Hala ere, iruditzen zaigu ekonomia neoliberala baino –ez dakigu zehatz-mehatz zer esan nahi duen baina artikulua dotore janzten du– gizakia bera dela krisian dagoena. Izan ere, bere ogibidea defendatzeagatik kamioilari eta arrantzaleak greban jarri eta gizarte honetako partaideek izan dugun erantzunak auzo lotsa eragin digu.
Kontsumismoaren yonkiak bagina, arazo larri baten aurrean egin dugun lehen gauza autoaren depositoa betetzeko ilara luzeak egin eta supermerkatuak «sakeatzea» izan da. Amaitu diren lehen produktuak Coronadoren bifidus yogurtak eta komuneko papera izatea egoeraren metafora polit eta guztiz adierazgarri iruditu zaigu benetan.
Petroleoa garestitzeak izan omen du guztiaren errua. Hala ere, Otamotzeko kolaborazio hauei esker gure eta gure ondorengoen etorkizun ekonomikoa bermatuta daukagunez, askoz garestiagoa iruditzen zaigu antzerkiaren prezioa.
Izan ere, Ferraz eta Sabin Etxeako erosotasunean idatzitako folletinaren gidoiaren kostea jasanezina egiten ari da gure herriotan. Urretxun, etikaren izenean, elkarbizitza krispatu eta zilegizko udal gobernua jomugan jarri ditu hilaren 5eko zirkuak eta Urola ibaiaren bestaldean, denbora gutxian orkestratutako beste muntai baten erruz, bigarren herritar gazte batek lau urte eta erdi eman ditzake giltzapean. Ea Broodwayen gertatzen den bezala, tragikomedia honek amaiera zoriontsua izaten duen.
Jon Ormazabal