Aurreko astean, Urola Garaian Aste Berdearen baitan hainbat ekitaldi izan dira. Horien artean, eta garapen jasangarrirako bidean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa sailak abian jarri zuen GAP (Global Action Plan) programan parte hartzeko aukeraren berri eman dute.
Udalsarea 21aren bitartez, UGGASAko Udal Elkarteak Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragan ezarri nahi duen nazioarteko programa honen helburua jokaera eta ohitura iraunkorrak sustatzea da; hau da, bizi-kalitatea hobetzea ingurumenean dugun eragina apalduz, eta horretarako, etxean bertan egin daitezkeen hainbat ekintza erraz erakusten dituela adierazi dute antolatzaileek.
Pasa den astean jarritako informazio-puntuetan programa honetan parte hartzeko aukera eskaini da, baina oraindik ere informazioa lortu eta izena emateko aukera badago, udalsarea21.net web orriaren bidez egin behar baita eta irailaren 15era arte egin daiteke. Momentuz 262 familiek hartu behar dute parte EAE osoan, baina kopuruak gora egin dezake.
Programa abendura arte luzatuko da eta internetez jarraipen osoa egin daiteke.