Euskal Kantuzaleen Elkartearen eskutik antolatu izan dira hainbat txapelketa, hauen helburutariko bat euskal abeslarien harrobia ugaltzea eta kantari berriei aurrera jotzeko aukera bat ematea da.
Datorren ostegunean ikusi eta entzuteko aukera izango ditugun bi bikote hauek horien lekuko dira. Txapelketa ezberdinetan parte hartu ondoren jende aurrean kantatzeko sendotasuna eta kalitatea guztiz gainditu dute.
ARRIOLA ahizpak
Idoia eta Idurre Arriola ahizpak dira, mendaroarrak, lehenengoa 27 urtekoa eta bigarrena berriz 19koa. Orain bi urte hasi ziren Gipuzkoako txapelketan parte hartzen eta 2007an, finalean aritu ziren onenen artean, emanaldi bikaina eskainiaz. Idoia gaur egun “LAIOTZ” taldearekin ari da kantari, Idurre berriz Xabier Etxanizekin aritzen da trikitilari bikotekide, hainbat txapelketatan parte hartuz.
Beraiekin batera Xabier Etxaniz musikaria dugu. Aizpurutxoko 19 urteko gaztea. Trikitixa jotzen du. Bikote abeslariarekin ibiltzeaz gain, hainbat trikiti txapelketetan parte hartu ditu, horrela Zaldibarren 4 aldiz irten da garaile eta Zeanurin bi.
Bi ahizpek eta Xabierrek talde polita osatzen dute, beraiek euskal kantagintzako abestiak eskainiko dizkigute. Indarra eta sendotasunez beteriko saioa.
KRISTINA eta LEIRE bikotea
17 eta 16 urteko billabonatarrak ditugu abeslari hauek. Leire gitarrarekin aritzen da laguntzen. Abeslari berriak, oso gazteak, eta kalitatezkoak ere bai. Lehengo urtean animatu ziren Gipuzkoako txapelketan parte hartzera eta zuzen zuzenean finalerako txartela lortu zuten. Beraien ahotsak distira berezia dute, oso ongi moldatzen dira kantatzen dituzten abesti goxoetara.