Nolatan sortu zen UGLE?
Oraingoa 11. ikasturtea dugu. Politikoek eta enpresek azken hauen beharrei aurre egiteko eskualde mailako ikastetxea sortzea pentsatu zuten. Batis Maizek hartu zuen egitasmo horren ardura. La Sallek Lanbide Heziketa alorrean esperientzia zuen, baina jaiotza-tasak behera egin zuen, ikastetxeen arteko berrantolaketa egin zen eta horren ondorioz ikastetxe erlijiosoak batu egin ziren. La Sallek 0-18 urte bitarteko ikasleak zituen eta hori ikastetxe batentzat asko da. Oso zaila da baldintza horietan punta-puntan mantentzea. Garai hartako baliabideek berrikuntza behar zuten eta instituzioen laguntza ezberdinak (Mankomunitatea, Hezkuntza saila, Justizia eta Lan saila, Fondo Social Europeo delakoa, enpresak…) ondo etorri ziren helburuak lortzeko. Hori guztia Batisek gidatu zuen eta ordutik hemen gaude.
Zer ibilbide osatu duzue urte hauetan guztietan?
Egoera erabat aldatu da. Ikastetxea oso ondo ikusita dago Hezkuntza sailan eta hori oso garrantzitsua da. Pauso handiak eman dira. Hezkuntza arautuan espero genituen unitateak (15) mantentzen ditugu eta horretarako lan handia egin behar izan da. Batxilergoko bost unitate ditugu eta baita bost heziketa ziklo ere: bi erdi mailakoak eta hiru goi mailakoak. Guztira 215 ikasle inguru ditugu. Jarduera ez arautua ere badugu: etengabeko formazioa (langileei zuzendua) eta langabetuei eskaintzen dieguna. Esan behar da orain dela urte batzuk enpresentzako formazioan beherakada eman zela, erre egin zirela hainbeste eskaintzarekin. Oraingo eskaintza zehatzagoa da, formazioa “a la carta” esaten den bezala eta gainera enpresan bertan ere egiten da. Langabetuentzako ikastaroei dagokienez, egun langabezi tasa baxua da eta ikastaroak aurrera ateratzeko arazoak ditugu. Seinale ona da. Aipatutako honetaz guztiaz gain, enpresentzako zerbi-tzuen atala ere badugu. Atal edo alor honetan proiektuak lantzen dira. Egun, Arcelorrekin eta Legazpiko eta Azkoitiko Sidenorrekin lanean ari gara, Legazpiko eta Zumarragako udalentzat proiektuak egin dira eta une honetan enpresa txiki batzuekin ere bai. Uggasarekin batera sustatzaileei laguntzen diegu enpresak martxan jartzen eta behar duten aholkularitza ematen.
Egun elkarlanean ari zarete, baina zergatik erabaki zen bere garaian Goierrik eta Urola Garaiak eskola bana izatea? Zergatik ez ziren bateratu?
Nik Goierri Goikoa esaten dut beti, ez zait Urola gustatzen, baina tira… Urola Garaian La Sallek lanbide heziketa alorrean urte askotan egindako lana ez dugu ahaztu behar. Bertatik profesional asko atera ziren, jakinduria handikoak, egun hemengo enpresetan postu garrantzitsuak dituztenak eta enpresak sortu dituztenak. Beraz, begira zer nolako lana egin zen… Nola botako halako esperientzia pikutara egun batetik bestera? Are gehiago merkatua dagoela ikusiz… Gainera, beti egon izan dira bi ikastetxe hauek eta ez dezagun ahaztu Goierriko jende asko La Sallen ikasitakoa dela. Hala ere, Goierriko eskolaren eta gurearen artean harremanak onak dira eta elkarrekin zenbait proiektu egin ditugu eta egiten ari gara. Beraz, lehia sanoa dugu. Biontzako tokia dago. Kontua da, gu duela 11 urte egituratu ginela fundazio bezala enpresariek eta politikariek eskualde mailan Lanbide Heziketako ikastetxea nahi zutelako eta Goierrik duela 20 urte baino gehiago eman zuela urrats hori.
Zuen eskaintza enpresetara bideratuta dago. Hemengo enpresak bakarrik hartzen al dituzue aintzat?
Gure helburu nagusia eskualdeko beharrei erantzutea da, baina ikastetxera kanpoko ikasleak ere etortzen dira. Hemendik Goierrira ere joaten dira. Beraz, joan-etorria dago. Hemengo ikasleak Irizarrera, Orklira, Ulmara… ere joaten dira. Hemengo enpresekin eta kanpokoekin oso hartu-eman ona dugu. Beraien beharrei erantzuten saiatzen gara.
Zein da zuen ekarpena?
2005-2006 ikasturtean plan estrategikoa egin genuen eta, besteak beste, gure xedea, ikuspegia eta baloreak definitu genituen. Oraingo plan estrategikoaren (2005-2010) helburuetako bat lan eremua EAEra zabaltzea da, Urola Garaia eskualdea kontuan izanik noski. Gainera, Zientzia eta Teknologia Sareko partaideak izateko lan egingo dugu. Helburua, elkarte autonomoan agente garrantzitsua izatea da: bai formazio arautuaren eta ez arautuaren alorrean eta baita enpresa esparruan ere.
Nola ikusten duzu zuen etorkizuna?
Itxaropentsu eta ilusioz beterik. Lehen aipatutako esparru guztietan aukerak daudelako eta aurrera egiteko indarrekin sentitzen garelako. Aukera asko ditugu: formazio arautuan, Lanbide Hastapena (CIP) fundazioaren egituran txertatzeko beta, formazio ez arautuan, formazioa neurrira eskaini, ikastetxetik pasatu diren ikasleei ikastaro berriak eskaini, sustatzaileen alorrean enpresa berriak sortzen lagundu, enpresetako proiektuekin jarraitu…
Nola ikusten duzu Urola Garaia beste eskualde batzuekin alderatuz?
Ez naiz konparaketa asko egitearen aldekoa. Izan ere, askotan besteek ondo egiten duena bakarrik ikusten dugu eta ez gaizki egiten dutena. Besteek ongi egiten dutena geurean txertatzen ikasi behar dugu, aliantza edo elkarlanaren bitartez. Bestalde, guk ondo egiten duguna besteei irakatsi behar diegu. Egia da eskualdean dauden egituren berrantolaketa eta edukien azterketa egin behar dela eta horren ondoren egiturak indartu eta laguntza eman. Bailarako agente ezberdinak koordinatzeko eta jarritako helburuak lortzeko gai garela frogatu behar dugu. Orain egin behar dugun hausnarketak hau guztia kontuan hartu beharko luke, besteak beste.
Ez al dira gehiago kanpora lanera joaten diren gazteak kanpotik hona etortzen direnak baino?
Denetarik dago, badaude eskualdean gelditzen direnak eta badaude kanpora joaten direnak ere. Kooperatibak modan daudela kontuan izan behar da eta enpresa handietara joatearen joera dagoela. Zergatik dauden modan? Lanpostu ziurtasunagatik, kooperatibetan irabaziak banatzen direlako… Hala ere, bertako enpresetan ere jende asko ari da sartzen. Mekanizatu alorreko enpresa txikietan eta zerbitzu enpresetan batez ere. Une honetan ezin diogu erantzun dagoen eskariari. Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar da baita ere hemen dauzkagun enpresa handietan kanpoko jende askok lan egiten duela.
Dena den, Goierriko edo Deba Goieneko enpresak, orokorrean, berritzaileagoak direla dirudi.
