Roperok atzo arratsaldeko prentsaurrekoan agertu zuenez, alderdi sozialistak ez du hasiera batean emandako hitza bete. Horrek konfiantza galdu arazi dio zinegotziari udal gobernuarekiko.
EB-Berdeak eta PSE-EEek hitzarmena sinatu zuten 2007an. Bertan EBk 2007an Berdintasunerako batzordea zuzentzea eta 2008an Ingurumen batzordearen zuzendaritza hartzea adostu zuten. Lehendabizikoa bete da. Raquel Ropero baita gaur egun batzorde honetako zuzendaria. Bigarrena ez ordea.
Raquel Roperok atzoko prentsaurrekoan adierazi zuenez, urte hasieratik bilerak izan dituzte gaia aztertzeko PSE-EErekin. Antton Arbulurekin hasieran eta Mikel Serranorekin ondoren. Gaiaren inguruan egindako azkeneko bileran Zumarragako alkateak Ingurugiro batzordeko zuzendaritza ukatu ziela argitu du EBak.
Hori izan da udal gobernua uzteko erabaki garrantzitsuenetako bat. Baina badira gehiago ere. Atzo azaldu zutenez, EB-Berdeak alderdia ez da bat etorri PSEek Faustino Orbegozo geriatrikoaren auzia eramateko izan duen moduarekin. Gainera, Antiorako alderdi sozialistak proposatutako “makro proiektuaren” aurka agertu da EB.
Horregatik aurrerantzean oposizioan, modu arduratsuan eta ezkerreko ikuspegi batetik lanean jarraituko dutela adierazi zuen Raquel Roperok.