Urretxuko Eusko Alkartasunako zinegotziek EAJ eta PSE-EEk aurkeztutako «mozio etikoaren» alternatiba eramango dute datorren ostegun arratsaldean Urretxuko udaletxean egingo den osoko bilkurara.
EAko Jesus Mari Leteren arabera «mozio etikoaren lehenengo bi puntuekin bat gatoz, hirugarrenarekin ez gaude ados. Duela urte bat legeztatuta zegoen alderdi politiko bat orain zergatik dago legetik kanpo? Ez al zuten ba orduan ere berdin pentsatzen? Hortaz zergatik dimititu beharko lukete orain?».
EAJ eta PSE-EEk aurkeztutako «mozio etikoaren» hirugarren puntuaren arabera biolentziaren gaitzespena egiten ez duen ordezkari politiko orok dimititu egin beharko luke.
EAren mozioan «euren buruetatik hasten direla» diote alderdiko Urretxuko zinegotziek «inori eskakizunik ez diogu egiten, gure buruari baino ez». Mozio honen ardatza giza eskubideen errespetua da eta horren arabera joku politikoa arautzea hain zuzen ere.
EAko zinegotziek atzoko agerraldia udalaren jardueraz hitz egiteko aprobetxatu nahi izan zuten. «EAE-ANVk bildu zituen hauteskundeetan botu gehien eta errespetatzen dugu. Gero, ezker abertzalekoekPSE-EE alderdiaren babesa bilatu zuten, guri ez ziguten inoiz ere deitu» dio Jose Angel Lizarragak.
Udaleko egoera ekonomikoa
«Arau subsidiarioak gelditu zituzten izugarrizko akatsa eginez eta azken urteko kudeaketa, ekonomikoki urretxuarroi garesti atera zaigula ere esan behar da» jarraitu du Lizarragak.
Ohiko gastuak «gehiegizkoak» izan direla ere badio eta hori udalbatzaren gehiengoak aste honetan atzera bota zituen aurrekontuetan islatzen zela adierazi du EAko zinegotziak. «Guretzako kanpoko aholkularitzan hainbeste diru gastatzea gehiegizkoa da, enpresa publiko bat kudeatzen ari direla ahaztu dutela ematen du». Urretxu «itzaletan» dagoela ere esan du eta «EAk argiztatu» nahi duela blokeoa gainditu eta alderdi guztiekin hitz eginez.
Informazio osagarria:
- Azkenean PSE-EEk eta EAJk aurkeztu dute ANVren kontrako mozioa
- PSEE-EEk eta EAJk adostutako mozioa
- Urretxuko EA «zur eta lur» geratu da PSE-EEk egin dion eskaeraren aurrean
- PSE-EEk "mozio etikoa" aurkezteko ekimena hartu dezala eskatu dio EAri
- Urretxuko EAren idatzia
- Urretxuko Udal Gobernuaren idatzia (2008-5-8)