu behar izan nituen. Aurten bi hilabete eman ditut entrenatu gabe eta ez dut erlojuari begiratzeko asmorik. Sentsazioen arabera korrika egin eta ondo pasatu nahi dut. Iaz lasterketa bukaeran bakarrik gozatu nuen eta aurten arantza atera nahi dut: zaletuen bultzada sentitu, behar den guztietan gelditu eta gustura bukatu, itzultzeko gogoarekin. 2009rako tokia ziurtatua dut eta oraindik ez dut erabaki zer egingo dudan datorren urtean.
Berako maratoi erdian emaitza itzela lortu zenuen.
Bigarren postuan heldu nintzen, baina jende asko falta zela kontuan izan behar da. Maila gorenean 10 bat lagun daude eta horietako bik bakarrik parte hartu zuten. Dena den, iazko nire marka bi minututan hobetu nuela eta 2007an nire aurretik sailkatu ziren batzuen aurretik heldu nintzela ere esan behar da.
Emaitza on gehiago ere lortu dituzu.
Ikaztegietako eta Altsasuko krosak irabazi ditut eta Betelun eta Urretxu-Zumarragan, besteak beste, postu onak lortu ditut.
Zein distantziatan moldatzen zara hobekien?
20 kilometrotik gora asko sufritzen dut. 10 eta 20 kilometro bitarteko lasterketetan ondo moldatzen naiz. Maratoia oso luzea egiten zait, nahiz eta dagoeneko hiru osatu ditudan. 40 kilometrotan oso arrunta da une txarren bat igarotzea, hasi izanaz damutzea, aspertzea… Asko sufritzen da.
Horren emaitza onak lortzea espero al zenuen?
Ez, baina espiral batean murgildu naiz: geroz eta gehiago entrenatzen dut, hobeto nabilela ikusten dut… Batzuetan kirolak denbora guztia kentzen du eta gelditu beharra dago. Aloñako lasterketa bezperan, nahiz eta izena emanda nuen, parranda egin nuen. Handik bi egunetara berriro korrika egiteko gogoa nuen.
Zenbat entrenatzen duzu astean?
Ahal dudan guztia. Ia egunero. Astean bitan hartzen dut atseden. Kilometroei dagokienez, azkenaldian errepidera irteten naizen bakoitzean 20 kilometro baino gehiago egiten saiatzen naiz. Mendira joaten banaiz, hiru orduko saioak egiten ditut. Izazpi mendiaren gailurrera igotzea eta ondoren Samiño, Oleta eta Irimora joatea gustatzen zait. Astean behin egiten dut gutxienez.
Zerk bultzatzen du pertsona bat 42 kilometro korrika egitera?
Korrika egitea izutien eta torero txarren kontua dela esaten da… Korrika ari naizenean asko pentsatzen dut. Hausnartu ondoren etxera oso lasai itzultzen naiz. Lasaitasun horrengatik bakarrik, merezi du korrika egitea. Ihesbidea da. Dena den, korrika egitea oso berekoia iruditzen zait. Musikaria banintz besteentzat zer edo zer sortuko nuke, baina korrika egiten ez dut ezer eskaintzen.
Urretxu eta Zumarragan gero eta gehiago zarete mendian korrika egiten duzuenak.
Duela urte batzuk jendeak arraro begiratzen zigun. Egun zaletasun handia dago eta denok elkar ezagutzen dugu. Eskualde mailako taldea sortzeko asmoa dugu. Dagoeneko horretarako bileraren bat izan dugu. Nahi duten guztiek edukiko dute taldeko kideak izateko aukera. Ez dute inongo konpromezurik izango. Eskualdeko atleta guztiak lasterketetara elkarrekin joatea eta guztiok kolore berberekin korrika egitea da helburua. Bestalde, udazkenean lasterketa bat antolatzeko asmoa dugu.
Azken eguneraketa (2208-05-26):
- Juanjo Igarzabalek 12. postuan amaitu du proba eta lehen goierritarra izan da.
- Zegama-Aizkorri maratoia 390 lagunek bukatu dute
- Kilian Jornet eta Corinne Favre nagusi Zegama-Aizkorri mendi maratoian
- Sailkapen orokorra
- Aizkorriri gustu diote