Pasa berri diren Santa Isabel jaien balorazioa egin dute antolatzaileek eta orokorrean, positiboa izan da. Santa Isabel eguna asteazkena izanik ohi baino gehiago luzatu dira jaiak, baina ekitaldi aldetik orekatua egon da.
Alderdirik positiboenen artean, Zelai Arizti parkean lortu den espazio berria azpimarratu zen, kultura eta jai batzordetik adierazitakoaren arabera. Zezen plazan antolatutako ekitaldiek ere oso harrera ona izan dute. Ohi bezala, Santa Isabel egunean sortzen diren jende pilaketek eztabaida sortu dute aurten ere; izan ere, meza bukatzerakoan elizako eskailerak hustea ez baita erraza eta horrek ere arazoak sortzen ditu.
Txosnei dagokionean, aurten musikaren bolumena eta ordutegia dela eta hainbat kexa egon dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, datorren urterako hori gertatu ez dadin beharrezko neurriak hartuko dira.
Azkenik datorren urtean Santa Isabel eguna osteguna izanik, jaien hasera asteazkenean izatea proposatu zen. Honela, hasiera batean behintzat helduen danborrada, asteazken gauean izango litzateke eta hortik aurrera gainontzeko ekitaldiak.