Jon Balentziaga kazetariak (Zumarraga, 1974) ETB1 kateko Gaur egun albistegietako kirol saioa aurkeztuko du abuztuko asteburuetan, eta igande goizetako Kirolez kirol.
Balentziagak gustura hartu du telebistan euskaraz lan egiteko egin dioten proposamena. «Oso gustura jaso dut eskaintza. Niretzat gauza berria da euskaraz telebistan lan egitea. Komunikazioa gustuko dut, kirol kontuak ere asko gustatzen zaizkit eta oso gogotsu helduko diot erronka berri honi. Ea pixkanaka martxa hartzen dugun».
Zumarragako kazetaria Euskadi irratiko Hiru Erregeen Mahaia irratsaioan Realaren futbol partidak kontatzen entzun izan dugu. Horrez gain, Localia Gipuzkoa telebista katean Tiempo Real gidatu du azken denboraldian, Realari eskainitako saioa. «Localiako Tiempo Real saioa erdara hutsean zen, eta ni ziur nago, nire ama hizkuntza euskara izanda, hizkuntza honetan erosoago moldatuko naizela. Suertatu zaidan eskaintza pizgarria da niretzat», adierazi du Balentziagak.