Kontutan izan behar da hemen ditugun enpresa gehienak siderurgia eta metal alorrekoak direla eta erabiltzen duten teknologia ez dela puntakoa. Honi erantsi behar zaio inbertsioak egiteko garaian erabakitze botereak ez daudela hemen eta honek bere arriskuak dituela. Honek ez du esan nahi enpresa hauek berritzen ez direnik eta proiektuak egiten ez direnik, baizik eta ateratzen den produktuak eskatzen duen teknologia ez dela beste zenbait sektoretakoa bezain berritzailea. Produkzioa hemendik kanpora bidaltzeko arriskua beti izango da. Zergatik? Burdin transformazioan eskulana merkeagoa delako hemendik kanpo. Dena den, nire ustez arrisku hori bailara guztietan dago. Kateko lana ere hemendik kanpora joan daiteke.
Zein da eskualdearen etorkizuna? Zeintzuk dira aukerak eta ahuleziak?
Esan bezala, bailarako sektore produktibo handi bat garai bateko produktuan oinarrituta dago (altzairu enpresak hain zuzen) eta hori ahulezia da. Bestalde, erabakiak hemendik kanpo hartzen dira eta horrek kezka eta beldurra sortzen ditu. Goierriko kooperatibetako eta zenbait enpresa handietako erabakiak, ordea, bertan hartzen dira. Datozen urteetan aldaketak etorriko dira. Trenaren inguruan egitura handiak sortuko dira eta prestatu egin behar dugu. Enpresen eta eskolaren arteko harremana estutzen eta erantzunak ematen jarraitu behar dugu, bai formazio alorrean eta baita alor teknikoan ere.
Beste agente batzuk ere badaude eta elkarrekin lan egin beharko duzue. Elkarlana behar bezain ona al da?
Hobetu beharra dago. Gu formazioan, teknologia berrietan, kudeaketan, enpresetako proiektuetan… lan garrantzitsua egiten ari gara. Bertako agenteak koordinatu eta elkarlana gehiago sustatu behar dugu, nahiz eta alor batzuetan dagoeneko elkarlana dugun. Uggasarekin, adibidez, elkarlana dugu eta zenbait egitasmo aurrera atera ditugu. Aberasgarria izan da, baina gehiago sakondu behar dugu..
Goierrirekin dagoen elkarlana ere nahikoa al da?
Beti egon da. Lanbide Heziketa ikastetxe kontzertatuak HETEL elkarteko partaideak gara. Goierrirekin lan egiten dugu, baina ez beraiekin bakarrik. Beste zenbait ikastetxerekin ere bai. Ez diogu gure inguruko bailarei soilik begiratu behar, baizik eta EAE osoari gutxienez.
Urola Garaia-Goierri banaketak zentzurik ba duela uste al duzu?
Ni Gabiriakoa naiz, Goierrikoa beraz. Niretzat ez dago inongo alderik batetik bestera. Batean lan egiten dut eta bestean bizi naiz. Ez dakit hau Urola Garaia edo Goierri izan behar den, baina elkarlana funtsezkoa da. Baliabideak, sinergiak… aprobetxatu behar dira. Bakoitzak beti izango du bere ikuspuntua, Goierrikoak gu baino hobeto dabiltzala pentsa daiteke eta esperientzia handiagoa ere badute… Ikasi dezagun eta hemen txertatu. Elkarlana ezinbestekoa da.
Behekoek ondo lan egiten badute baldintza hobeak dituztelako izan daiteke. Hemen ez al dugu bakoitzak bere aldetik joateko ohitura handia?
Behean ere bai, e! Dena den, lehen aipatu dudan bezala, kontuan izan behar da Goierri bailarako egiturak sendoak direla eta urte asko daramatzatela elkarlanean. Haiek ere bere garaian arazoak izango zituzten eta orain ere izango dituzte, baina duten eredua baliagarria da. Guk eredu hori finkatu behar dugu eta ondoren aurrera egin. Horretarako agente guztien elkarlan serioa behar da.