Aste Berdean aurkeztu zen bezala, ekainaren 5etik irailaren 14ra arte GAP Ekintza Plan Globala programan parte har dezakete Urola Garaiko mankomunitateko biztanleek. Parte hartu nahi duten etxeek Uggasaren webgunean, udalen webetan eta www.udalsarea21.net gunean eman dezakete izena, programa Interneten bidez garatzeko. Hala eginez gero, paperaren eta energiaren kontsumoa gutxitzen lagunduko dutela gogorarazi dute. Paperean ere egin daiteke programa, kultur etxeetan, kiroldegietan, udaletxeetan edota etxean Gidarekin batera jasotako liburuxkari atxikitako kupoia bidaliz.
Programaren helburua eguneroko ohiturak aldatzen laguntzea da eta parte hartzen dutenek ingurumena hobetzeko aholku praktikoak jasoko dituzte, lantzen dituzten gaien inguruan. Programa osoa egiten duten etxeek Etxe Ekologikoaren Ziurtagiria jasoko dute, haien laguntzaren eta ingurumena zaintzeko hartutako konpromiso pertsonalaren erakusgarri.
Aurreko bi edizioetan 55 udalerritako 17.000 familiak hartu dute parte. Goierrin Zumarraga, Urretxu, Ezkio-Itsaso eta Legazpiz gain ez dago beste herririk parte hartuko duenik.