Zumarragako airea kutsatuta dago. Hori dio behintzat orain gutxi Ekologistak Martxan taldeak publiko egin duen informe batek. Horretan oinarrituta eta aurtengo orain arteko datuak kontutan hartuta, larritzat jo du Zumarragako airearen egoera Ezker Abertzaleak. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, zazpi hilabete hauetan 46 egunetan gainditu da legeak urteko ezartzen duen 35 egunetako muga. Datu hauek kontutan hartuta, urte amaierarako bataz beste 96 egunetan gaindituko litzateke muga hau.
Neurriak
Azken lau hilabeteetan, lehendabiziko bi hilabeteekin alderatuta kutsadura mailak behera egin duela ere aipatu dute. Positiboki baloratu dute beheraka hau, baina oraindik egiteko asko dagoela azpimarratu dute. Beherakada honen arrazoi posibleak ere azaldu dituzte:
- Eusko Jaurlaritzak ARCELOR enpresari ireki dion zigor espedientea.
- Enpresen produkzioari dagokionean azken hilabeteetan egon zitekeen beherakada.
- Izan dugun udaberri euritsua.
Alde positiboak
Positiboki baloratu dute meteorologia antenen instalakuntza. Hauen bitartez airera isurtzen den PM10 isuriaren jarraipen zehatzagoa egin ahal izango delako. ARCELOR, labeen aspirazio sistema berritzen ari da eta horri ere kontutan hartzeko datua dela iritzi diote. Dena den, gogor kritikatu dute aipatutako enpresari Eusko Jaurlaritzak eman berri dion Ingurumen Baimen Integrala deritzana. Esan dutenez kontraesana da Eusko Jaurlaritzak berak, ingurumena kutsatzeagatik zigortu duen enpresari titulu hau ematea.
Amaitzeko egin dituzten salaketen artean, gaiaren inguruan dagoen informazio eza aipatu dute. Aurrera begira, gaiaren gainean lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute.