Lakers eta Celtics taldeek denboraldi bikaina osatu dute eta zaletuek aspaldi esan zuten finalean topo egin zezaketela. Hiru urretxuarrak jakinaren gainean zeuden eta finalerdiak heldu zirenean bi taldeak finalerako sailkatzen baziren euren promesa betetzea erabaki zuten. Finalerdietako azken partida bukatu bezain pronto, Interneten sartu ziren sarrerak erosteko asmoz. “Ordurako Bostonen jokatu ziren lehen bi partidetarako sarrerak agortuta zeuden. Los Angelesera joan behar izan dugu, nahiz eta hemendik askoz ere urrutiago dagoen. Hotela eta hegaldia lortzeko, berriz, ez dugu arazorik izan. Zortea izan dugu, sarrera Estatu Batuetako txartelekin bakarrik eros daitekeela esan baitigute. Guk, ordea, ez dugu arazorik izan hemengoarekin erosteko”, aipatu du Iñaki Albisuak.
Kaliforniako hiririk handiena asko gustatu zaie, nahiz eta 60 ordu bakarrik izan dituzten bisitatzeko. “Hiri oso handia denez, ezin izan dugu dena ikusi. Hondartzak eta Hollywood bisitatu ditugu, hiria bizikletan zeharkatu dugu… Denetik egin dugu. Horren denbora laburrean ezin da gehiago egin. Mutil beltz batzuk ikusi ditugu kalean saskibaloian jokatzen eta eurekin jokatzen utzi digute. Oso ondo pasatu dugu”, azaldu du urretxuarrak.
Saskibaloiarekin lehen hartu-emana izan ostean, aspalditik espero zuten unea heldu zen: Los Angeles Lakers taldearen Staples Center pabiloira sartzeko ordua. “Sartu aurretik kanpoaldean antolatutako txapelketa batean parte hartu genuen. Galdeano anaiak Lakers taldearen elastikoarekin zihoazen eta ni Celtics taldearenarekin. Boston Herald egunkariko argazkilaria gerturatu zitzaigun eta argazkiak atera zizkigun. Pabiloi barruan, berriz, Digital+ telebista kateko aurkezleekin izan ginen”.
Hiru urretxuarren bidaiak komunikabideen arreta piztu du. Eurena, aldiz, pabiloiaren tamainak. “Ikaragarria da. 20.000 lagunentzako tokia izateaz gain, telebistentzako bi solairu ditu. Gainera, dirudunek toki asko hartzen dute. Hemengo pabiloiak baino askoz ere handiagoa da. Dena den, Los Angelesen behintzat, ez da hemengo giroa sortzen. Ikuskizuna ikustera joaten dira batik bat. Baskoniako zaleak askoz ere beroagoak dira”, dio Urretxuko zaletuak.
Gonzalez de Galdeano anaiak Lakers zaleak dira eta Albisua, berriz, Celtics zalea. Hirugarren partida Los Angelesen jokatu zenez, urretxuarra zen Bostonekoek pabiloian izan zuten jarraitzaile ia bakarra. “20.000 ikusle inguru ginen eta horietatik 50 bat bakarrik Celtics zaleak. Aurkariez inguratuta egon nintzen, baina berdin du. Okerrena galdu egin genuela izan zen”, aipatu du. Dena den, Galdeanotarrei adarra jotzeko aukera du. Izan ere, Bostongo taldeak irabazi du txapelketa.
Gonzalez de Galdeano anaiak eta Albisua Baskonia taldearen jarraitzaileak ere badira eta iaz Atenasera joan ziren Gasteizko taldea ikustera. Aurtengo bidaiak hura gainditu du. “Gaindiezina dela uste dut. Errepikatuko genuke, zalantzarik gabe, baina nahia eta ahala ez dira bat. Halakoak ezin dira egunero egin. Aukeran, egun gehiagotarako joango ginateke”, esan du Albisua urretxuarrak.
Jendeak Estatu Batuetara saskibaloi partida bat ikusteko bakarrik joatea ez ulertzea normala iruditzen zaio. “Gainontzeko ikusleei harritzekoa iruditzen zitzaien partida bat ikusteko joan izana, baina saskibaloi zaletuak direnez ondo iruditzen zaiela esan digute. Apur bat zoratuta gaude, baina haurtzaroko bizipenek indar handia dutela kontuan izan behar da. Gainera, garai hartan NBA gainontzeko ligen oso gainetik zegoen eta historian izan diren bi talde onenak ikustea tokatu zitzaigun. Amets bat egia bihurtzera joan gara, saskibaloi partida ikustera baino. Guk geuk ere egitera gindoazena gehiegizkoa zela pentsatu genuen, baina egin izan ez bagenu, bizitza osoan damutuko ginatekeen”.
Ez dira euskaldun asko izango NBAko finala ikusteko aukera izan dutenak. Dena den, urretxuarrek beste batekin topo egin zuten: irundarra, hain zuzen ere. “Irteeran ikurriña zeraman gazte batek argazki bat ateratzeko eskatu zigun. Irungoa da, baina ez da Estatu Batuetara espresuki saskibaloi partida ikustera joan”, amaitu du.