Gaur izandako Udalbatza Berezi batean, Anton Arbuluk uko egin dio alkatetzari, FEVE enpresan lanean hasi behar baitu. Azkenaldian zurrumurruak ugariak ziren, baina udalbatza berezirako deialdia ostegunean jakin zen udal ordezkarien artean.
Gaurko ekitaldian Arbuluk uko egitearekin batera, Udalbatzak horren berri jakin eta alkate berria aukeratzeko prozedimendua martxan jarri da.
Momentu honetan, Mikel Serrano, lehen alkateorde bezala, jarduneko alkate da eta datozen hamar egunotan beste udalbatza berezi bat deitu beharko du. Bertan, alkate berria aukeratuko da. Alkatetzari uko egiteak ez du zertan zinegotzi izateari uko egitera behartzen, hortaz, momentuz hala jarraituko du Arbuluk.
Lucia Ocariz, idazkariak, legezko prozedura bete eta gero, Arbuluk hitza hartu du. «Nire herria hiru legealditan zerbitzatu ondoren etapa berri bati ekingo diot nire bizitzan» esan du. Herritarrei, zinegotzi, bereziki alderdi sozialistakoei, gainontzeko alderdietako kide eta funtzionarioei eskerrak eman dizkie emandako laguntza eta egindako lanagatik. «Politika gaien gainetik bizikidetza dagoela ikasten lagundu didatenei ere eskerrak eman nahi dizkiet. Zumarragan jaio, Zumarragan bizi eta bertan jarraituko dut herria zerbitzatzeko bokazioarekin».
Deialdia
Honen ostean, EAJko bozeramale Juanjo Sagarnak, «deialdiaren urgentzia dela eta harrituta» zeudela adierazi du. Alkate bezala, «EAJrekiko leialtasun falta eta informazio eta komunikazio gabezia» gaineratu dizkio Arbuluri. Dena den, «ibilbide berrian hoberena» opa izan dio. Valeriano Martinez, PPko bozeramaleak ere hitza hartu du, «elkarrekin lan asko egin dugu» azpimarratuz, «hala jarraituko duzulakoan nago eta zorionak egindako lan onagatik», bukatu du.
Azalpenak
Ikerne Badiola, EAko bozeramalea bat etorri da Sagarnarekin deialdiaren urgentziarekin, eta «kalean izan diren zurrumurruen aurrean, azalpen gardenago bat», nahiago lukeela esan du.
Mikel Serrano PSEko bozeramalearentzat, «egun berezia» da gaurkoa eta entzundakoak esateko egunik egokiena ez dela adierazi du. «Deialdi berezia egiteko garrantziazko gaia dela uste dut», gaineratu du. Serranok ere zortea opa dio Arbuluri.
Arbuluk eskerrak eman eta «elkar ikusiko dugulakoan nago» hitzekin bukatu du bilkura.
Albuluk bizikidetzaren garrantzia azpimarratu du
Ukaezina da Anton Arbulu alkate berezia izan dela zumarragarentzat eta bere agurrak ez duela inor indiferente utziko. 1951an jaioa arkitektu tekniko ikasketak egin zituen. 1991tik 1995era Zumarragako Udaleko zinegotzi izan zen eta ondoren alkate izan da 1995etik 1999ra, 2003tik 2007ra eta gaur arte aurtengo legealdian. Orain, FEVEn hasiko da lanean, honen lursailak urbanistikoki kordinatu eta ordenatzeko. Horregatik, Udal Gobernu Autonomikoekin harreman zuzena izango du HITZAri adierazitakoaren arabera. Dena den Zumarragan bizitzen jarraituko du. Hasiera batean zinegotzi kargua mantenduko du baina ez daki zehazki noiz arte.
Alkate izan den garaitik guztiaren gainetik «herriko bizikidetza» azpimarratuko luke. «Hori da garrantzitsuena eta hori garatu behar da». Honekin batera, Zumarragako erdigunearen eraldatze urbanistikoa nabarmenduko luke. «10.000 biztanleko herri gutxitan aurki daiteke erdigunean antzerki areto bat, parkea, lurrazpiko aparkalekua eta kultur etxea. Eta hau, kontuan izan behar dugu, gure aurretik izan zirenen antolaketa urbanistikoari zor diogula. Azpiegitura horiek guztionak dira». Auzoek izandako eraldaketa ere nabarmentzen du. «Auzoetan baliabideak asko hobetu dira. Baita ere lorezaintza eta garbiketan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina hobetzen jarraitu daiteke, noski».
Beste alderdian, bete gabeko ametsik ere badu Arbuluk bere agurrean, Antio eta bertako interpretazio zentroa eginda ez ikusi izanak. Zalantzarik gabe onartzen du hori egiteke gelditu dela, baina «prozesuan dago. Antio Zumarraga eta eskualde guztiarentzat garapen puntu garrantzitsua da nazioarte mailan erakargarri turismoa da eta».
Agurrean, herritarrei helarazi nahi liekeen mezua, «Zumarragak etorkizuna duela» da. «Lasaitasunez eta soseguz ekin behar diogu eta bizikidetza landu bide honetatik bakera iristeko», bukatzen du.
Informazio gehigarria:
–> Goierriko Hitza
–> Otamotz aldizkarian eginiko azken elkarrizketa
–>Noticias de Gipuzkoa (gaztelaniaz)
–> Diario Vasco (gaztelaniaz)