Eguraldia lagun, egun osorako prestatuta dauden ekintzez gozatzeko aukera izan dute Santa Barbaran eguna pasa eta oraindik ere jaitsi ez direnek.
Goizeko 10etan izan da Santa Barbarara igoera. Herriko udal ordezkariak parte hartu dute Txistulari taldea eta Lurra Dantza taldea lagun zituztelarik. 10:45ean Txalapartaren Deialdia izan da Zuhaitzaren Soinua Kolektiboaren eskutik eta ondoren meza baselizan. Behin meza amaituta, Lurra Dantza taldeak Aurreskua eskeini die herriko agintariei.
11:30ean ekin zaio sanjoanetako XVIII. Toka txapelketari eta 12:00etan XXVII. Irimora igoerari. Imanol Aleson izan da gizonezkoetan garaile, 16 minutu pasatxoko denborarekin. Emakumeetan berriz Jaione Sasieta 19 minutu inguruko denborarekin.
Egindako lan onagatik garaikurrak ere jaso dituzte Ainhoa Sanz korrikalariak eta Maialen Akizu bertsolariak. Lehena Estatu mailako garaile izan berri da 3000 metrotan eta bigarrenak Euskal Herriko Eskolarteko XX. Bertsolari txapelketa irabazi zuen larunbatean.
Herri Bazkaria bitartean Lurra Dantza taldearen emanaldia eta Herri Kirol saioa izan dira. Irritzi txapelketaren IV. Aldia arratsaldean gauzatuko da. 19:30ean berriz, toka txapelketako sari banaketa.
Ohiturari jarraituz 20:30ean gauzatuko da ohiko jaitsiera herrikoia.