Zumarragako gida eraberritua aurkeztu dute. Argitalpenaren bosgarren edizioa datozen egunetan iritsiko da zumarragarren etxeetara, zerbitzu eta erakundeen telefono zenbaki eta helbideekin. Kale izendegia, Udalbatzaren egitura, herriko datu orokorrak eta Zumarragarako asmo berriak ere publikatu ditu Udalak gidan.
Ohi bezala historiako edo kulturako gai bat nabarmendu dute. Oraingoan Independentzia Gerra Zumarragan landu dute, gudak izandako eragina jorratuz. Jaiak eta jarduerak, eta turistentzat baliagarri izan daitezkeen beste zenbait datu ere jasotzen dira.
Aurkezpenean adierazitakoaren arabera, gida lau urtetik behin eguneratzen eta argitaratzen du Udalak. Aurrekoetan bezala Dyca enpresa arduratu da diseinuaz eta argitaratzeaz, eta Kultura Zerbitzuaren lankidetza izan du. Guztira 5.000 ale argitaratuko dituzte. Herritarren zein kanpotarren artean banatuko da gida.
Gidan agertzen den informazioak, zumarraga.net webgunean argitaratzen denarekin batera, herriaren ikuspegi orokor eta zehatza ematen dutela azaldu zuen Antton Arbulu alkateak aurkezpenean.