Gaur gauean Paul Haggis kanadiarraren “In the Valley of Elah” filma
Soldadu baten gurasoek beste ezer baino gehiagori beren semea desagertu egin dela jakinarazten dien telefono-deiari diote beldur. Alabaina, Hank Deerfieldek sekula ez zuen pentsatu dei hori Mike bere semea Bagdadetik baimenarekin etorri eta Estatu Batuetan zela jasoko zuenik. Hank gerra-beterano harroputza da, herritarrek aberriarekiko betebeharrak dituztela sinesten duena, eta semeak bere urratsak jarraitu izanak sekula damutu ez duena. Gauza bakar bat eskatzen zuen berak, Mikek ahal zuen guztia eman zezala, eta etxera osorik itzuli zedila. Telefonoaren ondoan zain egon beharrean, Hankek zezena adarretatik heltzea erabaki du eta bere semearekin zer arraio gertatu den ikertzeko Fort Rudderantz abiatzen da. Bertan, Sanders ikertzailearen (Charlize Theron) laguntzarekin kasua argitzen saiatuko da, nahiz eta militarrak kontra egon. Paul Haggis zuzendari kanadiarra da. Telesail ugari idatzi, ekoiztu eta zuzendu ditu, eta honez gain, honako pelikulen gidoiak berak idatzitakoak dira, “Million Dollar Baby”, Filme onenaren Oscarra irabazitakoa, “Flags of Our Fathers” eta “Letters from Iwo Jima”. 2004an zuzendari gisa estreinatu zen berak idatzi eta ekoiztutako “Crash” lanarekin, honekin Filme onenaren Oscarra eta Jatorrizko gidoi onenarena eskuratuz. “In the Valley of Elah” da bere bigarren filme luzea, Irakeko gerraren eta honek dituen ondorio latzen aurkako filme gogorra.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide