- Alberto Colina: “Hemendik mila paziente pasatzen dira egunero euren laguntzaileekin eta zonalde hau gutxi esplotatua dago”
2005a geroztik Alberto Colina da Zumarragako ospitaleko kudeatzailea. Bilbotarra da, baina urte mordoska daramatza dagoeneko gure artean. 1986an etorri zen, zirujau lana egitera hain zuzen ere. Hala, primeran ezagutzen ditu bertako ospitalearen nondik norakoak.
Noiz etorri zinen Zumarragara?
1986an heldu nintzen, zirujau lana egitera. 90eko hamarkada hasieran kirurgia zerbitzuaren arduradun izendatu ninduten eta 1996an ospitaleko mediku zuzendaritza hartu nuen. 2002an Basurtuko mediku zuzendaritza hartu nuen eta 2006ko maiatzean kudeatzaile gisa itzuli nintzen. Hala, ondo ezagutzen dut ospitale honen historia. Basurtun nengoenean ere gertutik jarraitzen nituen hemengo nondik norakoak.
Nolatan etorri zinen?
Oposizio publikoan plaza lortu nuen eta hona etorri nintzen. Ospitalea ireki berria zen eta ez zegoen oso ondo ikusia herritarren artean. Izan ere, zerbitzu gutxi eskaintzen zituen eta langileak gazteak ziren. Pixkanaka aurrera egin genuen eta gizarteak eta ospitaleak elkar ulertu genuen.
Hiritarra izanik, zer iruditu zitzaizun herri batera etorri behar izatea?
Lehenbailehen itzultzeko asmoarekin etorri nintzen, baina bertako lan-giroa asko gustatu zitzaidan. Jendea oso atsegina zen, lanerako gogoa eta ilusioa zituen… Gazteak ginen eta ospitalea gure egin genuen. Horri esker, ospitaleak garai txarretan biziraun zuen eta gero indartu egin zen. 90eko hamarkada hasieran anestesistarik ez genuela eta kanpotik ekarri behar izan genituela kontuan izan behar da. Larrialdizko ebakuntzak bakarrik egiten ziren. 1992 inguruan egoerak hobera egin zuen eta ordutik aurrera indarra hartu genuen.
Azken urteotan sari ugari jaso dituzue.
1995ean kalitatea lantzen hasi ginen. 1997an FQM eredua jarraitu genuen, 2000. urtean Zilarrezko Q-a lortu genuen, 2003an urrezkoa, 2005ean Europa mailako saria, 2007an Iberoamerikarra eta Osasun ministerioarena… Horretaz gain, estatuko pediatria zerbitzu onena izendatu gaituzte, Unicef erakundeak Haurren Lagun bereizgarria eman digu eta estatuko zirujau laparoskopista onenak ditugu. Batzuk kanpotik etortzen dira gurera operatzera. Txikiak gara, baina hemendik kanpo ere ondo ikusiak gaude.
Hori guztia langileen inplikazioari esker lortu da, noski.
Hala da. Hemen gelditu dena nahi duelako izan da. Batzuek kanpora joateko aukera izan dute edo beste ospitale batean buruzagi postua dute, baina hemen jarraitzen dute. Giro ona eta ilusioa nagusi dira. Gainera, autonomia handi samarrarekin lan egin daiteke. Eragozpen bakarra bidaia da: langile asko hemendik kanpo bizi dira. Mediku gehienak kanpokoak dira: hego Euskal Herriko lau hiriburuetakoak batez ere. Izan ere, Zumarraga guztien erdian dago, gutxi gorabehera. Denbora eta dirua galtzen dute, errepidea arriskutsua da…, baina lanerako giro atsegina eskaintzen diegu. Langileak ondo zaindu behar dira. Ospitale txiki batean harremanetarako aukera handiagoa dago. Bertakoen artean erizainak eta medikuntzatik kanpoko langileak dira nagusi.
Etorkizuna ziurtatua al duzue?
Osasun munduan arazoa izango dugu: mediku eta erizain gabezia. Dagoeneko uda garaian larri gabiltza. Guk hiriburuetako ospitale handiek baino arazo gehiago ditugu eta langileak gustura egotea lortu behar dugu. Gaixoen iritzia jasotzea ere garrantzitsua da.
Zenbat langile zarete?
500 inguru gara. Horietatik 100 medikuak dira eta 200 pasatxo erizainak. Gainontzekoak administrariak, mantenu-langileak… dira.
Ospitale osoa al da?
Osoa da, baina eskualde mailakoa: txikia. Espezialitate garrantzitsu guztiak ditugu eta kontsultak ere bai. 130 ohe ditugu eta 90.000 pertsonentzat lan egiten dugu.
Ospitale txikiei langileak erakartzea gehiago kostatzen zaizuela esan duzu. Dirua lortzea ere gehiago kostatzen al zaizue?
Handien beharrak handiagoak dira, baina eurek egin dezaketen presio soziala ere bai. Osasun sailarekin harreman ona dugu eta hori garrantzitsua da. Familia buruarekin harreman ona izatea komeni da.
Zeintzuk dira etorkizuneko erronkak?
Azken bi urteotan larrialdien zerbitzu berria inauguratu dugu eta kontsultetarako gune berria egin dugu, hilabete honetan endoskopia unitate berria irekiko dugu, artxiboa berritu dugu, maiatzean etxez etxeko ospitaleratze zerbitzua abian jarri dugu, oftalmologia unitate berriko obrak hasi behar ditugu, udan zortzi ohe gehiago jarri behar ditugu, aurten bertan kontsulta eta erradiologia sailak handitu behar ditugu, erditzeko gela eta ebakuntza-gela berriak egin behar ditugu… Horrekin guztiarekin datozen 10-15 urteetako beharrak ase ditzakegula uste dugu. Ohe gehiago bakarrik faltako lirateke. Bestalde, gure ondoan gerontologia zentroa ireki behar da eta elkarrekin lan egitea espero dugu.
Azpiegiturez gain, zerbitzuaren kalitatea ere zaintzen duzue.
Hala jarraituko dugu. Ezin ditugu ohiko ikerketa lanak egin, baina gaixoarekin ditugun harremanei dagokienez berrikuntzak egin ditzakegu. Nola zaindu, informatu eta inplikatu landu dezakegu.
Zein da ospitale honen indar gune nagusia?
Europa osoan gurea da FQM saria duen ospitale bakarra. Bestalde, iberoamerikar saria duen estatuko bakarra da. Osasunaren kudeaketari dagokionez, oso ondo ikusiak gaude. Pediatria eta traumatologia zerbitzuak oso onak dira, baina kirurgiak duen onespena demasa da. Arduradunak nazioarteko foro askotan parte hartzen du.
Eskualdeko bizilagunek hau guztia estimatzen dutela uste al duzu?
Inkestetan gustura daudela diote eta, esan bezala, kanpoko batzuk hona etortzen dira operatzera. Profesionalen artean ere ondo ikusiak gaude. Bestalde, inguruko gaixo elkarteekin eta udalekin lan egiten dugu, euren foroetan parte hartzen dugu, UTBrentzat saioren bat egin dugu, haurren elikadurari buruzko liburu bat argitaratu nahi dugu…
Gaia aldatuz, nahiz eta ez zaren bertan bizi, ia bertakoa zaitugu.
Herria asko aldatu da lehenengoz etorri nintzenetik. Zumarraga herri zikina zen: Orbegozok tximinia handi bat zuen eta ke beltza botatzen zuen. Gainera, udazkeneko egun goibel batean heldu nintzen eta herri hotza eta kutsatua zirudien. Bestalde, krisialdi ekonomikoaren garaia zen eta zonalde hau zigortuenetako bat izan zen. Gaixoek, osasun arazoez gain, beste batzuk ere bazituzten. IHESak jotakoen indizea ere oso altua izan zen. Oso garai gogorra izan zen. Egun honakoa Euskadiko inguru indartsuenetakoa da eta gu horretan laguntzen saiatu gara. Urretxu eta Zumarragako enpresa handiena garela kontuan izan behar da. Hemendik mila paziente pasatzen dira egunero euren laguntzaileekin eta zonalde hau gutxi esplotatua dagoela iruditzen zait. Urtean milioi erdi pertsona hartzen ditugu, gutxi gorabehera.
Denbora luzean geratzeko asmoa al duzu?
Zumarragako ospitalea barnean daramat, 20 urte eman baititut bertan, baina Osakidetzako langilea naiz. Sailburuak Basurtura bidali ninduen eta gustura joan nintzen. Hona itzuli nintzenean ere, gustura egin nuen. Ez dakit etorkizunean zer gertatuko den.
Bukatzeko, 25 urte beteko dituzue 2009an. Nola ospatu behar duzue?
Ospakizun batzordea eratu dugu jada, baina ez dugu urte osoa ospakizunetan emango. Bi ekitaldi nagusi izango dira: bata uda aurretik eta bestea ondoren. Ospitalearen alde borrokatu diren langileak gogoan izango ditugu eta herritarrek ere parte hartzeko aukera izango dute.
- Miren Etxeberria: “Ospitale barrutik autoen hotsa entzuten zen eta norbait zetorrela konturatu bezain pronto korrika irteten ginen”
Ospitaleak aurrera egin badu, langileen konpromisoari esker da. Batzuek hasieratik daramate bertan. Horietako bat Miren Etxeberria zumarragarra da. Erizaintza ikasketak bukatu bezain pronto hasi zen Zumarragan lanean eta 24 urte daramatza jada bertan. Egun larrialdietako ikuskatzailea da. Ospitalea, erizaintza eta gaixoak asko aldatu direla dio.
Ospitalean hasi zinenean zein adin zenuen esan al daiteke?
Oso gaztea nintzen. Bi motots neramatzan oraindik… Unibertsitate ikasketak bukatu eta berehala hasi nintzen. Nafarroako Unibertsitatean Erizaintza ikasi nuen eta ondoren Fisioterapia ikasketak egin nituen toki berean. Dena den, erizaintzan lan egin dut beti.
Beste inon lan egin al duzu?
Ez. Fisioterapia bukatzea eta ospitalea irekitzea ia bat izan ziren. Behin-behineko lanpostu asko zeuden eta ikasketak bukatu aurretik hasi nintzen hemen.
Argi izan al zenuen jaioterrian lan egin nahi zenuela?
Zalantzak izan nituen. Izan ere, Iruñean bost urte eman nituen, lagun asko nituen eta oso gustura nengoen. Gainera, han ere lan asko zegoen. Zumarragan epe luzeagorako kontratua eskaini zidaten eta horregatik etorri nintzen.
Gaixoak ezagunak izango zirela jakiteak ez al zizun beldurrik ematen?
Ez nuen horretan pentsatu. Beste nonbaiten epe luzeagorako kontratua eskaini izan balidate, hara joango nintzen.
Zer aurkitu zenuen etorri zinenean?
Iruñean praktikak egin nituen, baina hango eta hemengo giroa oso ezberdinak ziren. Han gure lanbidearen alderik politena bakarrik ezagutzeko aukera izan nuen eta hemen errealitatea ezagutu nuen. Inuzente samarra nintzen beharbada eta beldurrik gabe etorri nintzen. Ilusioa eta lanerako gogoa nuen, are gehiago bertakoa izanda. Oso langile gutxi geunden oraindik eta gainontzekoek ere ilusio handia zuten. Herritarrek oso ondo hartu zuten ospitalea: horrek harro sentiarazten gintuen eta indarra eman zigun.
Hutsetik hastea ez al zen gogorra izan?
Ez dut halako oroitzapenik. Ospitalea 1984an ireki zen eta Osakidetza 1983an sortu zen. Oso une garrantzitsua bizi izan genuen, Osakidetzaren eta gure ospitalearen oinarriak jarri baikenituen, baina ez ginen jabetzen. Dena den, ospitale honi berezko estiloa eman geniola uste dut.
Zenbat lagun zeundeten hasieran?
Oso gutxi. Dena den, ni ez nago lehenengo heldu zirenen artean. Beste batzuk ni baino lehenago hasi ziren lanean. Bost lagun ospitalea guztiz hutsik zegoela hasi ziren. Antolaketa lanari ekin zioten eta zerbitzuak martxan jarri ziren heinean lagun gehiago hasi ginen. Hasieran aldaketa asko ematen ziren: batzuk etorri, besteak joan… Ospitalea sendotzea asko kostatu zen, hasieran langileak ahal bezain pronto alde egiteko asmoarekin etortzen baitziren. Pixkanaka, benetan hemen lan egin nahi dugunok gelditu gara.
Zeintzuk zineten 1984an hemen lan egiten zenuten herritarrak?
Adeli Busca, Ines Ruiz, Pili Biain, Marian Sarriegi, Gurutze Bolinaga…
Asko kosta al zen zerbitzu guztiak martxan jartzea?
Ez horrenbeste. Hasieran larrialdietako zerbitzua, X izpiena eta laborategia zeuden. Ondoren ospitaleratze unitateak ireki ziren: barne-medikuntza, kirurgia, ebakuntza-gelak, erditze-gelak… Ospitale txikia zenez, ez zen denbora asko behar izan zerbitzu guztiak abian jartzeko. Gehien kostatu zena sendotzea izan zen.
Asko aldatu al da zuen lana urte hauetan guztietan?
Asko. Larrialdietan lan egin dut, batik bat, eta zerbitzu hau izugarri aldatu da. 25 urtetan ni neu, gizartea, eskaria… dena aldatu da. Hasi ginenean jende gutxi etortzen zen larrialdietara. Jendeak zerbitzu horri errespetua zion. Egun edozer gauzagatik etor daitekeela dirudi. Gau batzuetan larrialdi kasu bakar bat ere ez genuen izaten. Hasi berriak ginenez, lanerako gogo handia genuen. Garai hartan ospitale barrutik autoen hotsa entzuten zen eta norbait zetorrela konturatu bezain pronto korrika irteten ginen gaixoa hartzera. Erregeen pare hartzen genuen! Egun, hori pentsaezina da.
Zergatik uste duzu lehen larrialdietako zerbitzua gutxiago erabiltzen zela?
Jendea halako zerbitzurik ez izatera ohitua zegoen eta bere kasa konpontzen zen. Bestalde, anbulatorioetako zerbitzuak paper garrantzitsua zuen eta jendeak hara joateko ohitura zuen. Oso gaizki zeudenean etortzen ziren ospitalera. Gainera, ospitaleko langileak oso gazteak ginen eta jendeari beldur pixka bat emango zion beharbada gure eskuetan jartzeak. Batek baino gehiagok galdetu zidan ea ebakuntza egin behar zion zirujaua fidatzekoa zen. Batek edo bestek niregatik ere galdetuko zuen… Pixkanaka jendeak konfiantza hartu zuen eta ospitalea saturatu egin zen. Egitura zaharkituta gelditu zen eta eskarira moldatu behar izan genuen. Oraindik horretan gaude. Izan ere, 25 urtetan gizartea asko aldatu da.
Zertan aldatu da?
Gu hasi ginenean bi paziente mota bakarrik zeuden: baserritarra eta kaletarra. Gero ijitoak, hegoamerikarrak… etorri dira. Batzuek asko eskatzen dute eta zaila da eurekin lan egitea.
Bertako jendea asko aldatu al da?
Baietz uste dut. Gizartea aldatu egin da eta horrek gugan eragina du. Pediatrian oso nabarmena da. Ez dut gogoratzen umetan medikuarengana askotan eramaten nindutenik. Garai hartan gurasoek seme-alaben ardura zuten. Egun gurasoek ardura txikiagoa hartzen dutela iruditzen zait: haurrak sukar apur bat izan bezain pronto ospitalera igotzen dute erabakiak pediatrak har ditzan. Haur batzuek, osasuntsuak diren arren, sekulako karpetak dituzte hemen. Nire ustez bizimoduaren eragina da. Gurasoek lan egiten dute, haurrak zaintzailearekin edo aitona-amonekin uzten dituzte, lanetik nekatuta heltzen dira, haurrak sukarra duela ikusten dute eta, hurrengo egunean ezin dutenez pediatrarengana eraman, berehala larrialdietara igotzen dute. Adinekoekin berbera gertatzen da. Lehen etxean bizi ziren eta beti zegoen familiako norbait beraiekin. Orain bakarrik uzten zaie eta zer edo zer duten bakoitzean ospitalera ekartzen dituzte. Hau guztia dela eta, larrialdietako zerbitzua gainezka dago.
Baliabideak ere asko aldatuko ziren…
Noski. Etengabe aldaketak ematen dira. Larrialdietako zerbitzua birritan berritu da. Lan egiteko modua ere asko aldatu da: eraikina, antolakuntza, informatika programak… berriak dira. Gu bakarrik gara zaharrak hemen!
Atzera begiratzen duzunean, garai bateko lan egiteko modua sinesgaitza irudituko zaizu.
Hala da. Garai hartako oroitzapenak oso onak direla ikusteak txunditu egiten nau. Egun larrialdietako zerbitzua erabat informatizatuta dago. 24 urte hauetan bide hau osatu izana sinestezina da.
Ba al da bereziki gogoratzen duzun anekdotaren bat?
Larrialdiak esker onekoak dira, ez dira ohikoak. Gainera, adin guztietako jendearekin, istripuekin… lan egitea tokatzen zaigu. Hori bai, kasu guztietan mina eta sufrimendua aurkitzen dugu. Ez da barre egiteko tokirik aproposena, baina hasieran barre asko egiten genuen eta oso ondo pasatzen genuen. Izan ere, gazteak ginen eta lan gutxi genuen. Egun hitz egiteko astirik ere ez dugu ia. Esan bezala, lehen jendeari askoz ere gehiago kostatzen zitzaion larrialdietara etortzea eta kasu guztiak deigarriak iruditzen zitzaizkigun. Baserritarrak bereziki gogoratzen ditut. Behin gizonezko bat oinez sartu zen gurera eta motozerrarekin ebaki zela esan zigun. Handia eta osasuntsua zen eta gomazko botak zeramatzan. Eskutrapuarekin torniketea egin zuela esan zigun. Ez zegoen zurbil! Egun mareatuta eta oihuka sartuko ziren… Baserritar hari bota kendu eta dena odolez beteta zuela ikusi genuen. Ez zuen lasaitasuna galdu! Egun halakoak ezinezkoak dira: denak anbulantzian eta Ertzaintzak eskoltatuta etortzen dira…
Bukatzeko, zer da Zumarragako ospitalea hasieratik bertan lanean ari den zumarragar batentzat?
Oso berezia da, baina ospitale handi batera joatea ere tentagarria da. Ez legoke gaizki halako bat ezagutzea, baina txiki batean lan egitera ohituta nago… Hemen lagun arteko giroa dugu, iritzia emateko eta erabakiak hartzeko aukera dugu…
- Jose Luis Ruiz: “Alkate izan nintzen urteetan ospitalea Zumarragan eraikiko zela jakitea baino gauza pozgarriagorik ez zen izan”
Jose Luis Ruiz Zumarragako alkatea izan zen 1979 eta 1983 bitartean. Legealdi hartan lortu zen, hain zuzen ere, ospitalea Zumarragara ekartzea. Goierri Garaiko gainontzeko herriek eta udalbatzako zinegotzi guztiek helburu horren alde bat egin zutela gogoratzen du eta Juan Mari Garitano alkate ohiaren lan ona goraipatu du. Legealdi hartako beste gauza batzuk ere kontatu ditu.
Ospitalea hemen egingo zela jakin zenuen unea izan al zen legealdi hartako pozgarriena?
Gauza pozgarriagorik ez zen izan. Izan ere, lan handia egin genuen hori lortzeko. Dena den, gu hasi ginenerako beste batzuek pauso batzuk eman zituztela esan behar da. Juanito Garitanok eta Juanito Arbizuk eman zituzten lehen pausoak, beste batzuekin batera. Garitanok sekulako laguntza eskaini zidan. 1979ko hauteskundeen aurreko batzorde kudeatzaileko presidentea izan zen, Madrilen jende asko ezagutzen zuen eta berarekin joaten nintzen. Bilera berezietara, berriz, alderdi guztietako ordezkariak joaten ginen.
Nola hasi zen ospitalearen kontua?
Inguru honetan egin behar zen eta, esan bezala, gu udaletxean sartu aurretik beste batzuek lehen pausoak eman zituzten. Zumarragak lursail hori aukeratu zuen, aspaldi desjabetu zutelako etxebizitzak egiteko. Ospitalea Espainiako estatuak egin behar zuen eta terrenoa berea zenez, tokirik onena hori zela pentsatu genuen. Zein herritan egin, berriz, hemen bertan erabaki behar zen. Eusko Jaurlaritza oraindik ez zegoen martxan: Consejo General Vasco delakoa zegoen. Behar ziren ate guztiak jo genituen: gure partidukoenak eta besteenak. Zenbat bidaia egin ote genituen! Izan ere, Beasain ere ospitalearen atzetik zebilen. Beasaingo Campillo gizon gogorra zen!
Azkenean Zumarragan egin zen.
Sekulako poza hartu genuen. Guk lehenbailehen egitea nahi genuen eta Madrilen ondo portatu ziren. Obra Bilboko enpresa batek egin zuen.
Prozesu gogorra izan al zen?
Bai, baina 17 zinegotziok bat hartu genuen eta Urretxu eta Legazpi ere gurekin zeuden. Guztiok oso argi genuen ospitalea Zumarragara ekarri behar zela. Hori eskertu beharra dut. Ordura arte jendeak goizeko seietako trena hartu behar izaten zuen Tolosara edo Donostiara joateko eta analisiak egiteko. Ia edozein gauza egiteko bertara joan behar zen. Europan bezala, ospitaleak asko jota 20 minutura egon behar zirela erabaki zen eta Zumarragakoa izan zen egin zen lehena. Ondoren, Irunekoa, Mendarokoa… egin ziren.
Azaldu al zizueten zergatik erabaki zen Zumarragan egitea eta ez Beasainen?
Gure lanagatik izan zela uste dut. Gainean egon ginen, joan-etorri asko egin genituen… Beasaingoek hona etortzeko Eitzaga igo behar zela eta neguan arazoak egon zitezkeela esaten zuten. Bakoitzak norbere herrian egin nahi izatea normala da, lanpostu asko ere jokoan baitzeuden. Egun ospitalea Zumarragako enpresa handiena izango da.
25 urte eta gero, nola ikusten duzu ospitalea?
Osasun kontuetarako kanpora joan behar ez izatea gauza handia da. Bestalde, sari asko jaso ditu eta ondo doala uste dut. Lan handia egin genuen, baina merezi izan zuen.
Egitasmo honek aurrera egin zuen arren, ez zenuen alkate jarraitu.
Oso argi nuen. Udal ordezkarien arteko harremana ona zen, baina alderdien artean istilu asko zeuden. Horrek jarraitzeko gogoa kendu zidan. Alderdikoek jarraitzeko esan zidaten, baina argi erantzun nien.
Alkate izan aurretik politikarekin harremanik izan al zenuen?
Batere ez. EAJko afiliatua nintzen aspalditik, baina sekula ez nintzen politikan sartu.
Nolatan suertatu zitzaizun orduan alkate izatea?
Ez iezadazu hori galdetu… Pasiotarren egoitzan alkatetzarako hautagaia aukeratzeko bilera izan zen eta botoak kontatu ondoren nire izena esan zuten. Ihesean alde egin nuen handik. Inork ez zidan esan nire alde botatu behar zuenik.
Ez zinen asko poztu…
Batere ez. Hemengo arduradunak aukeratua izan nintzela eta aurrera egin behar nuela esatera etorri zitzaizkidan. Hala izan zen kontua, ez Zumarragako alkate izan nahi nuelako.
Zergatik uste duzu aukeratu zintuztela? Herrian ezaguna izango zinen…
Zumarragako zulo guztietatik pasatuta nengoen ordurako: Hermanotako ikasle ohien elkartean, ikastolan, Urolako presidentea izan nintzen… Horregatik hautatuko nindutela pentsatzen dut.
Nola osatu zen udalbatza?
EAJko zazpi, PSEko bost, HBko bi, PCEko bi eta EEko bat geunden. Gure arteko harremana ona izan zen, nahiz eta eztabaida batzuk izan genituen. Gehienetan udalbatzatik irten eta guztiok elkarrekin txikito batzuk hartzera joaten ginen.
Nolakoa izan zen legealdi hura?
Hasieran mozio asko aurkeztu ziren eta halako batean nahikoa zela esan eta herriko gaiak bakarrik eztabaidatzea erabaki genuen.
Zer egitasmo izan ziren?
Kiroldegia ere guk jarri genuen abian. Urbanizazio mailan lehen gastua Antonio Oraan eta Etxeberrin egingo genuela esan genuen eta hala izan zen. Ez zegoen diru asko, baina apur bat txukundu genituen behintzat. Urdaneta kaleko eta Eitzagako igoerako espaloiak ere egin zen. Azken hau egiteko mojei zati bat kendu zitzaien. Hilerria berritu zen, udaletxearen berrikuntza abian jarri zen…
Nekez imajina daiteke herria espaloirik gabe…
Lehen urtean 44 milioi pezetako aurrekontua izan genuen. Udal-langileei ordaintzeko dirurik ere ez zegoen. Euren taloiak firmatzeak lotsa ematen zidan, soldata penagarriak baitzituzten. Ez zegoen ezertarako dirurik. Garai hartan heldu ziren Eusko Jaurlaritzaren lehen laguntzak. Herrian ez zegoen ezer eta gure erronka gauzak egitea zen. Dirulaguntzak lortzeko proiektuak aurkeztu behar genituen eta oraindik ez genuen ez arkitekturik eta ezta aparejadorerik ere. Legealdi hartan kontratatu ziren profesional hauek eta lehen Arau Ordezkatzaileak ere orduan onartu ziren.
Zerbaitetaz damutu al zara?
Baskongadoetako eta Urolako trenen lursailak erosi genituen eta bertan anbulatorioa eta Ertzaintzaren komisaria egin dira, baina nire ustez toki hori trenaren museoa egiteko aproposa zen. Museoa Azpeitian egin zen, baina Zumarraga baino trenbide-gune garrantzitsuagorik ez da izan Gipuzkoan. Bestalde, nire aita trenbideetako langilea izan zen eta hori da gai honekiko nire kezkaren beste arrazoia.
Udala asko aldatu al da?
Guk ez genuen ezer kobratzen! Bestalde, garai hartako aurrekontua 44 milioi pezetakoa zen eta egungoa 2.000 milioi ingurukoa. Egun dirua askoz ere errazago lortzen da, handik edo hemendik. Lehen zailagoa zen lana egitea.