Urretxun jaiotakoa izango zara…
Hala da eta horretaz harro naiz gainera. Oñatiko lankideek Legazpikoa naizen galdetzen didate oraindik eta nik urretxuarra naizela erantzuten diet, ea ez al den nabaritzen. Batzuetan Urretxukoa naizela argi uzten saiatzen naizelako adarra jotzen didate, baina hala egiten ez badugu aurki mapan agertzeari ere utziko diogu…
Zer diozu zure familiaz?
Aitak bulego batean lan egiten zuen eta ama etxeko andrea zen. Ama Auritzekoa zen, nafarra, eta aita Urretxukoa. Iruñean ezagutu zuten elkar. Aita futbolaria izan zen eta Osasuna taldean jokatu zuen. Garai hartan elkar ezagutu zutela uste dut. Gero Real Madrilen bigarren taldean jokatu zuen. Gerra heldu zen eta tirorik jo gabe kartzelan sartu zuten eta heriotza-zigorra ezarri zioten ofiziala zelako. Injinerutza ikasten ari zelako izendatu zuten ofizial. Kartzelatik ateratzen zuten Jerez Industrial taldearekin jokatzeko.
Nola ihes egin zion heriotza-zigorrari?
Asko saiatu ondoren, heriotza-zigorra kendu, 30 urtekoa jarri eta Mirandara ekarri zuten. Diru asko ordaindu ondoren, askatu egin zuten. Herrira itzuli zen, baina egunean bitan Guardia Zibilaren koartelera joan behar zen. Ez zitzaion kontu horiei guztiei buruz hitz egitea gustatzen. Real Madril taldea Atotxara etortzen zenean, jokalari ohiei partidarako sarrerak bidaltzen zizkien… baina aitari ez. Zerrendetatik ezabatu zuten, baina entrenamenduetan Zamora atezain mitikoari penaltiak botatzen zizkiola kontatzen zuen. Izan ere, oso jaurtiketa ona omen zuen. Gerrarekin bukatu zen futbol kontua berarentzat.
Dena den, Berriotxoatarrak futbolagatik baino beste kontu batzuengatik zarete ezagunak… Urretxuar peto-petoa zarela diozu, baina zuen arbasorik ezagunena, Bizkaiko patroia, Elorriokoa zen.
Nire birraitona Elorriokoa zen, baina hona etorri zen lan kontuengatik. Osaba eta iloba etorri ziren eta hemengo bi ahizpekin ezkondu ziren. Elorrion familia dugu oraindik eta santuaren egunean, uztailaren 4an, bazkaria egiten da. Ni ez naiz sekula joan, Zumarragako jaietan izaten baita.
Familian santu bat izatea presio handia al da?
Lasai bizi naiz, zerua ziurtatua baitaukat! Bekaturen bat egin beharko dudala esaten dut, bestela zerutik harago joango bainaiz… Bizkaira joaten naizenean eta nire izena Valentin Berriotxoa dela esaten diedanean, adarra jotzen ari naizela uste dute. Santuarena ezezagunekin hitz egiteko gai aproposa da. Eguraldiaz gain, honetaz ere aritzeko aukera dut.
Gaia aldatuz, non egin zenituen ikasketak?
La Sallen eta Medrano ahizpen eskolan. Handik Donostiara joan nintzen. ESTEn enpresa teknikari ikasten hasi nintzen, baina lehen ikasturtea osatzeko bi ikasgai falta zitzaizkidanean soldadutzara joan nintzen. Itzuleran ikasketekin jarraitzeko asmoa nuen, baina denbora asko galdu nuen eta ez nintzen eskolara itzuli.
Nola oroitzen duzu zure haurtzaroa?
Zuhaizti taberna dagoen etxean bizi ginen. Anton Rodriguez gure gainean bizi zenez, umetatik elkar ezagutzen dugu. Haurtzaroa, egungo umeek ez bezala, kalean eman genuela oroitzen dut. Futbola besterik ez zegoen. Lizeoa dagoen tokian Badiolatarren patata-saila zegoen. Hala deitzen genion, baina artoa, zumea eta bestelakoak ere izaten ziren. Udan futbolerako erabiltzen zen. Auzo batzuek besteen aurka jokatzen zuten. Futbola beti izan dut gustuko. Lau bat lagun Beasainera joan ginen bizikletan hango taldearekin entrenatzera. Itzultzeko esan zidaten, baina ez nuen bakarrik joan nahi. Lau bat saiotan sei bat gol sartu nituela oroitzen dut. Aldridgen modukoa nintzen: beti toki aproposean nengoen. Bestelakoan, txarra nintzen.
