Gertaerak 2006ko urrian jazo ziren Amalur elkartean. Herriko tabernen sumarioaren baitan eta Auzitegi Gorenak hala eskatuta, Ertzaintza inbentario bat egitera gerturatu zen elkartera. Epaitua izango den gaztea bertan zegoen. Prentsaurrekoan adierazitakoaren arabera, ustekabean, leiho bateko kristala puskatu eta zati batzuk kalera erori ziren. Ertzaintzak, elkartera sartu eta gaztea atxilotu zuen segidan.
Gauzak horrela, herritar talde honek hainbat gauza salatu ditu. Ertzaintzak atxiloketa unean erabilitako indarkeria batetik. Muntai poliziala bestetik, eta amaitzeko, herriko udal ordezkariek gertaeren aurrean izan zuten jarrera.
Epaiketa hau salatzeko, bihar arratsaldeko 20:00etan, manifestazioa izango da Areizaga-Kalebarren plazatik irtenda, "Aski da! Errepresioari stop" lelopean.