Zumarragako Argixao Industrialdean dagoen TTT Goiko enpresako langileek hilabete bat egin dute greban. Lanuztea ekainaren 17an hasi zen lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta zegoela eta, baina gaur prentsaurrekoan berriro gogorarazi dutenez, greban hasi eta gainera aldi baterako kontratua zuen langile bat kaleratu zuten.
Langileen delegatu eta ELAko ordezkariek gaur adierazitakoaren arabera, greban 24 egun egin arte ez dute buruzagitzatik erantzunik jaso, uztailaren 10ra arte. Langileen arabera, zuzendaritzak ez du eurekin harremanetan jartzeko asmorik erakutsi.
Baldintzak berdintzea
TTT Goikok 50 langile inguru ditu eta hasiera hasieratik 35 egon dira lanuztean. Soldata 3.000 euro lineal igotzeko, urtean 16 ordu gutxiago sartzeko eta behin-behineko lan kontratuak gehienez urtebetekoak izateko eskatzen dute, besteak beste, ELAk dioenez. Langileek argi utzi nahi izan dute negoziaziorako prest daudela.