Nolatan hasi zinen saskibaloian?
Urretxun lehen partida 1963ko uztailaren 18an jokatu zen, Ederrena pilotaleku zaharrean. Egun batzuk lehenago, Zumarragako jaietan, Antzuolako taldearen aurka jokatu genuen. Herrian ez zegoen saskirik eta Enrique Orbegozok egin zituen fabrikan. Urretxukoa errebantxa izan zen. Antzuolarrek lehen taldea ekarri zuten eta irabazi egin ziguten.
Zeintzuk izan ziren hurrengo pausoak?
Epifanio fraideak La Sallen taldea sortu zuen. Bertan Epeldek, De Miguelek, Rodriguezek, Ormazabalek, Francisco Alberdik… jokatzen zuten. Antonen laguna nintzenez, delegatu lanak egin nituen sarritan. Ordutik ez dut saskibaloia utzi.
Zerk erakarri zintuen horrenbeste?
Saskibaloia gustukoa nuen eta Epifaniok jendea ilusionatzeko ahalmena zuen. Epaileen elkargoan mahaiko lana egingo zuen jendea behar zuten eta horretan ere aritu nintzen. Goierri sortu zenean, bertan hasi nintzen. Entrenatzailea Esnal zen. Antzuolatik etorri zen. Partidak Urretxuko plazan izaten ziren eta mailaz igotzen hasi ginenean pilotalekura pasatu ginen. Neurriak ez ziren legezkoak, baina tira…
Ez al zenuen Goierrirekin jokatu?
Koadrilako taldearekin bai, baina Goierrirekin ez. Txapelketa batean Segundo Azpiazu, Santi Zabaleta eta hauen aurka jokatu genuen eta sekulako jipoia eman ziguten, baina ez ziren 100 puntura heldu. Hortik aurrera entrenatzaile lanetan hasi nintzen. Jubenil taldeak ez zuen entrenatzailerik eta Retegi iturginak lan horretan hastea proposatu zidan.
Gustuko lana duzu.
Hori da gehien atsegin dudana. Partida asko ikusi ditut eta ikastaro pare batean ere parte hartu dut.
Makina bat pasadizo izango dituzu.
16 bat urte nituenean Burgosera joan ginen. Ordu erdi berandu heldu ginen eta kiroldegia alde batetik bestera zeharkatu behar izan nuen. Sekulako txistu hotsa entzun behar izan nuen. Aurkako taldean Kote Olaizola zegoen, egun Aldundian lan egiten du, eta lagundu egin zidan. Eskerrak partida galdu genuen, bestela ez ginen handik bizirik aterako! Bestalde, kanpoko partidetara bi autobusetan joaten ginen: batean jokalariak eta bestean zaletuak. Beste garai batzuk ziren… Tuteran saski bat okertuta zegoen eta lehen zatian bertan sartzea tokatu zitzaigun. Bigarrenerako mugitu egin zuten eta berriro guri jarri ziguten! Guk ere antzerakoak egiten genituen, e! Beste taldeetakoek Ederrena pilotalekuan mutikoek pipa azalak botatzen zizkietela gogorazten didate oraindik.
Non aritu zara lanean?
Banku bulegoetan. Banco Herreron hasi nintzen eta haiekin Santanderren bost hilabete, Benaventen bederatzi eta Oviedon bat eman nituen. Gero Donostiara etorri nintzen eta handik Zumarragako Banco de Bilbao bulegora. Zertarako gezurretan aritu… niri saskibaloia gustatzen zait eta talde profesional bat entrenatzen gusturago izango nintzateke. Dena den, kirolariek dioten moduan, aldamioa okerragoa da.
Gaur egun saskibaloi entrenatzaile profesionala izatea errazagoa dela uste al duzu?
Beharbada bai, baina herrietan halako gauzak zailagoak direla iruditzen zait. Hiriburuetan errazagoa da. Donostiakoek aukera gehiago dituzte. Herrietako jokalariak oso onak izan behar dira ikuskatzaileen arreta lortzeko. Askotan guk deitu behar izaten ditugu!
Zer nolako entrenatzailea zara?
