Urretxuko Udalak arau subsidiario berriak plenora eramateko asmoa du irailean. Horrela eman zuen jakitera otamotz.eus-ek pasa den ostiraleko albiste batean. Arau subsidiario berri hauetan, Udalak hainbat berrikuntza eta aldaketa egitea aurreikusten du. Horien artean, Sarralde zegoen gune industrialean etxebizitza babestuak egiteko ideia azpimarratzen da.
Albiste hortan publikatutakoa irakurri ostean, Urretxuko EAJ-PNVk Udalari erantzun nahi izan dio medioetara bidalitako eskutitz batean.
Jarraian duzue eskutitza bere osotasunean irakurtzeko aukera:
Aste honetan Urretxuko Arau Subsidiarioen gaineko albiste bat irakurri dugu. Bitxia da Arauak onartzeko epe berri baten berri eman izana, izan ere 2007ko irailetik hona hirugarren aldia baita. Are gehiago Udal ordezkariek baino lehenago hedabideek horren berri izan badute. Harrigarriagoa oraindik Plangintzarako azken bilera apirilaren 2an izan zela kontuan hartuz gero.
Aipatutako albiste horrek Udalak Sarralde erosteko proposamenaren berri eman zuen. Azkenean ez zuen lortu Udalak Sarralde erostea. Gai honi buruz zera azaldu nahi dugu:
1.- Gai hau tratatzeko Osoko Bilkura deitzeko moduak harritu egin gintuen. Ekainaren 26an premiazko Bozeramaileen Batzordea deitu zuten, 27an Ezohiko Osoko Bilkura egiteko. Bozeramaileen Batzordean prozesuaren berri ez genuenak jakinaren gainean jarri gintuzten, gaia hurrengo eguneko Osoko Bilkuran erabaki ahal izateko. Azken urteotan ez bezala, Osoko Bilkuran ez zen hedabiderik izan, ez idatzizkorik ez eta Urola Telebista. Onartutako punturen batek legez kanpokoa izan zitekeelako ohartarazpena zuelako ala?
2.- Aipatutako Osoko Bilkuran proposatu zen Udala Sarralde erosten saiatzea, hartara ez zitzaien utziko putreei eta aprobetxategiei enpresa erosten. Baina, harrigarria hau ere, alkateak jakinarazi zuen herrikoren batek eta beste batzuk Sarralderen enkartean proposamen bat aurkeztu zutela, gaur egungo esleipendunak hobetu zuena. Eta gaineratu zuen berak, alkate moduan, bazuela akordio bat herriko batekin eta beste batzuekin, esleipendun suertatuz gero, Udalari saltzeko erositako prezioan gehi gastuak gehi zentzuzko irabazi batzuekin.
3.- Alkateak oso garbi utzi zuen, berriro ere, aipatutako zonaldea industriala ez izateko bere asmoa.
Hori dela eta, argi utzi nahi dugu:
- Orain arte bezala, EAJ-PNVk uste du zona hori industriala behar duela izan.
- Ez dugu ulertzen Alkatetzatik enkanteetan eskaintza egiten dutenen artean egiten den bereizketa, batzuk putreak eta aprobetxategiak dira, beste batzuk, berriz, ez. Are gutxiago posturagile batzuekin akordioa izatea Udalbatzak eta Bozeramaileen Batzordeak horren berri izan gabe.
- Alkateak berriro ere gutxietsi egin gaitu, izan ere ez dugu batere informaziorik izan garrantzi handiko erabaki baten aurrean. Sarralderen erosketa ez da edozein erosketa, arlo ekonomikoari ezezik, estrategikoari ere ukitzen baitio.
- Horrelako jokaerek parte-hartzea, elkarbizitza, errespetua eta hurbiltzea sustatu beharrean, justu aurkakoa lortzen dute. Udala gutxi batzuen guettoa balitz bezala jokatzen dutenengandik gero eta urrunago gaude.