Nola ikusten duzu Urola Garaia Mankomunitatea?
Mankomunitateak hainbat gauza lortu zituen, UGLE eta suhiltzaile parkea esaterako, baina pixkanaka mankomunitate mentalitatea galdu egin dela uste dut. Dagoeneko erakundeak ez du edukirik. Oso egiteko gutxi ditu. Plan estrategikoa landu behar dugu eta nire ustez lau urte hauek oso garrantzitsuak izango dira. Udalok Mankomunitatea indartzeko prest gaudela iruditzen zait, nahiz eta azkenaldian bakoitzak bere aldetik lan egiteko joera izan dugun. Besteak indartsuak direla eta gu atzean gelditu garela konturatu gara. Guk ere, Goierri edo Debagoiena bezala, indartsu agertu nahi dugu.
Aurreko urteetan herri bakoitza bere aldetik joan dela uste duzu, beraz.
Hori gertatu dela uste dut. Ni ez naiz udaletxean egon, baina barruan egon direnek ere hori esaten dute. Mankomunitatea edukirik gabe gelditu da poliki-poliki.
Ingurukoekin nahikoa elkarlan badagoela uste al duzu?
Goierri indartsu ageri da eta horretarako zer pauso eman dituen begiratu beharko genuke. Beraiengandik ikasi beharra dugu. Elkarlana etorriko da. Orain ez du zentzurik Goierrikoengana joateak, ez baitugu zer eskaini. Lehenengo geure burua indartu beharra dugu. Indartzen garenean elkarlan pausoak emango dira. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak Mankomunitate indartsuak nahi dituzte eta Urola Garaia txikia da. Hala zailagoa da laguntzak eta aukerak lortzea. Horrek indartu eta ondoren elkarlana bilatu behar dugula esan nahi du.
Ba al du zentzurik Goierri eta Urola Garaiaren arteko banaketak?
Gu Goierri gara, baina bere garaian Urola Garaia Mankomunitatea sortu zen. Nola jokatu ikusi behar dugu.
Legazpik nahi bezainbesteko garrantzia al du Urola Garaia Mankomunitatean? Legazpik ez al du Urretxu eta Zumarragak baino gehiago begiratu Goierrira?
Zerain, Segura, Zegama… ondoan ditugu eta normala da haiei begiratzea. Mankomunitatea Urretxu eta Zumarragarekin osatu genuen eta tira… Normala da arazoak sortzea. Aipatutako bi herri horiek hirigune bakarra osatzen dute eta biztanle gehiago dituzte. Gauzak biztanle gehien duen tokian kokatzera jotzen da beti eta Legazpi tokiz kanpo gelditu da askotan. Dena den, orain Uggasa Legazpira etorri da. Legazpi apur bat aparte dago, baina ez dago urrun dagoela esaterik. Nire ustez ez da ezer gertatzen Uggasaren egoitza Legazpira ekartzeagatik. Zerbitzua orain arte bezain ona izango da. Orain arte gu joan behar izan dugu hara eta orain beraiek etorri behar dira hona. Hori da mankomunitate mentalitatea eta ez Udal bakoitza beretzat gauzak lortzen saiatzea.
Nola ikusten duzu Urola Garaia mankomunitatearen etorkizuna?
Plan estrategikoak markatu behar du norabidea eta aipatutako mankomunitate mentalitatea beharrezkoa dela garbi izan behar dugu. Bakoitzak bere aldetik ezin du ezer egin. Mankomunitatea indartzen badugu, azpiegitura onak lortuko ditugu. Une honetan Legazpik industria zorua du, baina Urretxu eta Zumarragako biztanleei bertan lan egiteko aukera ematen diegu. Urretxuk ez du industriarako lurrik, baina Legazpira etor daitezkeen langile prestatuak eta enpresak ditu. Bakoitzak bere alde egitea normala da, baina gauza batzuetan elkarlana ezinbestekoa da.
Legazpi aldera ezik, Ezkio-Itsaso aldera ere zabalduko da ekonomia jarduera.
Hala da. Bertatik Abiadura Handiko Trena pasako da eta industriarako lurra ere badu. Hori guztia bideratzea Mankomunitatea osatzen dugun guztion ardura da. Gauzak ondo egitea zaindu behar dugu.
Herritarrek eta enpresariek ere mankomunitate pentsaera dutela uste al duzu?
Jendea askoz ere gehiago konprometitu behar da. Denok lan egin behar dugu inguru honetan aukerak sortzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko. Nire ustez Goierriren arrakastaren arrazoietako bat hori da: enpresak oso ondo kokatuta daude. Nire ustez hemengo enpresek apur bat gehiago lan egin behar dute Mankomunitatean.
Urretxuk eta Zumarragak ez zuten Lenburren barruan sartu nahi izan. Zer iruditzen zaizu?
Nire ustez gai horri eutsi behar diogu berriro. Zer nahi dugun begiratu behar dugu. Uggasak ere turismo alorrean lan egin izan du eta Legazpin Lenbur dugu. Plan estrategikoak hori guztia zehaztu behar du. Nire ustez Lenbur Mankomunitate barruan kokatzea komeni da.
Zer iruditzen zaizu mankomunitate mailako erakundeen gainontzeko lana?
UGLE eta Uggasa gauzak egiten ari dira. Bete dute egin beharrekoa. Hobetu egin behar dutela? Beharbada zer edo zer gehiago egin behar da, baina garrantzitsuena tresna horiek hor edukitzea da. Beharbada orain arte ez dute testuingururik egokiena izan lan egiteko.