Talde batek sheriff baten figura oparitu zidan, nahiko gogorra bainaiz. Saskibaloiko Clemente ere deitzen didate. Izan ere, defentsari garrantzia handia ematen diot eta jokalariek horretaz jabetzea nahi dut. Asko kostatzen zait, erasotzea atsegin baitute. Erasoa defentsan hasten da: ondo defenditu behar da eroso eraso egin ahal izateko. Dena den, dezente bigundu naiz. Lehen zorrotzagoa nintzen. Bi urte Legazpin eman nituen, Andraitz taldean, oso ondo hartu nindutela esan behar da, eta itzuli nintzenean jokalarien jarrera asko aldatu zela iruditu zitzaidan. Egun Gobernuz Kanpoko Erakundea garela dirudi. Guztiek jokatu behar dute. Lehen 12 ginen, partidetan zazpik jokatzen zuten eta gainontzekoek gogor entrenatzen zuten asteburuko partidan minutu batzuk izateko. Egun entrenamenduetara joaten ez dena ere kexu ageri da jokatzen ez duelako…
Jokalariak asko aldatu dira, beraz.
Hala da. Egun ez dute entrenamendu guztietara etortzerik, eskolatik kanpoko ekimen askotan parte hartzen baitute. Jokatzea atsegin dute, baina horretarako entrenatu beharra dago.
Familian saskibaloi zaletasun handia duzue. Jonpol iloba Goierriren saskibaloi saileko delegatua da.
Bai. Bestalde, Madrilgo iloba bat ere entrenatzailea da eta Real Madrilen sartuta dago. Semeek ere zaletasuna dute. Asteburu batean kategoria guztietako zazpi partida ikusteko gai naiz. Oraindik ez naiz saskibaloiaz nekatu. Gaztetxoen partidekin gozatu egiten dut eta horrek benetako zaletua naizela erakusten du.
Profesionalen artekoak are eta gusturago ikusiko dituzu…
NBA ez dut atsegin eta ez dut partidarik ikusten. Indibidualistak dira eta nik taldean jokatzea atsegin dut. Europako eta Estatu Batuetako unibertsitateetako partidak askoz ere gehiago gustatzen zaizkit. Dena den NBAkoek gogor entrenatuko dute Pekingo Olinpiar Jokoetarako, berriro galtzea oso gogorra bailitzateke beraientzat.
Zein jokalari mota atsegin duzu?
Priggioni gustatzen zait, oso azkarra dela iruditzen baitzait. Partida dominatzen du eta badaki azken minutuetan zer egin behar den. Bestalde, gainontzeko jokalariak jokarazten ditu. Beste base batzuek 20 puntu sartzen dituzte, baina taldeak galdu egiten du. Honek ez du punturik sartzen, baina taldeak irabazi egiten du. Taldearen alde hori egiteko gai diren jokalariak atsegin ditut. Garrantzitsuena taldeak partida irabaztea da eta horretarako defentsan lan egin behar da eta bakoitzak bere aukerak lortu eta baliatu behar ditu. Scola ere oso gustukoa nuen. Goierrikoen artean Jon Lekuona eta Aitor de Miguel asko gustatzen zaizkit. Badakite zein den euren rola.
Luzaroan jarraitzeko asmoa al duzu?
Entrenatzaile soil bezala jarraitu nahi dut. Azken urteetan taldearen inguruko lanek ordu asko kendu dizkidate. Aurten astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan entrenamendu saioak ditut, larunbatetan partidak eta igandetan saskibaloi eskola. Horretaz gain, bilerak izaten ditugu. Entrenamenduak ondo prestatzeko astirik ere ez dut. Talde bakarra entrenatzea gustatuko litzaidake. Duela lau urte lau talde bakarrik genituen eta gimnasiora eta euskaltegira joateko astia nuen. Egun ez dut horretarako astirik.
Bankuentzako lan egiten duten asko gazte erretiratzen ari dira. Beharbada zuk ere zortea izango duzu.
Nire lankide guztiak 55 urte baino gutxiagorekin erretiratu dira. Nik 55 baino gehiago ditut eta aurki tokatzea espero dut.
Zer egingo duzu orduan?
Talde bakarra entrenatuko dut eta egun batzuetan jai hartuko dut. Ez dut garai bateko energia!
Jonpol ilobak lagunduko dizu.
Barre egiten du eta gero nahi duena egiten du… Behin eta berriro esan nion saskibaloi eskolara ez nintzela joango Beitia Martxa prestatu behar nuelako eta ezentzunarena egiten zuen.
Dena den, ilobarekin harreman ona duzu. Izan ere, zaletasun berberak dituzue: saskibaloia eta garagardoa.
Saskibaloia eta garagardoa osagarriak dira gainera: Batzuetan Huts tabernara joaten naiz saskibaloi partidak ikustera eta garagardo pare bat hartzen dut.
Noiz joan behar duzu Municheko garagardo azokara?
Ez dakit noiz, baina ziur joango naizela. Duela urte batzuk Goierri Alemaniara joan zen partida bat jokatzera eta berriro joateko asmoa dutela uste dut. Ahal badut, ni ere joango naiz.