Azken bolada honetan, ohikoa da telebistan azaltzen diren kirolari ospetsuak kolorezko zinta ugari gorputzean itsatsita dituztela ikustea.
Dagoeneko askok probatuko zenuten teknika hau, baina zer da zehazki? 1980. urtean Kenzo Kase izeneko doktoreak garatu zuen hesgailu edo bendaje terapeutikoa da. Kolorezko esparatrapu zinta elastiko bereziak erabiltzen dira, azalaren ezaugarriak imitatzeko diseinatuak. Teknika honen helburua, lesio neurologikoak eta giharren, artikulazioen eta lotailuen lesioak tratatzea da. Inflamazioak gutxitzeko eta orbainak tratatzeko ere erabiltzen da. Hesgailu horrek duen gauza onenetako bat, soinean itsatsita daramagunean, mugitzeko ahalmena ez dugula galtzen da. Gainera, hiru edo lau egunetan eraman daiteke, ez du latexik, hipoalergenikoa da eta %100 kotoia da. Nahiz eta erabiltzaile gehiengoa kirolaria izan, jakin, haurrek, haurdun dauden emakumeek eta helduek ere erabili dezaketela. Zerbait gehiago jakin nahi baduzu, hesgailu mota honen berri duen fisioterapeuta batengana jotzea da egokiena. Izan ere, bere aplikazioan teknika egokia izatea da garrantzitsuena.
Deiane Perez
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide