Euskal familia noble batean jaio zen Legazpi. Juan Martínez Lopez de Legazpi eta Elvira de Gurruchategui izan zituen guraso eta Zumarragako Jauregi etxean jaio zen, historialariek oraindik zehaztu ez dute urte batean, 1502 eta 1505 artean. Legazpik letra ikasketak burutu zituen eta horri esker Zumarragako Udaleko zinegotzi kargua bete zuen 1526an. Urte bat beranduago Areriako alkatetzeko eskribau egin zen eta Mexikora alde egin zuen gero. 20 urte eman zituen bertan.
Mexikoko eskribau eta alkate zenean, Felipe II.ak Andres Urdaneta ordiziarrari Ozeano Barerako espedizioaren ardura eskaini zion eta honek bere osaba Legazpi eskuadra-almirante eta troparen jeneral izendatu zuen. Itsasoratu, eta hurrengo urtean Barbados eta Marianak uharteetara iritsi eta, armarik erabili gabe, lurraldea konkistatzea lortu zuten 1565ean.
Cebu-ra iritsita, uhartearen eta Espainia Berriaren arteko merkataritza sendotzen saiatu zen. Cebuko biztanleek eraso egin zioten eta, babestearren, gotorleku bat eraikiarazi zuen. Inguruko uharteak konkistatuz joan ziren; Luzon uhartea merkataritza-gune garrantzitsua zen; bertakoekin tregua bat sinatu eta Manila hiria fundatu zuen 1571n.
Gainerako uharteak ere bereganatu eta, Felipe II.aren omenez, Filipinak izena eman zien. Konkistatzaile izan bazen ere, bertako jendea errespetu handiz tratatu zuen. Filipinetako gobernadore eta kapitain jenerala izan zen. Administratzaile-lanetan ere nabarmendu zen: merkataritza hobetu eta Txinarekin harremanak ezarri zituen. Pobre hil zen, 1572an, bere biloba itzuli zain, eta sekula ez zitzaion Felipe II.aren Zedula, “Filipinetako Biziarteko Gobernadore eta Kapitain Jeneral” izendatuz emandako hura iritsi.
Gaur egun, Migel Lopez de Legazpik urruneko lur haietan lagatako oroitzapen onari esker, Zumarraga bi hirirekin senidetuta dago, Legazpi (Albay irlan) eta Tagbilaran (Bohol irlan) hiriekin hain zuzen.
Legazpiri buruzko informazio gehiago interneten: